Otxarkoagan ez dago umeak D ereduan matrikulatzeko aukerarik

Iturria: Bilboko Branka

Otxarkoaga uharte bat da, euskarazko hezkuntza publikoaren itsasoari oraindik ere aurre egiten dion lur zatia. Atzo ireki zen ume eta gazteak Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatzeko epea eta beste urte batez Otxarkoagan ez dute aukerarik izango euskaraz ikasteko.

Auzo honetan hiru hezkuntza zentro daude; haur eta lehen hezkuntza eskaintzen duten bi eskola publiko, Goya-Lope de Vega eta Artatse; eta bigarren hezkuntza ikasteko itunpeko zentro bat, Otxarkoaga DBH. Eskola publikoetan A ereduan baino ez dute irakasten; bestean, A eta B ereduetan.

Ondorioz, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten gurasoek auzotik kanpoko zentroetara bidali behar dituzte ezinbestean.

Bizkaiko Ikastetxeetako Guraso Elkarteak (BIGE) 2013-2014 ikasturterako eragin eremuak azaltzeko eginiko txostenean azaltzen denez, A ereduan irakasten duten lau eskola publiko daude oraindik Bilbon: Otxarkoagako biak, Miribillako eskola eta Cervantes ikastetxea, Abandon. 350.000 biztanle baino gehiago dituen hiri batean, A ereduko zentroen erdia 11.000 biztanle dituen auzo batean daude.

Bizkaiko zentroak 12 bilgunetan banatuta daude eta era berean, Bilbori dagokiona, 43. bilgunea, zortzi barrutitan bereizita dago: Deustu, Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga, Begoña, Ibaiondo, Abando, Errekalde eta Basurtu-Zorrotza.

Euskara ikasteko laguntzak

Baina Otxarkoagan euskarari loturiko kontuak ez dira soilik hezkuntza publikoaren mundura mugatzen. Izan ere, normalizazio linguistikoa bermatzeko pausuak ematetik urrun, Bilboko Udalak Otxarkoagan euskara ikasten ari ziren 200 ikasle diru-laguntzarik gabe utzi zituen 2011ko urrian.

Bilduk bost urte auzokideak euskalduntzen zeramatzan programa bultzatzeko eskaera helarazi zion Euskara Sailari baina erabakia ez zen aldatu.

Euskaraz bizitzea bermatuko duen hezkuntza ereduaren aldeko hautua egin dezaten dei egin die Kontseiluak gurasoei

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasle berrien ikastetxeetan izena emateko kanpaina zabaldu da gaur eta aurki Nafarroan ere abiatuko da matrikulazio kanpaina. Honen harira, Kontseiluak euren seme-alabak non matrikulatu erabaki behar duten gurasoei, D ereduaren alde egin dezaten deia egin nahi die. Izan ere, gaur gaurkoz eredu horrek soilik bermatzen du ikasleak euskaraz bizitzeko aukera izatea.


Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz, “euskaraz bizitzea da gure helburua eta horretarako ezinbesteko baldintza da herritarrek euskara ezagutzea eta erabiltzea. Euskal herritarrek euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko eskubidea dute eta hori bermatu egin behar zaie”.

Kontseiluak egina du ikasleak euskalduntzeko proposamena, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzenHainbat arduradun politikok egiten duten irakurketa maltzurraren inguruan, “hizkuntza bat eta beste kontrajarriz, euren seme-alaben bizitzan erabaki garrantzitsua hartu behar duten gurasoak ataka zailean jartzen ditu.  Kontseiluaren ustez, uztargarriak dira euskalduntze maila egokia izatea eta beste hizkuntza batzuk ikastea; bai hori bai, irakats hizkuntza euskarak izan behar du”, Bilbaoren iritziz.

Azken urteotan agerian geratu da gaur egun indarrean dauden hezkuntza ereduen artean euskalduntzen duen eredu bakarra D eredua dela eta hortaz, gurasori hori hauta dezaten dei egin die Kontseiluak.  “D eredua da ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ereduari gehien hurbiltzen zaiona”, esan du Bilbaok.

Azken garaian Estatu espainiarreko Hezkuntza Ministeriotik prestatzen ari diren erreformaren harira, Kontseiluak argi du irtenbidea non dagoen eta aurretik azaldu izan duen moduan, garai ezin hobea da hau Kontseiluko hezkuntza sektoreko bazkideen lankidetzarekin osatutako proposamena (arestian aipatutakoa) indarrean jartzeko.

Kontseiluak, D ereduan matrikulatzeko deia eginez egindako espota: Zure aukera