Euskaraz Bizi Eguna martxoaren 17an egingo da Donostian

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak Euskaraz Bizi Eguna antolatu du Donostian martxoaren 17rako. Atzo eman zuten egitarauaren berri; goizetik hasita, txupinazoa, jolasak, pailazoak eta bazkaria antolatu dituzte, besteak beste. Ekitaldi nagusia “Euskalduna naiz eta harro nago” lelopean Bulebarretik irtengo den manifestazio nazionala izango da.

Manifestazioari eta Euskaraz Bizi Egunari babesa adierazteko kanpaina abiatu du EHEk Euskalherrianeuskaraz.org webgune berrituan. Bertan, atxikimendua emateko aukera jarri dute.

Euskal Herrian Euskaraz: Euskaraz Bizi Eguneko egitaraua aurkeztu du EHEk

Sarean da “Euskaltzale!” aldizkariaren 73. alea

Euskaraz Bizi Eguna, mintzalagunak, AEK, Txillardegi… Euskal Herrian Euskarazen (EHE) aldizkariaren 73. alean.

Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu du EHEk

null

Argazkian, Unai Larreategi, Igone Lamarain eta Jexux Arrizabalaga atzo, EBEren aurkezpenean.

 

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik heldu den martxoaren 17an Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu nahi dizuegu.

Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna.

Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten hirugarrenez antolatu dugun ekimenak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, iaz Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Etxarri-Aranatz eta Gernika-Lumo izan dira beraz, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho azken urteotan.

Alta, iazko otsailean ‘Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!’ lelopean Donostian bertan egin genuen manifestazioan landatutako hazia ereinez, aurten urrats bat harago joan eta Donostiara ekarri nahi izan dugu jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoa. Harrotasunez baina harrokeriarik gabe, noski, euskaraz bizi nahi duen herriari merezitako leihoa eskaini nahi izan diogu, eta Donostian, Txillardegi zenaren bizilekuan bertan topatu dugu.

Euskaraz Bizi Eguna besoetan hartuko duen lehen hiriburua leku berezia denik ezin ukatu beraz. Baina ez da egun hau berezi egingo duen elementu bakarra. Testuinguru politiko berezia bizi dugu azkenaldian, eta ezin diogu horri bizkarrik eman. Eta zergatik diogu hau? Bada, euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugulako egoera oker hau irauli nahi dugunok. Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu datozen garaietan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz. Bakoitzak beretik eta komunitate moduan iraultzarako garaia da orain datorkiguna, gure etorkizunerako erabakiorrak diren garaiak datoz, eta euskaldunok asmatzera behartuta gaude. Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da. Estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu independentistoi; ez baita horrela izan. Eta Estatu zapaltzaileen aurrean zer aldarrikatzea dagokigu? Posibilismoan jokatzeko edota aldaketa estrategikoen alde egiteko garaiak dira? Gure ustez, bigarren aukera da egokia.

Euskara eta politika ez direla batu behar diotenen aurrean, euskarak politikak behar dituela aldarrikatzen dugu guk. Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu. Euskarari lehentasuna emango dion legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da gure iritziz. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere. Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa.

Nazio Manifestazioa: Euskalduna naiz eta harro nago!!

Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Egunak. Esan bezala, jaia eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi dugu martxoaren 17an.

Eguna jai giroan pasatzeko, Alde Zaharrean zehar kokatuko den egitarau zabala prestatu dugu: 11(2),00etatik aurrera erakusketak, kale animazioa, haurrentzako ikuskizunak, puzgarriak, tailerrak, euskalgintzaren azoka, ehunka pertsonentzako herri bazkaria, dantzaldi eta kantaldiak, txarangak eta abar egongo dira. Egun osoko egitarauak gauez ere izango du segida, kontzertuetan. Otsail erdialdean egingo dugun Euskaraz Bizi Egunaren aurkezpen ekitaldian emango ditugu jakitera, dena den, zehaztapen guztiak.

Aldarrikapenak baina, tarte nabarmenena izango du egitarauan: “Euskalduna naiz eta harro nago!” lelopean Nazio Manifestazioa egingo dugu, bulebarretik abiatuta. Ez da nolanahiko manifestazioa izango, musikak, koloreek eta euskaldun izatearen harrotasuna adierazteko ikurrek -eta batez ere harrotasun hori sentitzen duten parte-hartzaileek- protagonismo berezia izango baitute mobilizazioaren baitan.

