Ipuina

1- BILBO IZENEKO HERRI BAT

– Mari, jaitsi besoak eta zatoz hona!

Goienkaleko sorgina eta bere alaba, biak Mari izenekoak, iturritik zetozen. 10 urtetako alabatxoa korrika zihoan gora eta behera, etengabe, besoak altxatuta.

– Ama, gaur aitarekin egongo gara?

– Ez dakit, gero ikusiko dugu.

Biak Bilbo izeneko herri txiki batetan bizi ziren. Herri zaharra zen, 300 urte inguru zituena eta etxe txikitxoez egindako zazpi kale baino ez zituen.

Etxeak, arrantzaleen etxeen modukoak ziren, bi edo hiru pisutakoak, estuak eta ilunak. Bertan denetariko jendea bizi zen: artisauak, arrantzaleak, eskribauak, beraien produktuak saltzera zetozen inguruko baserritarrak, marinelak eta sorgin bat.

Mari Bilboko sorgina zen. Bera, medikuaren lanak egiteaz gain, euskaldunon antzinako sinesmenak gordetzen zituen bere barnean. Itxuraz, Bilboko gizaseme guztiak kristauak baziren ere, euskal sinesmen zaharren jarraitzaileak egon ere bazeuden, eta Mari haien burua zen.

Mari Goienkalen bizi zen. Noiztik? Betidanik, bere ama, Mari izenekoa ere, han bizi zen, baita bere amama eta bere amamaren amama ere. Oroimena heltzen denera arte, Goienkalen beti Mari izeneko sorgin bat bizi izan zen. Dakigunez, Bilbo sortu aurretik, Goienkale kokatzen den lekuan etxetxo bat omen zegoen, non Mari izeneko sorgin bat bizi zen.

Mariren lana gero eta gogorragoa zen. Herria handitu ahala, sendabelarrak aurkitzeko gero eta urrunago jo behar izaten zuen. Azkenaldi hartan Artxanda eta Pagasarri izeneko mendietatik ikusten zuten maiz. Gainera, kristauen intolerantzia gero eta bortitzagoa zen. Santiagoko abadeak bere sermoietan behin eta berriro aipatzen zuen Mari. Hain zen gogorra egoera ezen bera izan zen batailatu zuten lehenengo Goienkaleko sorgina. Bere amak, etorkizuneko arazoak aurreikusiz, Maria izenez kristautu zuen. Jada Bilbon ez zegoen jentilik, denak kristauak ziren, batzuk soilik itxurazkoak izan arren.

Arrotzak ere bazeuden. Bere amak behin kontatu zion, nola duela urte asko, Bilbora atzerritar bat etorri zen, Diego Lopez de Haro izenekoa. Gizon hau hegoaldetik zetorren eta Bizkaiko Jauna esaten zion bere buruari. Bere aburuz, gaur egun San Anton deritzon ingurua leku ezin aproposagoa zen zubi bat egiteko Ibaizabaleko alde biak lotuz.

Don Diegorekin batera sekula entzunda ez zuen hizkuntzaz mintzatzen ziren soldaduak eta eskribauak etorri ziren. Halako batean kriston jaia antolatu zuten herrian eta Goienkaleko sorgin batek sekulan ikusi ez duen gauzarik ergelena egin zuten. Ehunka urtez bere lekuan egondako Bilbo birsortu zuten. Berba arrotz hartan idatzita zegoen paper batean sinatuz, soldaduak eta eskribauak betiko gelditu ziren.

Mari sorginaren begietatik horrela ikusten zen Bilbo garai hartan. Berak ere, ez zuen poztasun handirik adierazten: ia egun osoa kopetilun bere amagatik, Bilbogatik, sinesmen zaharren galeragatik, arrotzengatik… Kontu hauetan pentsatzen zegoela, Mari txikia ikusi eta alaitu egin zen momentu batez. “Bere aitaren bizi poza dauka”- pentsatu zuen bere artean.

– Mari, jaitsi besoak!- esan zion berriz, baina, oraingoan aurpegi alaiaz- Gero egongo gara aitagaz. Orain, etorri eta egon zaitez apur batean geldi!

– Ondo dago ama…

2.- ZERGATIK AMA?

– Ama, zergatik aita ez da gurekin bizi?

– Mari, gure etxeko andrak ez dira sekulan ezkontzen. Honela izan da lehengo Mari Goienkale ingurura heldu zenetik. Mutila bilatu, alaba bakarra eduki eta gero mutila uxatu egiten dugu.

– Zergatik, ama?

– Gure zeregina garrantzitsuegia da gizon baten menpean egoteko. Guk izan behar dugu gure patuaren jabe, guk hezi behar dugu gure alaba, eta dakigun guztia, honi irakatsi.

– Baina, zuk ez duzu Aita uxatu. Gure kale berdinean bizi da, ezta Ama?

– Ahalegindu nintzen, Mari, baina ezin izan nuen.

– Eta zergatik ezin izan zenuen?

– Ba, zure aita oso burugogorra delako, eta zu eta biok zinez maite gaituelako.

– Aaaaaaah! eta, zergatik ez goaz berarekin bizitzera? kale berdinean bizi gara eta!

– Ezin dugu Mari. Gure etxeko andrak beti bizi izan gara leku berdinean eta ezin dugu handik alde egin. Eta galdetu aurretik, ez, aitak ezin da gurekin bizi.

– Eta nola heldu zen lehengo Mari Goienkalera?

– Azkenean galdera on bat! Beitu, orain duela mende asko eta asko, artean kristaurik edo arrotzik ez zegoenean, gure lurretako lehengo sorgina ez zen Goienkalen bizi, Anbotoren mendiaren azpian baizik. Euskaldun guztien ama ere han bizi da. Bera ez da gizasemea, izpiritua baizik. Eta, esan dudanez, Anbotoko leizetan bizi da. Bere izena gurearen berdina: MARI.

