Marijaia

Marijaia Bilboko Aste Nagusiaren jainkosa da. 1978an Aste Nagusiarekin batera jaio zen. Bilboko herriak euskal mitologian oinarritu zen Marijaia sortzeko, antzinako Anbotoko Mariren mitoa berreskuratuz. Andre berezi honek bilbotar guztien maitasuna jasotzen du, eta bereziki gaztetxoena.

Urtero Aste Nagusiaren txupina botatzean Marijaia Bilbora bueltatzen da Mari Puri Herrero artista bilbotarraren eskutik. Aste Nagusiaren ekitaldi garrantzitsu gehienetan parte hartzen du. Beti besoak altxaturik agertuko zaigu, alaitasun ikurra bilakaturik. Bilboko jaiek irauten duten bederatzi egunetan bilbotarroi etengabe kemena ematen digu.

Aste Nagusiaren azken gauean (domekan) Marijaia erretzen da. Horrela, inork nahi ez duen Aste Nagusiaren amaiera heltzen da. Bilbotarrak hurrengo urtera arte itxaron behar izango dute Marijaiarekin berriro jaietan murgiltzeko. Orduan, Egiptoko mitologiako Fenix hegaztia bezala, Marijaia bere errautsetatik berpiztuko da.