Kontseilua: “Hezkuntzan eraiki diren proiektu guztiak blindatzeko garaia heldu da”. Larunbatean denok Hendaiara!

Argazkian, Kontseiluko kideen agerraldia, aurreko batean.


Azken egunotan hezkuntzari lotuta jasaten ari garen erasoaldiaren aurrean determinazioz erantzuteko beharra aldarrikatu nahi du Kontseiluak. Baionako suprefetak Seaskarekiko hartu duen erabakia, Iribasek egin dituen adierazpenak, Wert-en erreforma… hauek guztiek agerian uzten dute hezkuntza sistema propioaren beharra eta Kontseiluak aldarrikatzen duen kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikaren beharra.


Euskararen eta euskarazko hezkuntzaren kontrako erasoak bata bestearen atzetik datoz eta azken egunotan pairatu ditugu bata bestearen atzetik. Baionako suprefetak Seaskaren aurka hartutako erabakiaren aurrean komunitate bezala agertzeko deialdia egin nahi du Kontseiluak eta ildo horretan, larunbatean Hendaian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu nahi ditu euskaraz bizi nahi duten herritar guztiak. Kontseiluak berak ere manifestazioan parte hartuko du.

Kontseiluaren iritziz oso larria da suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari helarazitako agindua; izan ere, hori betez gero, “urteetan herri mugimenduak eta herritarrek ikastoletan egindako lan handia eta ezin hobea, urteetan ilusio handiz garatutako proiektuak apurtzeaz gain, gure hizkuntzari eragingo liokeen kaltea oso handia izango litzateke, euskararen berreskurapen prozesua bera kolokan jartzeraino. Izan ere, ezinbestekoa da normalizazio prozesuan euskaraz irakaskuntzak egiten duen ekarpena. Ipar Euskal Herriaz ari garela, gaur gaurkoz ikastolak dira bakarrak euskara eta euskaraz ikastea bermatzen dutenak eta euskaraz bizitzeko aukera haur-gazteei bermatzen dietenak”, esan du Bilbaok.

Euskal erakunde eta alderdiei eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko eskatu die Kontseiluak,  euskal gizarteak garatu duen sistema blindatzeko eta euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredua babesteko. “Ezin egon gaitezke erasoen mende, ezin dugu aurrera egin Damoclesen ezpata behin eta berriro sama gainean jartzen badigute. Duela hilabete batzuk aski garbi esan genuen kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea bermatu behar zaigula, bestela kanpoko esku-hartzeak eta erabakimenek gure proiektuak baliogabetuko dituztela, eta hemen dugu adibide argia.

Hartara, euskararen marra gorriei beharrezkoa duten zentralitatea emateko garaia heldu dela uste dugu. Eta zentralitateaz gain, beste behin esan behar dugu babesa behar dela, azken hamarkadotan hezkuntzan eraiki diren proiektu guztiak blindatzeko garaia heldu da”, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren esanetan.