Egun batean, gure arbasoari, MARI agertu zitzaion eta honako elkarrizketa burutu zuten biek:

– Anbotoko dama naiz. Ezagutzen al nauzu?

– Nola ez! Ondo jaiotako euskaldun guztiok ezagutzen zaitugu.

– Zu eta zure ondorengo guztiak betebehar garrantzitsua betetzeko aukeratu zaituztet.

– Esan eta beteko dugu.

– Gure lurraldean zaindu beharreko leku berezia dago. Mende asko barru gure izana bertan erabakiko da. Zure etxeko andrak euskaldunen etorkizunaren zaindariak izango zarete.

– Zer gertatu behar da, ba?

– Beste jende eta erlijio berriak etorriko dira gurera, beste kultura eta hizkuntzak, eta ez baldin badugu ganoraz jokatzen, gureak hilzorian bukatuko dira. Zuretzat erabaki dudan lekua jende eta kultura gehien batuko den gunea izango da. Bertan, gure lurraldeko herririk jendetsuena sortuko da. Gogoratu, beraz, oraintxe esan behar dizudana eta irakats iezaiozu zure inguruko jendeari: kanpokoa onartu egin behar da baldin eta baketsu datorren, edonork baitauka lanez bizitza aurrera ateratzeko eskubidea. Horiei irakats iezaiezu gure kultura eta zuk ikas ezazu beraiena. Horrela izanez gero, haien semeak gutariko bat izango dira. Indarra erabiliz datorrenei, berriz, hortzak erakutsi, mundutik desagertzeko prest ez gaudela ikus dezaten.

– Non da leku hori?

– Gure lurraldearen mendebaldean ibai handia dago, Ibaizabal izenekoa. Ibai horren amaieran itsasadarra dago. Itsasadar horren hasiera bilatu, eta handik gertu topatuko duzue toki bat non marea jaisten denean idi-gurdiak pasatzen diren. Honen ondoan dagoen landan, eraiki ezazue zuen etxea. Ez ahaztu, leku horren izena galdetzen badizute Bilbo dela erantzun behar diezuela. Izen euskalduna izan dezala betiko. Etxea eraikiko duzun lekuan herri horretako lehenengo kalea sortuko da, eta zure ondorengoei esan iezaiezu Goienkale izena hartu behar duela. Bukatzeko, beste gauza bat jakinarazi nahi dizut: zuk eta zure ondorengoek hemendik aurrera alaba bakarra izango duzue, eta denak izen berdinekoak, MARI. Inguru hartan nire ordezkoak zaretelako, nire izen bera eramango duzue. Zu eta zure ondorengoak ezin izango zarete ezkondu, baina gure sinesmen berdinekoekin harremanak izango dituzue, eta horietatik jaioko dira Mari berriak. Beti alaba eta beti bakarra.

Amak kontatutakoari esker beraien etxearen usadioa nondik zetorren jakin zuen Mari txikiak. Baita bere arbasoek Anbotoko damaren izena nola jaso zuten ere, eta Bilbo nola sortu zen, eta azkenik eta garrantzitsuena, bere bizitzaren betebeharra zein zen.

3.- ENEKO

Eneko azken Mariren aita zen. Euskalduna, jentila, baina ez zen Bilbo ingurukoa, urrutikoa baizik. Euskal Herriaren bihotzean kokatuta dagoen Lesaka izeneko herri txiki batekoa zen, nafarra beraz. Musikaria zen bera, eta denetariko soinu-tresnak jotzen zituen. Gaztetan, akelarretan eta antzeko ekitaldietan, herri hartako sorginen laguntzailea izan zen, eta horregatik alde egin behar izan zuen bere jaioterritik.

Bilbotik oso gertu ospatzen ohi den erromeria batean, Enekok Goienkaleko sorgina ezagutu zuen. Ibaizabalen itsasadarrak Bilbotik gertu hondartza moduko bat du, bertakoak betidanik Areatza izena eman diotena, eta han urtero, abuztu aldera, egundoko erromeria antolatzen zen.

Eneko musikaria izanagatik, Areatzako erromeriarena entzunda, bere soinu-tresnak hartu eta Bilborantz abiatu zen. Gauerdia pasata zegoen bere soinu-tresnarik bereziena jotzen hasi zenean. Lesaka inguruko soinu-tresna zen, eta Bilbo inguruan ez omen zen aurretik ikusia. Ohol batzuen bitartez, Lesakarrek eta beraien ingurukoek zaldien zalaparten soinua ateratzen zuten. Eta hain zen zaharra usadio hori ezen Lesakar zaharrenak ere bere aititeari entzunda zion soinu-tresna hori betidanik jo izan zela, leizetako garai urrunetatik. Soinu-tresnak txalaparta izena zuen.

Txalapartaren ttakunen artean, jendea Enekoarengana hurbiltzen hasi zen, eta haien artean Mari. Marirena ez zen oso garai ona: bere ama, aurreko Goienkaleko sorgina, hil berria zen eta kopetilun eta haserre zebilen, baina, soinu horretan bazegoen zerbait erakartzen zuena.

Eneko ikusi zuenean bihotza estutu egin zitzaion. Askotan, parekoak direnek elkar ikusi bezain laster, eta ezer esan gabe, ezagutzen direla sentitzen dute. Ba, hori gertatu zitzaion Mariri. Mutil hori jentila zen, Euskal usadioetan hazia, gaztea eta osasuntsua; eta begietan sumatzen zuen distira bere buruaren segurtasunaren eta barruko pozaren isla zen.

– Nere herritikan ekarri dudan soinu-tresna hau bi pertsonen artean jotzekoa da. Norbait ahaleginduko al da nirekin jotzen?

Hura esan eta Mari ahots sendo batez:

– Bai, ni neu!- erantzun zion.

