Badatoz Inauteriak!

From 2012ko Inauteriak

Argazkian, iaz lorazainez joan ginen Hau Pittu Hauko kideok. Aurten, ezetz asmatu!

Igandean Pontxe eta Tostada Lehiaketa egin bazen ere, bihar, osteguna, Inauteriei. Bilboko Konpartsek prestatutako egitarauaren barruan, Farolin eta Zaranbolasen epaiketarekin ondoren, txorizo banaketa egingo da Plaza Barrian. 20:30ak aldera, Trapu Zaharrek kalejira abiatuko dute Zazpi Kaleetan barrena.

Ostiralean, hilak 8, umeen desfilearen ostean, 12:30ean, txokolatada egongo da Plaza Barrian eta 20:00etan Bilbo Kantarik edizio berri bat eskainiko du.

Larunbatean, arratsaldeko 18:00etan konpartsen desfilea abiatuko da Plaza Biribiletik eta, udaletxera heltzean, Azkuna alkateak omenaldia jasoko du. 21:00etatik 21:30era sari banaketa egingo da Plaza Barrian.

Igandean, 09:00etan, indaba lehiaketa egingo dute Plaza Barrian eta, asteartean, hilaren 12an, sardinaren ehorzketak bukaera emango die Aratusteei 19:30etatik aurrera.

Baina, Bilboko Konpartsakek antolatutaklo inauteriez gain, auzoek ere euren egitaraua prestatu dute.

Arangoiti

Egun bakarrekoak izango dira Arangoitiko Txapel Inauteriak. Otsailaren 9an, eguerdiko 12etan, emango zaie hasiera trikitixa eta txalaparta doinuekin. 13:00etatik 14:00etara, Egileor plazan mozorro lehiaketa burutuko da. 14:30ean putxeren topaketaren txanda izango da parkean eta 15:00etan, indabak dastatzeari ekingo diote. Arratsaldeari begira, 17:00etan, mozorro lehiaketako sariak banatuko dira. 17:30ean, antzerki laburra eskainiko dute “Arangoitiko metro sarbide berriaren inaugurazioa antzeztuz”. Eta 18:00etatik 19:00etara, Goiri batukadaren laguntzaz koadrilek kalejira egingo dute auzoan zehar.

Buia

Buiako Auzokide Elkarteak mozorro lehiaketa eta dantzaldia antolatu ditu otsailaren 9an, larunbata, auzoko udaltegian. 19:30ean hasi eta gaueko 22:30ean bukatuko da eta auzokide guztiei disko festan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.

Abusu

Otsailaren 8an egitarau zabala eskainiko dute Abusuko Inauterietan. Hilaren 8an, ostirala, 17:30ean, aratusteei hasiera emango zaie Ibaizabal zelaian eta bertan, tailerrak, musika eta puzgarriak egongo dira. 18:00etan, Disparate konpainiak antzerkia eskainiko du. 19:00etan, mozorro lehiaketari ekingo diote eta 19:30ean, Bolintxurekin batukada egongo da auzoan zehar eta ogi-txigortuaren dastaketa. 20:00etatik aurrera, Errerre txarangak auzoa alaituko du eta 23:00etan inauteriei amaiera emango zaie. Aipatzekoa da ere Meatza elkartean inauteri jaia egingo dela eta gaia ere zehaztu dutela. Aurten, Ali Baba eta 40 lapurren inguruan mozorrotu beharko dute hurbiltzen diren lagunek.

Santutxu

Otsailaren 14an, osteguna, helduko dira Inauteriak Santutxura. Egun horretan, Ximelgorria aisialdi taldeak inauterietako ekintzak eskainiko ditu Karmelo plazan goizeko 10:00etatik arratsaldeko 17:00etara. Hilaren 15ean, ostirala, 17:30ean Txoro eta Mokoko pailazoak ikusteko aukera egongo da Karmelon; eta 19:30etik aurrera albokariak ibiliko dira auzoan zehar. Larunbatean, Gaztedi dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du auzoko hainbat txokotan 19:30ean.

Bukatzeko, desfilea igandean, hilaren 17an izango da, 12:00etan. Santutxu kaletik hasiko da eta auzoa zeharkatuko du. Hori gutxi balitz, 18:00etan, Arsuaga plazan DJ batek giroa alaituko du.