Datozen asteotan, manifestazioari begira atxikimenduak biltzeko kanpaina eramango dugu aurrera. Horretarako, herriz herriko harreman-dinamika abiatzeaz gain, www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean norbere konpromisoa agertzeko aukera izango da.

Agerraldi honen bitartez dei egiten diegu euskaltzale guztiei martxoaren 17an Donostiara joan eta Euskaraz Bizi egunean zein ‘Euskalduna naiz eta harro nago!’ Nazio Manifestazioan parte har dezaten.

Euskaraz bizi!

Euskal Herri euskalduna eraiki!

Euskal Herrian Euskaraz

Donostian, 2012ko urtarrilaren 24an

“Ezabatu eta euskaraz bizi” egitasmoa

Ezabaketa Eguna bezala hasi eta urte luzez Ezabaketa Astea moduan jarraitu duen ekimena atzean utzita “Ezabatu eta euskaraz bizi” egitasmoa aurkeztu zuen atzo EHEk Iruñean. Euskal Herriko paisaia linguistikoak erabat arrotza izaten jarraitzen duen honetan, gaurtik aurrera herri euskaldunak bizi duen zapalkuntzaren mugak azaleratu, hizkuntza paisaia irauli eta berau kolorez zipriztintzeko deia egin die herri mugimenduko eragileak euskaltzaleei.

“Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimena abiatuko du bihar EHEk

ehe-ezabaketa-astea-aurkezpena

Argazkian, EHEren gaurko agerraldia Iruñean / © EHE.

Ezabaketa Eguna bezala hasi eta urte luzez Ezabaketa Astea moduan jarraitu duen ekimena atzean utzita “Ezabatu eta euskaraz bizi” egitasmoa aurkeztu du gaur EHEk Iruñean. Euskal Herriko paisaia linguistikoak erabat arrotza izaten jarraitzen duen honetan, herri euskaldunak bizi duen zapalkuntzaren mugak azaleratu, hizkuntza paisaia irauli eta berau kolorez zipriztintzeko deia egin die herri mugimenduko eragileak euskaltzaleei.

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) zabaldutako oharra:

Azkeneko asteetan gatazka politiko eta armatuaren konponbidearen inguruko iritzi asko entzun ditugu Euskal Herrian. Baina oso iritzi gutxi, edo bat bera ere, gatazka politikoak herri honen izaera eta biziraupenari eragindako ondorioetaz, gatazka politikoak eta asimilazio prozesuak herri euskaldunari eragindakoaz.

Gatazka politikoarekin batera kokatu behar dugu, ezinbestez, herri hau menperatzeko aspaldi abiatutako asimilazio prozesua. Eta horrekin batera, noski, bizi dugun hizkuntza gatazka bera ere, eta egun espainiera eta frantsesa direla hizkuntza nagusiak euskararen herrian. Prozesu honek euskarari, euskaldunari eta herri euskaldunari emandakoa eta kendutakoa aztertu behar dugu Euskal Herriaren konponbideaz hitz egiteko garaian.

Herri euskaldunarentzat benetako konponbideari ekiteko, asimilazio prozesua gelditzean jarri beharko dugu lehentasuna. Prozesua luzea izan da, eta oraindik orain, Euskal Herria menperatzeko helburu duten espainiar eta frantziar estatuek euren esku dauden tresna guztiak darabilte. Euskarak menpeko izaera politiko eta soziala du bere lurralde osoan. Eta hizkuntza zein kultura ordezkapenarekin jarraitzeko edozein bide da zilegi: eskolak ez du euskalduntzen, eta hala ere, hirueleaniztasuna bultzatzen dute, arlo guztietan euskaldunon eskubideen urraketa etengabea da, euskarak ia ez du presentziarik lan munduan, euskaraz bizitzeko trabak baino ez ditugu ezagutzen.

Asimilazioaren aurrean, ezabatu eta euskaraz bizi!

Asimilazio prozesua gelditzean jarri behar dugu lehentasuna beraz, euskaldun bakoitzak eta herriak. Euskarari lehentasuna emanez egin behar dugu bidea. Eta egoera iraultzeko bertatik bertara adostu eta sortutako hizkuntza-politika burujabea behar dugula aldarrikatu behar dugu.

Bide horri hauspoa emateko antolatu du EHEk EZABATU ETA EUSKARAZ BIZI ekimena. Bizi dugun hizkuntza gatazkan eta menpeko egoeraren aurrean, herri euskaldunaren zapalkuntzaren mugak eta hizkuntza paisaia kolorez zipriztindu nahi ditugulako.