Enekoren inguruan isiltasuna zabaldu zen, hango jendearen artean Goienkaleko sorgina ondo ezaguna baitzen.

– Lehenengo azal iezadazu zer egin behar dudan- esan zion Marik.

– Entzun al diozu noizbait zaldi bati bere korrikaldian? Ba zarata hori ateratzen ahalegindu behar zara, eta nik jarraituko zaitut.

Marik, bere senide guztiek moduan, euskal usadioak ikasteko eta bereganatzeko nolabaiteko dohaina zuen. Makila biak hartu eta zaldi baten ibilera lasaiaren soinua atera zuen. Apurka-apurka, makilak bere gorputz ataletako bat balira bezala nabaritu zituen, eta erritmoa azkartzen joan zen. Eneko txundituta zegoen. Txalaparta sekulan jo ez zuen neska horrek, nola erakutsi zezakeen horrenbesteko trebezia?

Amaieran, Enekok Mariren erritmoa jarraitzeko ahalegin handia egin behar izan zuen. Txalapartaren erritmoak Areatza osoa jarri zuen saltoka eta txistuka. Hango jendea zoratuta zebilen. Aspaldiko arbasoen arima altxatu egin zela ematen zuen. Bat-batean Marik jotzeari utzi zion, eta jendeak sekulako txalo-zaparrada bota zuen. Enekok eta Marik, ordea, ez zuten txalorik entzun, elkarri begira baitzeuden, izerditan blai. Besterik esan gabe, txalaparta bertan utzi eta elkarrekin Ibaizabalera jo zuten bainu bat hartzeko.

Errekako beste aldean, Abando izeneko landa batzuetan, Mari berri bat sortu zen.

Hurrengo egunetan Mari ez zebilen batere lasai, haurdun zegoela jada bazekielako, eta horregatik, Eneko uxatu egin behar zuelako. Hau zen bere buruak agintzen ziona, baina bere bihotzak ez zion gauza bera esaten. Hura gizon puska! Jentila, jatorra, eta barnean zeraman poztasun hura…

Berarekin zegoenean bere betebeharrak arinago betetzen zituen. bere amaren heriotzak sortutako tristura, gorrotoa eta beldurra baretzen ziren. Baina, MARIk agindu zuena egiteko prest zegoen. Harremanak nahi beste, baina ezkondu barik, beti aske hurrengo Mari behar moduan hazi ahal izateko. Eneko, ordea, ez zen beste mutilak bezalakoa.

Lesakarrak, barneko pozaz gain, bazuen burdina baino gogorragoa zen buru bat, nafarrena alegia, eta arratsalde batean ondo erakutsi zuen.

– Kaixo Mari, zer dela eta aurpegi ilun hori?

– Eneko, Bilbotik alde egin behar duzu. Ni ez naiz zuretzako, ezta zu niretzako ere.

– Nola? Nire bihotzak beste gauza bat esaten du. Bizilekua eta bikotea topatu ditudala dio. Eta ez dut inoiz besterik entzungo.

– Ezetz Eneko! Ni ezin naiz ezkondu. Horrela egin da beti nire etxekoen artean eta horrela izango da betiko.

– Ba, ez gaitezen ezkon. Gainera, nik kristauen kontu horietan ez dut sinesten.

– Ez da horregatik. Nire alaba nik baino ezin dut hezi. Badakizu sorgina naizela, eta ez edonolakoa. Nire izena badakizu, ezta?

– Bai, Mari zara.

– Eta, beste Maririk ezagutzen al duzu?

– Ondo jaiotako euskaldun guztiok ezagutzen dugu beste MARI hori.

– Ba, berak agindu zien nire arbasoei horrela bizitzeko, gizonik gabe.

– Eta, zer ikusia du horrek zure alabarekin? Zuk ez duzu alabarik.

– Baina laster izango dut, Eneko – hori esan bezain laster, bere okerraz konturatu zen.

Eneko, zuri-zuri gelditu zen. Alaba bat izan, eta utzi behar? Bai zera! Baliteke MARIren agindua izatea, baina bere burdinazko buruak ez zuen besterik ikusi nahi. Goienkaleko sorginaz maiteminduta zegoen eta hark ere bera maite zuen. Oso nabaria zen, eta gainera, alabatxo bat izatekotan zeuden biak. Bere bihotza pozaren pozez lehertzen zen.

– Mari, zure ondoan egongo naiz betiko. Ez gara ezkonduko, ezta elkarrekin bizi izango ere, baina zuri eta gure alabari ez zaizue nire laguntza faltako – txirularekin Barrenkale aldera zegoen ostatura abiatu zen saltoka eta dantzan, kaleko jendeari berri ona ematen zion bitartean.

– “Nafar hauek!” – pentsatu zuen Marik bere kolkorako – “Beno, pasatuko zaio”.

Baina, ez!, mutiko haren buruarekin mailu pilo bat egin zitezkeen. Pasatuko zitzaiola? Bai, zera! Arotz lana bilatu zuen eta Goienkalera bertara bizitzera joan zen. Egunero Mariren bila joaten zen, txirula, alboka edo txistua joz. Ezagutzen zituen soinu-tresna guztiak, txalaparta izan ezik, Mari bereganatzeko erabiltzen zituen. Honek, ozenki ezetz esaten zion bitartean, hasierako sentimendua handitzen zihoan bere barnean. Eta honela, hainbat belaunaldi igaro ostean, Mari berriak, Goienkaleko sorgina izan behar zuenak, lehengo aldiz bere aita ezagutu zuen.

– MARI, barka nazazu! Badakit ez dudala ondo egin baina nafar honekin ez dakit zer egin- esan zuen bere barrurako.

Alaba hura jaio ostean, Bilboko karrika estuetan gaueko ordu txikietan askotan txalapartaren soinua entzuten zen, Areatzan egun hartan entzun zen moduan.