Zorrotza

Auzo honetako inauteriak otsailaren 15ean hasiko dira. Egun horretan, 21:00etan, Sunk Itii funky-jazz taldearen kontzertua egongo da Alboka tabernan. Larunbatean, hilaren 16an, 16:45ean, inauterietako jaitsieran izena emateko epea zabalduko da Zorrotzagana plazan eta 17:30ean, aratusteetako jaitsiera abiatuko dute plaza beretik Txinbotarrak eta Zorrotzako Jai Batzordearen animazioarekin. Ondoren, 18:45ean, taberna eta denden VIII. Mozorro lehiaketaren sari banaketa egingo da. 19:00etan, Azoka parkean desfileko sari banaketa burutuko dute eta bukatzeko, 19:30ean, txokolate jana egongo da.

Hau Pittu Hauk bigarren zaria lortu du kremazko tostaden lehiaketan!

Gaur, otsailaren 3an, domeka, Bilboko Konpartsek antolatuta eta eguraldi eskasari aurre eginez II Pontxe eta Tostada Lehiaketa egin da Plaza Berrian, 2013ko Aratusteen programazioaren barnean. Pontxe, kremazko tostada eta ogizko tostada kategorietan parte hartu du Hau Pittu Hauk eta kremazkoetan bigarren saria eskuratu. Zorionak danoi!

Tostada lehiaketari dagokionez, aurtengo parte-hartzaileak 38 izan dira. Eta saridunak hauek izan dira:

Herrikoien kategorian:

– Kremazko tostadak:

1. saria: Txori Barrote
2. saria: Hau Pittu Hau
3. saria: Txori bi

– Ogizko tostadak:

1. saria: Moskotarrak
2. saria: Asociacion mujeres gitanas Sim Eromi
3. Saria: Aixe Berri

Ostalaritzaren kategorian:

– Kremazko tostadak: ez dira aurkeztu.

– Ogizko tostadak:

1. saria: Bar Fermin
2. saria: Negresko
3. saria: Bar Naikari

Pontxe lehiaketari dagokionez, aurtengo parte-hartzaileak 9 izan dira. Eta saridunak hauek izan dira:

Herrikoien kategorian:

1. saria: Aixe Berri
2. saria: Pa Ya 1
3. saria: Askapeña

Ostalaritzaren kategorian: ez dira aurkeztu

Bilboko hotza eta kazkabarrari aurre egiteko formularik onena tostadak eta pontxea hartzea dela ziurtatu dezakegu!

On egin!

 

Argazkietan, parte hartzaile guztien pontxe eta tostadak, gehi guk aurkeztutakoak.

Bihar izango da Pontxe eta Tostada Lehiaketa

Gogoratzen dizuegu Bilboko Plaza Berrian 2013 Inauterien programazioaren barnean, igande honetan, otsailaren 3an, eguerdiko 12etan Pontxe eta Tostada Lehiaketa egongo dela. Etxetik eraman behar dira bai pontxeak, bai tostadak. Eta aurtengo Farolin den Manu Iturregi zuzenean pontxe berezi  bat prestatuko digu bertan. Bilboko Konpartsek parte hartzeko deialdia zabaltzeko eskatzen dizuete.

Eskerrik asko.

Azkunaren oztopoen gainetik alternatibak eraikitzen jarraitzera deitu du Kaskagorrik

Iturria: Bilboko Branka

Iñaki Azkuna alkateak konpartsei beste behin Aratusteetako desfilea Kale Nagusitik egitea eragotzi izana kritikatu du Kaskagorrik eta azken eraso honen aurrean Bilboko gazteek “alternatibak eraikitzen” jarraituko dutela ohartarazi du.

Gazte konpartsaren esanetan, “munduko alkate harroputz, diruzale eta jauntxoena” izan arren alternatiba eraikitzen jarraituko dute gazteriarik gabeko herria tristea balitz are tristeagoa bailitzateke, diotenez, gazteriarik gabeko jai herrikoiak. Horregatik, Bilboko Inauteri herrikoiak ilusio eta alaitasunez margoztuko dituztela iragarri dute.