Euskal Herriko paisaia linguistikoa erabat arrotza da oraindik, eta EZABATU ETA EUSKARAZ BIZI ekimena paisaia horri buelta emateko jaio da. Dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko ez dugu gauaren babesik behar. Irria eta lanerako arropak soinean hartu eta inposatzen diguten paisaia linguistiko erdalduna iraultzeko deia zabaldu nahi dugu gaurkoan. Baita EHE-ren ikurra ahalik eta toki gehienetan marrazteko ere, euskaraz bizitzeko bidea egiteko prest gaudela adierazteko. Euskal Herrian Euskaraz baino harago doan mobilizazioa denaren jakitun, ekimen honetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

EHEren taldea dagoen herrietan, datozen egunotan ezabaketak egiteko xedearekin egingo diren bizikleta martxa, olinpiada, kalejira eta abarretan parte hartuz. EHEko talderik ez den herrietan aldiz, ekimen hau norberak propio bihurtuz eta zapalkuntzari margo eta koloreekin erantzunez.

Data zehatzik gabe bada ere, testuinguru zehatz batean aurkezten dugu EZABATU ETA EUSKARAZ BIZI ekimena; hauteskundeen testuinguruan, alegia. Ikasturte politiko honetan bi zita elektoral biziko ditu Euskal Herriak; bihar Madrili begira abiatuko dena, eta heldu den maiatzean Parisi begira emango dena. Finean, Frantziako Asanblada Nazionaletik eta Espainiako Gorteetatik datoz herri euskalduna ukatzen zein euskaldunon eskubideon aurkako hizkuntza politika menderatzaileak onartzen dituzten erabakiak.

Ziur gaude asimilazioa bideratzen duten lege zein politikak eta jokabide sumisoak   ezabatuz eta euskaraz biziz, Euskal Herri euskaldunerako bidea egiteko prest dela euskaltzale andana. Horiei guzti horiei eta oraindik euskaraz bizitzeko hautua egin ez dutenei dei egiten diegu egitasmo honetara bildu daitezen.

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ (EHE)

Iruñean, 2011ko azaroaren 2an

Unai Larreategi eta Igone Lamarain (EHE): “Bake iraunkor eta justua herri euskaldunarentzat”

ehe-nazio-batzarra

Argazkian, Euskal Herrian Euskaraz erakundeak urriaren 1ean Billabonan egindako Nazio Batzarra / © EHE.

Gatazkaren konponbideaz asko hitz egiten ari gara egunotan. Gatazka armatuaz gehien, gutxixeago gatazka politikoaz. Gatazka armatuak sortutako biktimez asko. Baina entzun duzu ezer gatazka politikoak euskarari, euskaldunari eta herri euskaldunari eman eta kendu dionaz? Ez da inondik inora lan erreza. Gure herriaren zutabe nagusi den hizkuntza ez da ageri gatazkaren epizentroan. Hain gaude minorizatu eta asimilatuak askoz koherenteago iruditzen zaigula gatazka lurraldetasun terminoetan kokatzea, identitate, nortasun terminoetan kokatzea baino. Lehendabizi abertzale gara eta gero agian euskaldun. Ez al du kontu honek autokritika pixka bat eskatzen? Nora goaz bide honetatik?

Euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugu egoera oker hau irauli nahi dugunok. Gatazkaren konponbidea integrala izango bada lehentasunezko kontutzat landu beharko dira. Eta Euskal Herri euskalduna berrezartzea ezin da Estatu propioa lortu osterako utzi. Ezin da gatazkatik kanpo kokatu.

Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da. Estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu independentistoi.

Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu datozen garaietan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz. Bakoitzak beretik eta komunitate moduan iraultzarako garaia da orain datorkiguna, gure etorkizunerako erabakiorrak diren garaiak datoz, eta euskaldunok asmatzera behartuta gaude.

Eta Estatu zapaltzaileen aurrean zer aldarrikatzea dagokigu? Posibilismoan jokatzeko edota aldaketa estrategikoen alde egiteko garaiak dira? Gure ustez, bigarren aukera da egokia. Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu.

Euskarari lehentasuna emango dion legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da gure iritziz. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere. Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa.