4.- AMAMAREN HERIOTZA

Eneko ezagutu zuenean, Goienkaleko sorgina aztoratuta zebilen. Bere ama duela gutxi hilda zegoen, eta ez edonola. Aizkolari batzuk haren gorpua Artxandako basoetan topatu zuten, buruan kolpe bat emanda. Mari tristuraz eta gorrotoz beteta zegoen. Egunak eta egunak eman zituen aztarnen bila, eta ikusitakoaren arabera, bere amaren heriotza ez zen naturala izan. Norbaitek erahil zuen.

Gorputza topatu zuten lekuan ez zegoen basapiztien aztarnarik, gizaseme asko ibiltzen ziren inguruak ziren horiek. Horretaz gain, zuhaitzetan hainbat adar apurtuta zegoen eta inguruan usain bitxia zegoen, gizasemeena alegia. Lurrean ikusten ziren oinatzek ez zuten adierazten aizkolari batenak zirenik, nahiko oin txikinenak baitziren, eta denek zekitenez, aizkolariek gorputz handi eta sendoa izaten zituztela.

Gau batean, Goienkaleko sorgina, basoan barrena abiatu zen eta, denbora luze batez ibili eta gero, mendez mende bere etxean irakatsitako oihu berezi bat bota zuen. Basajaunari zuzendutako deia alegia. Orduak eta orduak bete zituenean Basajaunari deitzen, eta amore emateko prest zegoenean, Basajauna agertu zitzaion eta zera esan zion:

– Zu al zara Bilboko Goienkaleko Mariren alaba?

– Bai, ni neu naiz, Mari izenekoa baita ere.

– Zure amaren heriotzari buruz mintzatzea nahi duzu, ezta?

– Bai, Basajaun. Zer dakizu gai horretaz?

– Gizon batek erahil egin zuen. Hori da, behintzat, basoko txoriek esan didatena. Atzetik hurbildu eta norbaitek kolpe bat eman zion buruan. Horrela bukatu ziren, tamalez, zure amaren egunak.

– Nik uste nuena. Esker anitz Basajaun!

– Nahi duzunera arte, Mari.

Orduantxe konturatu zen Mari ez zuela bizitza erreza edukiko. Bukatuak ziren jentilen egunak. Kanpoko ohiturak gero eta indartsuagoak ziren. Gainera, sekulan inoren burutik pasatu ez zena, norbaitek egin zuen: Goienkaleko sorgina hil.

Zenbat jende sendatu zuen bere amak bere bizitza osoan! Zenbait marinelei ere, euskara irakatsi zien eta, beraien etxeko suaren ondoan, istorio asko kontatu eta entzun zituen: zeltarren gudu istorioak, galegoen itsas abenturak, portugaldarren kanta zaharrak, beti tristuraz betetak. MARIk agindu zuen moduan, denek zeuzkaten Goienkaleko etxearen ateak irekita. Eta etorri zirenen asko eta asko, Bilboko auzokide bihurtu ziren, beraien seme-alabak euskaldunak izanez.

Sorginak bere artean hauxe esaten zuen: “MARIk esan zuen moduan, indarrez etortzen direnak ere badaude, eta guk aurre egin beharko!” Diego Lopezekin batera eskribauak eta soldaduak etorri ziren. Arrotzak denak. Hitz egin beharrean zaunka egiten zuten. Horietaz gain, apaizak ere etorri ziren. Hauei buruz, zer esan! Beno, batzuk onak izan ziren: antzinako sinesmenak onartu eta beraien sinesmenarekin batera sustraitzen ahalegindu zirenak. Ez ote zuten sortu Begoñako Andra Mari eliza solstizioetako ospakizunak burutzen ziren leku berdinean? Neguaren hasieran, gabonak, eta, bukaeran, San Antonio. Gure usadioak eta beraienak bat egiteko ahalegina egin zuten. MARIk nahi zuen bezala.

Baina horiek lehengo egunetako abadeak izan ziren. Denborarekin, gauzak aldatu ziren. Abade gaiztoak sartu ziren herrian. Hauek “deabrua” hitza zuten etengabe ahoan. Kristaua baino ezin zen izan. Aurreko Goienkaleko sorginak Maria izenez batailatu behar izan zuen bere alaba. Euskal Herriko txoko askotatik jentilak zetozen atxiloketa eta torturen berriekin, eta Bilbokoak bezalako sorginak erretzen zutela kontatzen zuten.

“Santiago elizara ekarri duten abade berri hori ezin gaitu ikusi ere egin- esaten zion Marik bere buruari.-“ Egunero bere sermoian gutaz hitz egiten du”:

– Bekatua da honela bizitzea! Non ikusi da etxe bat zeinen mendeetan ez den gizonezkorik bizi? Sorginek sendabelarrez dakiten guztia deabruak irakatsia da, eta berarekin harremanak dituena deabruaren jarraitzailea da”.

Hitz horiek Bilbotarren iritzietan bazuten bere eragina. Oso txikia hasieran, baina azken denboraldian arazoak sumatzen hasi ziren.

Duela gutxi, Joxe txikia, Peioren semea, sukarrak jota hil zen. Goienkaleko sorginak Joxe nola sendatu bazekien, baina Peiok ez zuen berarengana jo nahi. Denek esaten zioten:

– Eraman ezazu Joxe sorginarengana.

Baina berak beti erantzuten zuen:

– Hori eginez gero, bere bizia salbatuko dut, baina era berean bere arima kondenatu. Eta horrela, Bilboko ume bat, bizitza zer den jakin gabe, hil egin zen.

5.- MARI TXIKITXOA EUSKAL HERRIRA

Goienkaleko sorgina kezkatuta zegoen. Bere ama hil zutenetik hamar urte pasa ziren, eta beren betebeharra arriskuan zegoen. Berari edo bere alabari zerbait gertatu ezkero, Bilbo Goienkaleko sorginik gabe geldituko litzateke. Eta kezka hori beldur bihurtu zen. Mari emakume beldurti bihurtu zen, Goienkaleko sorginen artean sekulan gertatu ez zena.

