Inkresta

2001. urteko Aste Nagusiaren ostean, gure konpartsakideei inkresta bat luzatu genien. Hemen daukazue dokumentu historiko hori. Gaur egun, oraindik, baliagarria delakoan gaude.

ASTE NAGUSIA 2.001
HAU PITTU HAU-ren INKRESTA

Aldizkari xelebreenetan egiten den moduan 10 galderetako test txikia egingo dizuegu. Honen bidez, Aste Nagusia zelan pasatu duzuen ikusiko dugu.

  1. Ze nolako egoeratan zeunden txupinazo-egunean gaueko 5ak aldera?

    • a. Primeran. Hor Dago-ko Itsaso, Lur eta beraien bi bikiekin hitz egiten egon nintzen, eta bostok egundoko barreak egin genituen.
    • b. Goizeko 5etan jada ohean nengoen. Baina egun hartan nire logelak itsasontzi bat ematen zuen. Lurrikararik egon al zen Bilbon?
    • d. Ni ondo. Konpartsako gainontzekoak mozkor, mozkor zeuden.
  2. Zenbat Mandragora edan zenituen lehenengo igande gauean?
    • a. 3 edo 4, zergatik?
    • b. Sabelean eta buruan nuenarekin ezinean nenbilen, baina 5 edo 6 kalimotxo / garagardo hartu nituen
    • d. Bat ere ez. Ura eta zukuak edan nituen.
  3. Asteleheneko konpartsaren bazkariaren ostean patxaran botila batzuk atera ziren, probatu al zenituen?
    • a. Botila erdia, besterik ez.
    • b. Badakizu, patxaranak digestioan laguntzen duenez, edalontzi bat eta erdi, baina izotz askorekin.
    • d. Zergatik konpartsaren bazkarietan ateratzen dute patxarana eta ez kafea?
  4. Alkohola alde batera utzita, Bertsotrikikalejiran zeri buruzkoak izan ziren bertsoak?
    • a.- Bertsoak??? Tarta bat ikusi nuen, baina eskuetan bi katxi nituenez…
    • b.- Igelari buruzko zerbait. Tarta bat atera zuten. Hor Dago aipatu zuten ere bai. Ez dut oso ondo gogoratzen.
    • d.- Igelaren urteurrena ospatzeko tarta bat oparitu genien Eguzkizalekoei. Gero, betikoa. Megafoniarekin hainbat arazo egon baziren ere, Hor Dago eta Hau Pittu Hau-ren arteko bertso satirikoak bota zituzten.
  5. Txosnan txanda eduki zenuenean, lan handia eduki zenuen?
    • a.- Arazorik ez. Ni tragoak hartzen nenbilen, eta kanpokoak ere bai, dantza eta dantza.
    • b.- Bai, baina badakizu, apurka apurka orduak pasatzen dira. Tartean atsedenaldi bat hartu, garagardotxo edo freskagarri bat barrura sartu….. eta txanda bukatu da.
    • d.- Bai, baina jendea ez al da edateaz nekatzen?
  6. Atseden egunen bat hartu al duzu?
    • a.- Jaiak bukatu al dira???
    • b.- Bai, hiru egunetan goizeko lauretan joan nintzen etxera, besteetan GAUPASA.
    • d.- Bai, etxean Isostar prestatuta nuen, badakizu, hainbeste izerdi botata gatz asko galtzen da eta…
  7. Aste Nagusiak bederatzi egun baino gehiago iraun beharko luke?
    • a.- Uste dut orain Erandio eta Lekeitio daudela jaietan, gero Galdakao…
    • b.- Ez, mesedez, datorren urtera arte Aste Nagusi gehiagorik ez!!!
    • d.- Uste dut 9 egunetako jaia ez dela ez asko ez gutxi, ondo dago.
  8. Euskalguneko kontzertuak gustatu al zaizkizu?
    • a.- Kontzerturik egon da?
    • b.- Trikitixarekin zebiltzan, baina ez nuen oso ondo ikusi, ni barra ondoan nengoen eta.
    • d.- Programazio orekatua izan da.
  9. Larunbateko konpartsen arteko bazkarira joan al zinen?
    • a.- Ez, badakizu, Bilbin goizeko 10etan ixten dute, eta bazkaria arratsaldeko 3etan zen.
    • b.- Bai. Aurreko egunean goizeko 8etan etxeratu beharrean, 7etan joan nintzen, apur bat lo egiteko.
    • d.- Bai noski.
  10. Mari Jaia-ren erreketan egon zinen?
    • a.- Bai, gero txosnetako soberakinak banatzen dituzte.
    • b.- Ez, etxean lo egiten nengoen.
    • d.- Bai, pena handiz joan ginen agurtzera.

INKRESTAREN ERANTZUNAK

A EREDUA (OLIVERI, EZ EULITU)
(Erantzun gehienak “a” motakoak)

Joder, jaian jotake, edan ta edan, gaupasa, gaupasa eta gaupasa. Zu izan zara jaietako izarra. Lasaitu behar zara, ze Mick Jagger ere honela hasi zen, eta orain ikusi. Aholku bat, galdera guztietan “a” erantzunez gero (Astrabuk adibidez), irakurri Elhuyarren ia zelan doan gibel transgenikoak egiteko ikerkuntza, behar izango duzu eta.

B EREDUA (EZ TXITXA, EZ LIMONA)
(Erantzun gehienak “b” motakoak)

Erantzun gehienak “b” motakoak egin dituenak bere garaian “a” motakoak egiten zituen. Hau da, pertsona hauek gehiago nahi dute, baina ezinean dabiltza. Oso kontu tamalgarria, hauek dira futbolari zaharren modukoak. Ez dute fondorik, baina badakite zelaian kokatzen. Bilatu neska edo mutil formala, eta hasi harrobia lantzen, Hor Dagokoek egiten duten moduan.

D EREDUA (ABSTEMIOAK ETA FORMALAK)
(Erantzun gehienak “c” motakoak)

Hauek bai dira kasu bitxiak, gure konpartsan gutxienez, bi motakoak daude. Alde batetik, benetako abstemioak dauzkagu (Jon adibidez), eta beraien aukera guztiz errespetagarria da. Eta beste aldetik, konbertsoak daude (hauek dira txarrenak). NORBAITEK USTE AL DU AITOR (alias, matame matame!!!) D EREDUKOA DENIK???…