Kaskagorrik bideoa zabaldu du Azkunaren erabakia gaitzesteko. Grabazioko protagonistek diotenez, konpartsak “etengabe elkarlanerako besoak zabalik” dituzten arren alkateak ez ditu kontuan hartzen, “jaiak aberats eta turistentzako baino ez dituelako nahi”.

Pontxe eta tostaden lehiaketa

Bilboko Konpartsek, Bilboko hiritar eta bilauak, otsailaren 3an eguerdiko 12etan egingo den hirugarren pontxe eta tostada txapelketan parte hartzera gonbidatzen dituzte. Bertara jangarriak etxetik eginda eraman behar direlarik. Txapelketa hau profesionalentzat zein herritarrentzat irekia da, kontuan izanda profesionalek aldez aurretik apuntatu behar direla horretarako 2 modu daude:

Bilboko Konpartsek bazekiten

IMG_2399

“The City Mayors Foundation” fundazioak iragarri du, Berorren Udal Gorentasuna, Iñaki Azkuna Jauna (hemendik aurrera BUG) Munduko Alkaterik onena dela. Hori sorpresa!

Ondorio honetara ailegatzeko luze ibili dira eztabaidan eta are lotsagarriagoa dena, BUG beste Munduko Alkateekin alderatzen ibili dira! Gauza guztiz zentzugabea dena, Begoñako Ama errekako itsas-arratoiekin alderatzea bezain zentzugabea.

Bilboko Konpartsok, bilbotar guztiek bezalaxe, bagenekien BUG Munduko Alkaterik onena dela. Mundukoa, Eguzki-Sistemakoa, Galaxiakoa eta, hortaz, Unibertsokoa. Eta ez soilik Alkaterik onena, baizik eta pertsonarik onena, dotoreena, txireneena, eskuzabalena, apalena eta ederrena ere. Eta honaino helduko gara, zeren jakin badakigu BUGek ez duela koipetua izatea batere gustuko eta ez dugu nahi “tiralevitas” batzuk garela entzutea.

Gaur guztiz bilbotarra eta adierazgarria den Arte Eder Museoan elkartu gara Bilboko Konpartsen inauterietarako programazioa ezagutarazteko. Zuek asmatutako polemika batez markatutako programazioa izango da, bai, zuek prentsa “canallesca” delakoaren parte zareten neskato eta mutilkoak.

Zuen berriketa-lekuetan BUGek Gran Viatik desfilatzea debekatu egin digula eta horregatik guztiz atsekabeturik gaudela esan egin da, baina bai zera! Bilboko Konpartsetan jakin badakigu BUGentzat bere seme-alabak bezalakoak garela. Izan ere, ziur gaude elkarrizketaren batean BUGri hauxe esaten entzun zaiola: Konpartseroak piiiiiiii kumeak dira!! (ez dugu esaldi osoa entzun baian ziur gaude “gure kumeak” esan duela).

Gauza da, hain Aita ona izanda, eta Bilboko Inauterietan beti izaten dugun eguraldi eskasa kontuan hartuta, BUGek desfilearen ibilbidea laburragoa egiteko aukera oparitu egiten digula katarroa ez harrapatzeko. Beste aldetik, jakin izan dugu, Gran Viatik desfilatzen tematzen baginen, Udaltzain multzo batzuk bidaltzeko prest zegoela, gu guztiok berotzeko eta horrela burutuk beherakoak ekiditzeko. Horrenbesteko paternalismoak txunditu egiten gaitu.

Bilboko Konpartsok inauteri hauek, BUGentzako merezitako omenaldi eder bat bihurtzea erabaki dugu. Gaur, Arte Ederretako Museoari egindako kuadro honen dohaitzarekin hasiko dugu omenaldia. Kuadro honek, BUGen pertsonalitatea ezin hobeto jasotzen du, eta pinakotekaren lehentasunezko lekuan ikusgai egotea merezi du, bilbotar eta bisitarien gozamenerako.

Hemen gurekin dugun durangotar, eta berez BUGen herrikidea den Mikel Aingeru Buonarrotti pintore ospetsuak egindako oleo bat da.

