Badatoz Inauteriak!

From 2012ko Inauteriak

Argazkian, iaz lorazainez joan ginen Hau Pittu Hauko kideok. Aurten, ezetz asmatu!

Igandean Pontxe eta Tostada Lehiaketa egin bazen ere, bihar, osteguna, Inauteriei. Bilboko Konpartsek prestatutako egitarauaren barruan, Farolin eta Zaranbolasen epaiketarekin ondoren, txorizo banaketa egingo da Plaza Barrian. 20:30ak aldera, Trapu Zaharrek kalejira abiatuko dute Zazpi Kaleetan barrena.

Ostiralean, hilak 8, umeen desfilearen ostean, 12:30ean, txokolatada egongo da Plaza Barrian eta 20:00etan Bilbo Kantarik edizio berri bat eskainiko du.

Larunbatean, arratsaldeko 18:00etan konpartsen desfilea abiatuko da Plaza Biribiletik eta, udaletxera heltzean, Azkuna alkateak omenaldia jasoko du. 21:00etatik 21:30era sari banaketa egingo da Plaza Barrian.

Igandean, 09:00etan, indaba lehiaketa egingo dute Plaza Barrian eta, asteartean, hilaren 12an, sardinaren ehorzketak bukaera emango die Aratusteei 19:30etatik aurrera.

Baina, Bilboko Konpartsakek antolatutaklo inauteriez gain, auzoek ere euren egitaraua prestatu dute.

Arangoiti

Egun bakarrekoak izango dira Arangoitiko Txapel Inauteriak. Otsailaren 9an, eguerdiko 12etan, emango zaie hasiera trikitixa eta txalaparta doinuekin. 13:00etatik 14:00etara, Egileor plazan mozorro lehiaketa burutuko da. 14:30ean putxeren topaketaren txanda izango da parkean eta 15:00etan, indabak dastatzeari ekingo diote. Arratsaldeari begira, 17:00etan, mozorro lehiaketako sariak banatuko dira. 17:30ean, antzerki laburra eskainiko dute “Arangoitiko metro sarbide berriaren inaugurazioa antzeztuz”. Eta 18:00etatik 19:00etara, Goiri batukadaren laguntzaz koadrilek kalejira egingo dute auzoan zehar.

Buia

Buiako Auzokide Elkarteak mozorro lehiaketa eta dantzaldia antolatu ditu otsailaren 9an, larunbata, auzoko udaltegian. 19:30ean hasi eta gaueko 22:30ean bukatuko da eta auzokide guztiei disko festan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.

Abusu

Otsailaren 8an egitarau zabala eskainiko dute Abusuko Inauterietan. Hilaren 8an, ostirala, 17:30ean, aratusteei hasiera emango zaie Ibaizabal zelaian eta bertan, tailerrak, musika eta puzgarriak egongo dira. 18:00etan, Disparate konpainiak antzerkia eskainiko du. 19:00etan, mozorro lehiaketari ekingo diote eta 19:30ean, Bolintxurekin batukada egongo da auzoan zehar eta ogi-txigortuaren dastaketa. 20:00etatik aurrera, Errerre txarangak auzoa alaituko du eta 23:00etan inauteriei amaiera emango zaie. Aipatzekoa da ere Meatza elkartean inauteri jaia egingo dela eta gaia ere zehaztu dutela. Aurten, Ali Baba eta 40 lapurren inguruan mozorrotu beharko dute hurbiltzen diren lagunek.

Santutxu

Otsailaren 14an, osteguna, helduko dira Inauteriak Santutxura. Egun horretan, Ximelgorria aisialdi taldeak inauterietako ekintzak eskainiko ditu Karmelo plazan goizeko 10:00etatik arratsaldeko 17:00etara. Hilaren 15ean, ostirala, 17:30ean Txoro eta Mokoko pailazoak ikusteko aukera egongo da Karmelon; eta 19:30etik aurrera albokariak ibiliko dira auzoan zehar. Larunbatean, Gaztedi dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du auzoko hainbat txokotan 19:30ean.

Bukatzeko, desfilea igandean, hilaren 17an izango da, 12:00etan. Santutxu kaletik hasiko da eta auzoa zeharkatuko du. Hori gutxi balitz, 18:00etan, Arsuaga plazan DJ batek giroa alaituko du.

Zorrotza

Auzo honetako inauteriak otsailaren 15ean hasiko dira. Egun horretan, 21:00etan, Sunk Itii funky-jazz taldearen kontzertua egongo da Alboka tabernan. Larunbatean, hilaren 16an, 16:45ean, inauterietako jaitsieran izena emateko epea zabalduko da Zorrotzagana plazan eta 17:30ean, aratusteetako jaitsiera abiatuko dute plaza beretik Txinbotarrak eta Zorrotzako Jai Batzordearen animazioarekin. Ondoren, 18:45ean, taberna eta denden VIII. Mozorro lehiaketaren sari banaketa egingo da. 19:00etan, Azoka parkean desfileko sari banaketa burutuko dute eta bukatzeko, 19:30ean, txokolate jana egongo da.

Leave a Reply

*