Larunbateko Inauteri Eguna, ederra!

From 2012ko Inauteriak

Argazkia: © Bilboko Konpartsak

“25 urte euskarari bedar txarrak kentzen” leloa aitzakiatzat hartuz, lorazainez mozorrotuta abiatu ginen Hau Pittu Hau-kook, eguerdiko 12:30ak aldera, pegada-musika-poteoa egiteko asmoz. Tabernaz taberna abiatu artean, 25 urteurreneko muralez jantzi genituen Zazpi Kaleetako hainbat horma. Karrotxoaren musika topera, zintzurrak bustitzera joan ginen ondoren. Hala ere, agudo heldu zitzaigun bazkaltzeko ordua: egoitzara igo eta bakoitzak etxetik ekarritakoaz, “tupper” bazkari gozoa egin genuen. Arratsaldeko 5:30ak iritsita berriro ere parrandarako prestatzera! Hala ere, aurretik “erronka gogorra” geneukan: Hau Pittu Jaula egoitzaren atetik atera behar genuen eta ez zuen ematen lan erraza izango zenik. Guztion pozerako, ordea, espero baino esfortzu txikiagoa suposatu zuen. Berriro ere Zazpi Kaleetara helduta, Galdakaoko batukadari kalez kale laguntzea egokitu zitzaigun. Unamunotik abiatu, Iturribidetik gora eta behera, Rondan sartu… azkenean Lasai taberna ondoan topatu genituen Eguzkizaleak konpartsako kideak, abesteko gogo handiz. Lorez jantzita kanta bat baino gehiago interpretatu zuten Eguzkizaleetako loreek, besteok koruak egin artean. Hau Pittu Jaula zeharo arrakastatsua! Hala ere, heldu zitzaion etxeratzeko ordua. Gaueko 10ak aldera, egitura egoitzara igo —bidetik kalejiratxoa eginda— eta, mokadutxoa hartuta, berriro ere parrandan jarraitzera!

 

Larunbatean ateratako argazkietako batzuk. Laster gehiago!