Mari txikia, ordea, zer-nolako izaera! Alai baino alaiagoa. Beti barrez, beti saltoka. Musika entzun bezain laster, besoak altxatu eta dantzan paratzen zen. Hura zen bizitasuna!

Baina alaitasun hori ez zen ganorabakoa, amak irakatsitakoa ondo sustraitzen baitzuen. Etxeko betebeharrak bukatzen zituenean, hara zihoan Mari txikia korrika kalera, besoak altxatuta, bere lagunen bila jolastera joateko.

Zenbait alditan Ibaizabalaren ur garbietan bainatzen ziren. Beste batzuetan, zubiaren beste aldeko arrantzaleen etxeen artean jolasten ibiltzen ziren, edota Begoña aldera joanda mahatsak lapurtzen zituzten. Errekaldeko Iturrigorriko ura edatera ere askotan joaten ziren. Deustuko baratzak, Abandoko baserriak, Basurtuko artaldeak… Bilbo inguruko bazter guztiak ezagutzen zituen, eta bera leku guzti horietan oso ezaguna zen:

– Beitu, hori da Goienkaleko sorginaren alaba.

Ez zen zaila bera ezagutzea zeren eta pasatzen zen leku guztietatik berehala zarata eta algara nabaritzen ziren.

Hamabost urte bete zituenean, Mari txikitxoa geldiezina zen, eta Santiagoko abadeak bere sermoietan horrela zioen:

– Hara, Goienkaleko sasikumea, aitarik gabekoa, deabruaren alaba, jaiaz jai dabiltzana. Bere gorputz bekatariarekin zuen semeak infernurantz eraman nahian dabil. Urrundu zaitezte Goienkaleko emagalduetatik!

Goienkaleko Sorginak Enekorekin hitz egin zuen.

– Zer egin dezakegu gure alabarekin? Behin eta berriro esaten diot zuhurragoa izateko, hain nabarmena ez izateko, baina zu bezalakoa da, beti dantzan, beti kantan. Pasatzen den leku guztietatik “hara, hara nor datorren, gure Mari”esaten diote.

– Eta hori txarra da, ala? Bizitza bizitzeko egina da, eta bera horretan ahalegintzen da.

– Baina, badakizu arerio indartsuak ditugula. Gogora itzazu gure amarena, eta MARIk eman zigun betekizuna.

– Betekizunen artean Euskal usadioak zabaltzea zen bat, ezta? Ba, gure Marik ondo baino hobeto irakasten dio jendeari nola bizi behar dugun euskaldunok. Jendeak maite du, ibiltzen den leku guztietatik poza zabaltzen da. Sorgin ona izango da. Sendabelarren ia ia sekretu guztiak badakizki. Zer gehiago nahi duzu?

Baina Goienkaleko sorgina ez zegoen batere pozik. Berak dena hondatzen ari zela uste zuen. Bere amaren hilketa, Marik bere aita ezagutu izana… MARIren aginduen kontra ari zela uste zuen. Horregatik, sustraietara itzultzea erabaki zuen. Mari txikia bere lekua aste betez betetzeko prest zegoen, eta honakoa esan zion:

– Mari, aste batez Anbotora joango naiz hango ezagunak bisitatzera. Ni ez nagoen bitartean, zu izango zara Goienkaleko sorgina.

Mari txikiak, pozaren pozez, egundoko irrintzia bota zuen.

Hau guztia azalduz, Goienkaleko sorgina Anbotorantz abiatu zen MARI ikusteko asmoz. Anbotoko damarekin berba egitea ez zen batere erraza, gehienetan bera baitzen jentilei agertzen zitzaiena, baina ahalegina egin behar zuen.

Anbotoko inguruetara hurbiltzen zen ahala, Mari lasaiago zebilen. Bizkaiko barneko herrietan ez zen Bilbon bizi zen nahasia ikusten. Ez zen elizaren eta kanpoko legediaren sama sumatzen, eta euskal usadioak garbi gordeta zeuden. Bere barnean Marik bazekien Bilboko nahasia ona zela, etorkizunean kanpoko ohiturak eta barnekoak sustraiturik egongo zirela eta beraien betebeharra horretan laguntzea zela. Hala eta guztiz ere, Anbotoren inguruan bizi zen giroa atsegin zuen oso.

Anbotoraino heldu eta tontorrera igo. Marik ez zekien nola jarri behar zen kontaktuan Anbotoko damarekin baina beren barnean hauxe errepikatzen zuen:

– “MARI, Goienkaleko sorgina naiz. Lagun iezadazu! Nire arbasoei agindutako betebeharra arriskuan dago. Barkatu MARI, zure agindua apurtu dudalako, nire alabak bere aita ezagutu du”.- Eta honela, etengabe, bere barneak erretzen zituen egoera guztiak isilpean azaltzen zizkion MARIri.

Bilbora itzultzeko egun bat baino ez zenean falta, Marik loak hartu zuen. Bere ametsetan ile gorri eta luzea zuen andra bat ikusi zuen. Honek honela esan zion:

– Mari, Goienkaleko sorgina, zuk eta zure aurrekoek ondo bete duzue zuen lana. Bilboko jendearen artean ondo sustraitua dago zuek irakatsitakoa. Kanpokoei, ezker onez etorri ezkero, eskua luzatu eta lagun itzazue gurekin bat egiten, baina indarrez etortzen badira, hortzak erakutsi eta gogorarazi ez gaudela desagertzeko prest. Bertako jendeari, datorren mendeetan, denetariko zorionak eta ezbeharrak jasan behar izango dituzte baina ez dute zuek irakatsitakoa ahaztuko.

