Txoko Enkartado taldeak lortu du indaba lehiaketako lehenengo saria

carnaval190210129261

Testua: © Bilboko Branka / Argazkia: © Bilboko Konpartsak

2011ko edizioan Udalak Bilboko Konpartsak antolatutako putxera lehiaketa debekatu bazuen ere, aurten Areatzan jarritako karpa batean egiteko aukera izan dute. Indabak izan dira osagarri nagusia, baina osagaiak mugatuak zituzten. Besteak beste, Tolosako babarrunak, beltzak edo pikartak erabili behar ziren, baita patatak, berdurak (piper txorizeroa barne), urdaia eta txorizoa ere. 16 taldek parte hartu zuten doako norgehiagokan.

Goizeko 09:00etan lehenengo taldeak agertu ziren lehiaketan izena ematera eta goiz osoan zehar jendarteari begira sukaldatzen ibili ziren, etxetik sukaldatutako zeozer eramateak deskalifikazioa suposatzen baitzuen. 13:00ak eta 13:15 bitartean indabak aurkeztu eta epaileek horiek dastatu zituzten. Bukatzeko sari banaketa 13:45ean izan zen.

Valle Villaverdeko Txoko Enkartado taldeak lortu zuen lehenengo postua eta ondorioz, garaikurra eta 120 euro eskuratu zituzten. Bigarren saria Bilboko Txoko Eder taldeari eman zioten eta horrekin batera garaikurra eta 110 euro. Bukatzeko hirugarren saria Barakaldoko Txoko Muzkiz taldearentzat izan zen eta horiei garaikurra eta 100 euro banatu zizkieten. Gainontzeko parte hartzaileek garaikurra eta 75 euro eskuratu zituzten.