Asimilazioari aurre egiten ahalegintzekotan, horiek dira, gure ustez, gure baitan eman beharreko aldaketak, eta kanpokoei egin beharreko aldarrikapenak. Askotan gatazka gugandik kanpo kokatu izan dugu soilik, eta bada garaia autokritika pixka bat egin, eta datozen urte garrantzizkoetarako oinarri sendoa ipintzeko.

Mendeetan jakin izan dugu bizirauten, garai ezberdinetara egokitzen. Euskal Herrian Euskaraz askatasunarekiko esperantzaz beteriko garaian jaio zen. Esperantza eta ilusio garai horretan euskarari eta herri euskaldunari dagokion garrantzia eta erdigunea ematen saiatzeko. Eta, bizitzea tokatu zaigun garai berri honetan, EHEk herri honekiko konpromisoa berretsi nahi du, ahaztu gabe, noski, guztion eskuetan dagoela etorkizuna.

Egin dezagun bidea askatasun eta eskubideen bermerantz, euskaldunontzat bake iraunkor eta justua eraikitzeko.

Euskal Herrian Euskaraz: “Normalizazioan atzera pausoak ematen jarraitzen du Jaurlaritzak”

ehe-ots12-manifestazioa

Argazkian, EHEren prentsaurreko bat / © EHE.

Bi neurri hartu ditu PSEk aste honetan, biak hizkuntza normalizazioaren aurkakoak. Alde batetik, Isabel Zelaak esan du euskara jakintza ziurtagiria emanen dietela ikasgaien %50a euskaraz egiten dituzten ikasleei. D ereduko ikasleek ere ziurtagiria lortuko dute, eta unibertsitateko ikasketak euskaraz egiteagatik EGAren maila aitortuko zaio ikasleari. Bestalde, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legea aldatzeko bideari ekin dio PSEk, PP eta UPDren laguntzarekin. Euskaraz errotulatzen edota artatzen ez duten komertzioak zigortzen dituen legea deuseztatu nahi dute.

Euskara ziurtagiriak banatzeko asmoaren berri eman zuen astelehenean Eusko Jaurlaritzak. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, ikasgaien erdia euskaraz ikasten dutenei hizkuntzaren ezagutza aitortuko zaie, bestelako ziurtagiriren beharrik gabe. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditzen dutenek B1 maila izanen dute, eta Batxilergoa amaitzean B2 maila erdietsiko dute. Bi kasu horietan euskara eta literatura ikasgaia gainditurik beharko dute izan ikasleek. Unibertsitateko ikasketekin batera C1 maila aitortuko zaie ikasleei, hau da, EGAren maila. C2 maila lortzeko doktore tesia euskaraz egin beharko da. Neurri hau ezbaian jartzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren kalitatea zaltzan jartzea dela esan du Zelaak.

Patxi Lopez buru duen gobernuak ez du euskararen normalizazioan aurrera egiten; are gehiago, aurkako urratsak ematen ari da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza ereduak ez ditu euskalduntzen ikasle guztiak. Arazoa aztertu eta konponbidea bilatu beharrean, Zelaaren departamentuak nahiago du beste alde batera begiratu, eta arazoa bere horretan mantendu. Izan ere, euskara mailarik ez duten ikasleei ere aitortuko zaie euskaldundu direla. Hizkuntzaren normalizazio bidean, ezinbestekoa dirudi egungo eredua irauli eta euskaldunduko duen eredu bakarra ezartzea. Bien bitartean, euskara ezagutza frogatzen duten ziurtagiriek ezinbesteko izaten jarraituko dute. Baina Zelaak beste plan batzuk ditu. Eredu eleanitzaren aldeko apustua egin nahi du Lopezen gobernuak, Nafarroan egiten ari diren moduan, euskarari orduak kentzeko.

Normalizazioaren aurkako urratsen beste adibidea gaur eman du PSEk. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legea aldatu nahi dute, euskarazko errotulazioa eta zerbitzua ematen ez duten enpresek isunik jaso ez dezaten. PP eta UPD alde agertu dira; aurka Aralar, EA, EAJ eta Ezker Batua. 2008an onartu zuten legea bertan behera uzteko lehenbiziko urratsak eman dituzte dagoeneko, euskararen kaltetan hartutako beste neurri bati bide emateko.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

euskalherrianeuskaraz.org

Berriozarren euskaraz bizi!

Iturria: Eguzkiplaza

“Berriozarren euskaraz bizi” lelopean egindako euskara astearen baitan aurkeztu zuten, irailaren 27an, ikusgai duzuen lib dup-a.