Tamalez, Euskal Herriko erlijioak ez du iraungo, kanpokoa indartsu baitator eta moldatu beharko gara. Gu ez gara eliza batean sartu beharreko irudia. Gu euskaldunon oroimen kolektiboaren zati bat gara. Gu, eguzkia, lurra, basoa, itsasoa, ilargia eta euria gara. Eta beti bizi izango gara, ez fisikoki baina bai arima moduan. Euskal Herrian euskaldun bat dagoen bitartean ez gara desagertuko.

Laster, gu denak arima bihurtuko gara eta lurretik joango gara, baita Goienkaleko sorginak ere. Lasai egon, zuek, gure antzera, bizirik egongo zarete. Bilbon euskaldun bat egongo den bitartean Goienkaleko Sorgina ez da desagertuko.

Orain zure laguntza behar dut. Mari txikia izango delako, hemendik aurrera, oso garrantzitsua, bera izango baita azken Goienkaleko sorgina. Beraz, onena izan beharko du.

Enekogatik ez kezkatu, nik jarri nuen bere lekuan eta ezinbestekoa izango da Mari txikiaren prestakuntzan. Marik jada badaki zuk irakatsi dezakezun guztia. Beraz, orain Euskal Herria ezagutu behar du, bazter guztietako sorginekin bildu eta ahalik eta gehien ikasiz. Enekok ondo baino hobeto jakingo du gure lurra erakusten. Zu, geldi zaitez Bilbon eta ez kezkatu gehiago, utz ezazu dena nire eskuetan.

6.- 10 URTE EZ DIRA GUTXI

Goienkaleko sorgina pozik itzuli zen Bilbora. Heriotzari ez zion beldurrik, soilik MARIren aginduak ez betetzeari zion beldurra. eta hark esandakoaren arabera, beraien lana beteta zegoen.

Enekok, hasieran, ez zuen alaba Euskal Herritik eraman nahi bere maitea bakarrik utziz, baina, lehengo aldiz bere bizitza osoan, Goienkaleko sorginak, lortu zuen ideia bat sartzea nafar haren buru gogorrean.

10 urte eman zituzten Mari txikiak eta Enekok Euskal Herriko bazter guztietatik, sorginen etxez etxe. Mari txikia ez zen aldatu eta joaten zen lekuan biziki nabarmentzen zen. Beti alai. Beti saltoka. Beti eskuak altxatuta. Gasteizen, 17 urte zituela, amodioa ezagutu zuen lehengo aldiz bertako baserritar batekin, jaizale bikaina bera ere.

Iruñean, feria eguna izanda, saltokietako zezenak eta idiak askatu zituen. Egundokoa antolatu zen! Hiriko karriketan zebilen jendea ustekabean harrapatu zuten zezenak eta korrika eta jauziak egon ziren. Zer-nolako oihuak entzun behar izan zituen Eneko gizajoak.

Eneko eta Marik Auñamendiak ere gurutzatu zituzten eta Zuberoako lagun batzuekin kantatutako antzezpena egin zuten. Lagunek, antzezpena nola izendatu behar zuten galdetu zietenean, Marik, zalantzarik gabe, Maskarada esan zuen.

Behenafarroan egonda, egun batean Enekori galdetu zion:

– Aita, hemengoak zure antzekoak dira, nafarrak baita, ezta?

– Bai alaba.

– Eta, zergatik bizi zarete elkarrengandik hain urrun?

– Auñamendiak tartean ditugulako eta piskat urrun bizi gara.

– Eta zergatik ez duzue urtean behin jai bat antolatzen herri honetan bertan, Baigorrin, nafar guztiak urtean behin elkarrekin egon daitezen? Eta urte hartan jai erraldoia antolatu zuten Tafallatik Bidarraira etorritako nafarrekin.

Beste baten Saran egon ziren, Lapurdi aldean, eta Marik ikusi zuen nola hango umeek abadeengana joaten ziren ikastera frankoen hizkuntzaz eta Enekori galdetu zion:

– Bertoko umeak ez al dute euskara ikasiko?

– Bai, beraien etxeetan.

– Dena den, urtero ospatu beharko genuke jai bat umeen eta etorkizuneko hizkuntza euskara dela gogoratzeko.

Eta Senperen egin zuten jaialdira Iparraldeko ume guztiak etorri ziren beraien gurasoekin.

Donostia aldetik pasatu ziren ere. Herri txiki hartan arrantzaz bizi ziren. Beraien txalupa txikietan ateratzen ziren kaitik eta bizkor eta arin itzultzen ziren arrainak saldu nahian.

Egunero hori ikusita, Mari inguruko herrietan egin zuen bisitatxo bat eta, Orio, Donostia, Pasaia eta Hondarribiako lau txalupen artean, lasterketa bat antolatu zuen. Lasterketa honen inguruan jai ikusgarria eta jendetsua antolatu zen, hango herrietako jendea txaluparik onena zein zen ikustera etorri baitzen.

Hainbeste gorabeheren artean, urtean behin Bilbora itzultzeko denbora beti zegoen, abuztu aldera, Areatzan egiten zen erromeriara. Eneko eta Goienkaleko sorgina nola ezagutu ziren gogoratzera, eta Mari txikia bere lagunak berriro ikustera.

Baina dena ez zen jaia Mari txikiaren bizitzan. Asko ikasi zuen bere bidaietan eta, agian, ikasitako gauzarik bitxiena Arruntzan izan zen. Hango azti batek, erlaxazioaren bitartez gorputza eta arima bereizten irakatsi zion.

Hamar urte igaro ostean, Mari hogeita bost urteko emakume bat zen, eta bere aitarekin batera Bilborantz abiatzen zen bere amarekin egoteko.

7.- ABUZTUKO ASTE ZORO HORI

Mari, ez zen, Bilbotik aitarekin joan zen pertsona berdina. Sorginkeriaz, bere ama baino askoz gehiago zekien eta gauzak eraldatzeko prest zegoen.