Koadroan BUG langile eta umil ikus dezakegu, txikitzen gaituen krisiagatik guztiz arduratua. Ia ezkutaturik Alkatearen Makila ikus dezakegu eskuan, lotsati gordetzen saiatzen bada ere. Berdin Legioaren Jaun Ohorezko Gurutzearekin, erreparatzen ez duenarentzat ia sumagaitza dena. Bere aurpegia inauterietako mozorro baten atzean ezkutatzen da, berak protagonista izateko ez duen gogoa eta benetan duen jai eta inauterietarako gogoaren adierazle.

Bilboko Konpartsok BUGeri eskeiniko diogun omenaldi eder eta erraldoiaren aurrerapen txiki bat baino ez da gaurkoa. Datorren otsailaren 9ko desfilean egingo duguna ezusteko berezi eta handia izango da, bertara hurbilduko diren lagun guztiak aho bete hortz uzteko ahalegin guztiak egingo ditugu. Egoki da eta zuzen eta, batez ere ahanztezina izango da.

Pontxe eta tostaden bigarren edizioarekin hasiko gara, Inauterien aurreko domekan izango da Plaza Barrian eguerdiko 12:00etan.

Eta inauterietako datetan sartuta, otsailaren 7an osteguna, Plaza Barrian Farolin eta Zarambolasen epaiketa eta gero txorizo banaketa egingo dugu eta 20:30 aldera Alde Zaharrean zehar Trapu Zaharrak kalejirari hasiera emango diogu. Kalejira honetarako trapu zaharrez betetako kutxa batzuk izango ditugu nahi duen guztia mozorratuta joateko.

Eta iragarri bezala otsailaren 9an, larunbata arratsaldeko 6etan Desfilea egingo dugu (ez ahaztu gure omenaldirako sorpresa!) Plaza Zirkularretik abiatuta Buenos Aires kalea zeharkatu Udaletxeraino, hortxe desfilearen epaileak egongo dira balorazioa egiteko eta gerora banatuko diren sariak aukeratzeko, eta hortik Arriagaraino joango da desfilea. Sari banaketa gaueko 21:00ak edo 21:30 aldera izango da Plaza Barrian.

Domekan, otsailaren 10an, berriro Plaza Barria berreskuratzen dugu Indaben Lehiaketarako. Goizeko 9:00etan hasi egingo dena eta izena ematea doakoa izango da.

Eta amaitzeko Sardinaren ehorzketan Bilbo osoa parte hartzeko deia egiten dugu, arratsaldeko 19:30ak aldera Plaza Barritik Arriagaraino joango da. Bertan sardina erretzen ikusiko dugu eta inauterien amaiera izango da.

Herriaren parte-hartzearekin eta gure omenaldi sentikorraren bitartez benetan BUGen eta berak jasotako sari ospetsuaren neurrira egotea bihotz bihotzez desiatzen ari gara.

Abian da 2013ko Aratustetarako kartelen lehiaketa

2013ko Aratuste Jaietako Batzordeak lehiaketa antolatu du jaiok iragarriko dituen kartela aukeratzeko. Lanok aurkezteko azken eguna abenduaren 12a izango da, 13:00etara arte; eta lekua, Jaietako Saila (Venezuela enparantza 2. 5. 48001 Bilbo). Aurtengo Aratusteak otsailaren 7tik 12ra izango dira.

Informazio gehiago: Oinarriak (pdf formatuan – 1 MB)

Txoko Enkartado taldeak lortu du indaba lehiaketako lehenengo saria

carnaval190210129261

Testua: © Bilboko Branka / Argazkia: © Bilboko Konpartsak

2011ko edizioan Udalak Bilboko Konpartsak antolatutako putxera lehiaketa debekatu bazuen ere, aurten Areatzan jarritako karpa batean egiteko aukera izan dute. Indabak izan dira osagarri nagusia, baina osagaiak mugatuak zituzten. Besteak beste, Tolosako babarrunak, beltzak edo pikartak erabili behar ziren, baita patatak, berdurak (piper txorizeroa barne), urdaia eta txorizoa ere. 16 taldek parte hartu zuten doako norgehiagokan.

