Otxarkoagan ez dago umeak D ereduan matrikulatzeko aukerarik

Iturria: Bilboko Branka

Otxarkoaga uharte bat da, euskarazko hezkuntza publikoaren itsasoari oraindik ere aurre egiten dion lur zatia. Atzo ireki zen ume eta gazteak Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatzeko epea eta beste urte batez Otxarkoagan ez dute aukerarik izango euskaraz ikasteko.

Auzo honetan hiru hezkuntza zentro daude; haur eta lehen hezkuntza eskaintzen duten bi eskola publiko, Goya-Lope de Vega eta Artatse; eta bigarren hezkuntza ikasteko itunpeko zentro bat, Otxarkoaga DBH. Eskola publikoetan A ereduan baino ez dute irakasten; bestean, A eta B ereduetan.

Ondorioz, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten gurasoek auzotik kanpoko zentroetara bidali behar dituzte ezinbestean.

Bizkaiko Ikastetxeetako Guraso Elkarteak (BIGE) 2013-2014 ikasturterako eragin eremuak azaltzeko eginiko txostenean azaltzen denez, A ereduan irakasten duten lau eskola publiko daude oraindik Bilbon: Otxarkoagako biak, Miribillako eskola eta Cervantes ikastetxea, Abandon. 350.000 biztanle baino gehiago dituen hiri batean, A ereduko zentroen erdia 11.000 biztanle dituen auzo batean daude.

Bizkaiko zentroak 12 bilgunetan banatuta daude eta era berean, Bilbori dagokiona, 43. bilgunea, zortzi barrutitan bereizita dago: Deustu, Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga, BegoƱa, Ibaiondo, Abando, Errekalde eta Basurtu-Zorrotza.

Euskara ikasteko laguntzak

Baina Otxarkoagan euskarari loturiko kontuak ez dira soilik hezkuntza publikoaren mundura mugatzen. Izan ere, normalizazio linguistikoa bermatzeko pausuak ematetik urrun, Bilboko Udalak Otxarkoagan euskara ikasten ari ziren 200 ikasle diru-laguntzarik gabe utzi zituen 2011ko urrian.

Bilduk bost urte auzokideak euskalduntzen zeramatzan programa bultzatzeko eskaera helarazi zion Euskara Sailari baina erabakia ez zen aldatu.

Leave a Reply

*