Bere amak, berriro ikusi zuenean, izugarri poztu zen bazekielako hura izango zela azken Goienkaleko sorgina, azkena eta onena.

Mari gaztea ikusgarria zen: ia bi metroko altuera, beso eta hanka sendoak, begiak txikitan bezain distiratsuak, ile gorria, zapiak buruan eta lepoan… Hura emakume puska! Mari gazteak ez zekien zein zen bere patua baina denetarako prest zegoela ematen zuen.

– Ama maitea! Zatoz hona eta emazkidazu muxu bi!- esan zuen ozen.

Eta, Goienkaleko sorgina jakin zuen garaia heldu zela.

Mari gaztea ez zen kikiltzen ziren horietakoa. Mundua iraultzeko prest zegoen. Bilbo batez ere. Goienkalera atera bezain laster kriston zarata zabaldu zen.

– Hara nor datorren, gure Mari.

Minutu batean ehunka pertsona inguratzen zuten, beraiek bazekitelako, hura ikustean, erromeria hastear zegoela.

– Zer moduz lagunak? Kopetilun ikusten zaituztet.

– Mari, Santiagoko abadea erromeria debekatu nahian dabil.

– Nola? Sekulan ere ez! Ikusiko du horrek!

Esan eta egin. Mari gaztea arineketan abiatu zen Santiago elizara eta abadearekin aurrez aurre egonda hauxe esan zion:

– Nor zara zu alaitasuna debekatzeko?

– Erromeria deabruaren eremua da, zu eta zure amaren moduan.

– Alaitasuna ez da sekula izan bekatua eta ez da inoiz izango. Nire amak inork baino gehiago egin du bertokoen alde jendea sainduz eta osatuz. Zelan egon daiteke deabruaren alde?

– Erromeria ez da egingo, edo bestela ordainduko duzue.

– Mehatxatzen al zabiltza?

– Jaungoikoaren izenean hitz egiten dut.

– Eta nik herriaren izenean.

Marik bira erdia eman eta Goienkalera itzuli zen. Han lagun guztiak bildu eta honako hau esan zien:

– Abadeak herriaren poza debekatu nahi du eta horren aurka borrokatu behar dugu.

– Baina, nola? Ez al da bekatua izango?

– Bekatu bakarra jendeari mina egitea da, eta guk ez diogu inori minik egingo. Ez dutela erromeria nahi? Ba 9 egunez eta 10 gauez egingo dugu erromeria. Gau eta egunez, etengabe. Egunez, umeak eta zaharrentzako jaia antolatuko dugu, eta gaua gazteen eremua izango da. Hasi zaitezte dena antolatzen!

Jaia antolatzeko hiru egun baino ez zuten izan, baina Bilboko eta inguruko herrietatik gazte-taldeak jaiaren antolaketan laguntzeko prest etorri ziren: Begoñakoak, Abandokoak, Deustukoak eta abarretakoak. Hain handia zen Mariren oihartzuna!

Larunbata arratsaldean, Goienkaleko sorginak eta Enekok txalaparta jo zuten aste nagusi hari hasiera emateko. Zelako arrakasta! Bilbokoak ez ezik Bizkaiko herri guztietako jendea ere hurbildu zen jaietaz gozatzeko.

– Honek ezin du horrela jarraitu. Milaka pertsona daude sorginenpean!- esaten zuen Santiagoko abadeak bere artean- Jaungoikoak zigortuko ditu denak aurreko Goienkaleko sorgina zigortu zuen moduan.

Artean, gogoratzen zuen nola agindu zion gizon bati garai hartako sorginaren ama akabatzeko duela 25 urte baino gehiago.

– Goienkalearen arazoarekin betiko bukatu behar da- Eta berehala abiatu zen soldaduen koartelera sorginekin bukatzeko plana asmatzera.

– Astean zehar ezin izango dugu ezer egin, jende gehiegi baitago beraien inguruan, eta matxinada pizteko arriskua egongo litzateke. Jaiaren azken egunean izango da gure unea. Biak elkarrekin, beraien etxe zaharrean egonda. Hain da etxe zaharra ezen, inork ez duen zalantzan jarriko sutan hasi dela barruko guztiak errez. Horrela sorginetaz libratuko gara.

Eta jaietako azken eguna heldu zen. Guztien iritziz, sekula egon den jairik onena izan zen hura. Baina beti heltzen da atsedenerako unea eta, asteari amaiera ematen zion igandea heldu zenean, bakoitza bere etxera joan zen lo sakona egitera.

Abadeak, ordua heldu zenean, ez zuen zalantzarik izan. Lau soldaduen laguntzaz, Goienkaleko etxeari sua eman zion. Enekok eta Goienkaleko sorginak ez zuten jaso sufrimendurik. Lo zeuden eta suak eragindako keak ito egin zituen, ezer nabaritu gabe. Mari gazteak, berriz, egoera triste hau begiak zabalik zituela bizi izan zuen. Hala ere, ez zeukan hondamenditik alde egiteko aukerarik. Suak, alde guztietatik inguratzen zuen gure Mari. Ez zegoen gorputza handik ateratzerik, arima, ordea, bai. Eta ikasitakoa erabiliz, arima atera zuen bere gorputzetik, heriotzari barre eginez. Dena den, hor gelditu zen betiko Goienkaleko sorginaren historia.

8.- HORTZAK ERAKUTSI

Hurrengo egunean, haiek ziren negarrak Bilbotarren artean! Santiagoko abadeak ere bere sermoian goraipatu egin zituen sorgin biak, sendagile bikainak zirela esanez. Putre halakoa!

Marik, bere lekutik, dena ikusten zuen. Eta, abadearen kontra, susmo galantak bazituen ere, ez zekien zer egin. Abadeak, haatik, ezin zuen Mari ikusi, ezta entzun ere. Beraz, lasai asko hitz egiten zuen soldaduen buruarekin.