Goizeko 09:00etan lehenengo taldeak agertu ziren lehiaketan izena ematera eta goiz osoan zehar jendarteari begira sukaldatzen ibili ziren, etxetik sukaldatutako zeozer eramateak deskalifikazioa suposatzen baitzuen. 13:00ak eta 13:15 bitartean indabak aurkeztu eta epaileek horiek dastatu zituzten. Bukatzeko sari banaketa 13:45ean izan zen.

Valle Villaverdeko Txoko Enkartado taldeak lortu zuen lehenengo postua eta ondorioz, garaikurra eta 120 euro eskuratu zituzten. Bigarren saria Bilboko Txoko Eder taldeari eman zioten eta horrekin batera garaikurra eta 110 euro. Bukatzeko hirugarren saria Barakaldoko Txoko Muzkiz taldearentzat izan zen eta horiei garaikurra eta 100 euro banatu zizkieten. Gainontzeko parte hartzaileek garaikurra eta 75 euro eskuratu zituzten.

Larunbateko Inauteri Eguna, ederra!

From 2012ko Inauteriak

Argazkia: © Bilboko Konpartsak

“25 urte euskarari bedar txarrak kentzen” leloa aitzakiatzat hartuz, lorazainez mozorrotuta abiatu ginen Hau Pittu Hau-kook, eguerdiko 12:30ak aldera, pegada-musika-poteoa egiteko asmoz. Tabernaz taberna abiatu artean, 25 urteurreneko muralez jantzi genituen Zazpi Kaleetako hainbat horma. Karrotxoaren musika topera, zintzurrak bustitzera joan ginen ondoren. Hala ere, agudo heldu zitzaigun bazkaltzeko ordua: egoitzara igo eta bakoitzak etxetik ekarritakoaz, “tupper” bazkari gozoa egin genuen. Arratsaldeko 5:30ak iritsita berriro ere parrandarako prestatzera! Hala ere, aurretik “erronka gogorra” geneukan: Hau Pittu Jaula egoitzaren atetik atera behar genuen eta ez zuen ematen lan erraza izango zenik. Guztion pozerako, ordea, espero baino esfortzu txikiagoa suposatu zuen. Berriro ere Zazpi Kaleetara helduta, Galdakaoko batukadari kalez kale laguntzea egokitu zitzaigun. Unamunotik abiatu, Iturribidetik gora eta behera, Rondan sartu… azkenean Lasai taberna ondoan topatu genituen Eguzkizaleak konpartsako kideak, abesteko gogo handiz. Lorez jantzita kanta bat baino gehiago interpretatu zuten Eguzkizaleetako loreek, besteok koruak egin artean. Hau Pittu Jaula zeharo arrakastatsua! Hala ere, heldu zitzaion etxeratzeko ordua. Gaueko 10ak aldera, egitura egoitzara igo —bidetik kalejiratxoa eginda— eta, mokadutxoa hartuta, berriro ere parrandan jarraitzera!

 

Larunbatean ateratako argazkietako batzuk. Laster gehiago!

Bilboko Konpartsak: Inauteriet​ako larunbatek​o programazi​oa

“Azkuna erregina absolutistaren herrialde harrigarritik” Bilboko herriari jakinarazi nahi diegu larunbateko egitaraua gehiago zehazte aldera konpartserook nondik ibiliko garen eta ze fanfarrea, batukada eta talde egongo diren gurekin:

  • 12:00 Albokariak – Bilbitik
  • 12:30 Erraldoiak – Arenaletik
  • 12:30 Txistulariak – La Bolsatik
  • 13:00 Turutarra fanfarrea – Atxuritik
  • 13:30 Mamikiren batukada – Pilota kaletik
  • 17:30 Ustekabe fanfarrea – Santiagotik
  • 18:00 Galdakaoko batukada – Unamunotik
  • 18:30 Ardoa barrura – Bilbitik
  • 19:00 Tiago samba – San Nikolasetik
  • 19:30 Dunbots – Atxuritik
  • 20:00 Koblakari – La Bolsatik
  • 20:30 Animazio taldea

Guzti honi konpartsa bakoitzak egingo duen plana gehituko diogu.

Gogoratu: Azkuna Erregina panpoxa, absolutua eta tiranoa eta Garizuma Anderearen amoranteen segizioak jaia moooooooztu ez diezagutela…

Larunbatean jaia eta parranda!

Gora Inauteri herrikoiak!