– Oso ondo atera da sorginen kontu hori. Betiko bukatu dugu beraiekin. Laster, apezpikua izendatuko naute, Bilboko azkeneko hiru sorginekin bukatu baitut. Orain beren oroimenarekin bukatzea falta zaigu bakarrik. Goienkale, izenez aldatu behar dugu. Zer deritzozu Somera izena emateari?

Orduan, Marik, hura entzunda, bere esku sendoa sartu zuen abadearen bihotzean, eta ahal izan zuen beste estutu zuen. Abadeak min handia sumatu zuen bularrean, eta soldaduaren harridurako lurrera hilda erori zen.

Bilboko herriak sorgin biei eta Enekori omenaldia eskaini zien:

– Bilboko herriak zuek eta zure aurrekoek gure alde egindakoa ez du sekula ahaztuko. Mari, Goienkaleko sorgina; Mari Jaia, jaiaren arima; eta Eneko, eskerrik asko!

9.- MARI, ZER EGIN BEHAR DUT?… BILBO ERALDATU

Mari Jaia, lehengo aldiz bere bizitzan, noraezean zebiltzan. Jende artean bizi zen baina jendeak ezin zuen bera ikusi edo entzun. Zer egin? Ba hamar urte lehenago amak egindakoa egin zuen berak baita: Anbotora joan MARIren bila.

– MARI, hor al zaude? Goienkaleko sorgina naiz. Sekulako ezbeharra gertatu da gure familian eta ezin izango dut zuk agindutakoa bete.

– Bai, hemen nago. Lasai, jakinaren gainean nago, ez zaitez kezkatu, dena ondo doa eta.

– Baina, lehenengo aldia da Bilbo sorginik gabe gelditzen dela.

– Nola, gabe? Zu zara hango sorgina.

Baina ezin dut jendearekin hitz egin eta hauek ezin naute ikusi.

– Ez kezkatu horretaz. Zu izango zara Goienkaleko azken sorgina. Azkena baina betikoa. Ez zara hilko, arima moduan mantenduko baitzara.

– Eta nola lagunduko diet bilbotarrei?

– Ezin duzu beraiekin era arruntean hitz egin, baina bai ametsen bidez. Amets egiten duten bitartean, erakuts iezaiezu bidea. Gogoratu: kanpokoa onartu behar da baldin eta baketsu datorren. Horiei gure kultura irakatsi eta beraiena ikasi. Horrela izanda, beraien semeak, gutariko bat izango dira. Indarrez datorrenei, berriz, hortzak erakutsi behar zaie. Zure Bilboko semeak garai onak eta txarrak ezagutuko dituzte, baina ez utzi haiek sekula bakarrik.

– Horrela izango da!

Anbotoko damak esandakoa kontutan hartuta, Mari Jaia Bilbora itzuli zen, eta hortik aurrera, ez ditu bilbotarrak sekulan bakarrik utzi. Mendeak igaro ziren, eta Goienkaleko sorginen kondaira galdu zen. Bitartean, Bilbo gero eta haziagoa zegoen. Baina, Mari Jaia beti egon zen herri zabala eta euskalduna nahi izan zutenen bilbotarren ondoan. Hainbat pertsonari, MARIren agindua betez, ametsetan agertzen zitzaien bere izena eta bere irudia aurkeztu gabe. Horrela, Damak esandakoa bilbotarren buruan barneratzen zuen.

Bilbora lan egitera etorri ziren hainbat eta hainbat langileen ametsak berdintasunaren nahiarekin betetzen zituen. Sabino Aranaren ametsetan askotan ageri zen. R. Mª. Azkuek Euskaltzaindiarekin amestu zuenean, Mari tartean zegoen. Agirre eta Bilbo frankismotik babestu zutenekin azkenera arte egon zen. Pasionaria Moskun zegoela, gure arteko berdintasunarekin amesten jarraitzen zuen. Gabriel Arestiri euskal kultura Bilboko kontua ere bazela gogoratu zion gure Marik. Etxebarrietarrak maiz ikusten zuten beraien loaldi iraultzaileetan. Gau-eskola, ikastolak eta euskaltegien sortzaileekin lan egin zuen baita. Bilboko sorginak, faxismoaren gau ilunetan, itxaropenaren argia mantentzen zuen piztuta bilbotarren gogoetan.

– Denbora pasa eta 1978 urtea ailegatu zenean, Bilbori, makina bat urte ostean, jai herrikoiak ospatzeko lehengo aukera heldu zitzaion. Mari Jaia, denbora luzea eman zuen jo eta ke Bilbotarren buruetan ideia hau sartzen, bere garaian egiten zen moduan. Eta azkenean, bere eskakizunak aurrera egitea lortu egin zuen.

Dena den, Mari Jaiak kezka handi bat zuen. Ehunka urtez bilbotarron artean fisikoki egoteko aukerarik ez zuen izan. Berak bazekien ezin izango zela inoiz haragizkoa izan, baina nolabait ere bere auzokideen artean egon nahi zuen. Horretarako, ideia bat bururatu zitzaion: haragizkoa izan beharrean, kartoizkoa izatea. Honela, Aste Nagusi oso batez, gure artean egoteko aukera izango zuen.

Bere nahia betetzeko, lehengo aldiz, bere izena eta irudia aurkeztu zizkion Bilboko emakume bati, honek urtean behin kartoiez egin zezan.

Beraz, urtean behin, Mari Jaia Bilboko aste zoro horretan ikusten duzuenean ez pentsatu edonolako panpina dela. Hura duzue Goienkaleko sorgina, bere alaitasunez Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herri osoa eraldatzeko datorkiguna. Aste Nagusiaren bukaeran erretzen dutenean, ez egin negarrik. Ganorazko euskaldunak eta bilbotarrak baldin bazarete, Mari Jaia zuen ametsetan agertuko baitzaizue.