Bilbotik EH-ra

MARIJAIAREN IBILBIDEA EUSKAL HERRITIK (2002-VIII-20)

“Marijaia bera, gure Marijaia, Bilbora etorri da Aste Nagusira…” dio abestiak, eta horrela izan zen. Gure Marijaia Bilbon egon zen bai, baina 2002. urtean –Hau Pittu Hau-ren 15. urteurrena- beste urtetan gertatu ez bezala, Marijaia Euskal Herria ezagutzera atera zen. Donostia, Maule, Gasteiz… Euskal Herriko hiriburu guztiak ezagutu zituen. Inoiz egin ez zuena egin zuen, eta horregatik, Marijaia oso pozik itzuli zen Bilbora. Leku guztietan Marijaiaren presentziak jendea alaitu zuen: Irulegiko irratikoak, Gasteizko lorazainak, Baionan bizi diren errefuxiatuak… Hemen daukazue bidai zoragarri honen kronika.

Aste Nagusiko martitzena zen. Goizeko 9ak aldera. Aurreko gauean Marijaia Pa…Ya-ko txosnan utzi genuen golfeatzen. Hortaz, hara hurbildu, kartoizko andreak alokatutako furgoneta hartu eta Gasteizerantz abiatu ginen. Bitartean, gainontzeko konpartsakideek eta trikitilariek, Marijaia gurekin zetorrela jakin gabe, Zabalburu plazan autobusa hartu eta Euskal Herrian zeharreko poteo nazionalari ekin zioten. Aitortzekoa da beldurra sentitu genuela. Nola hartuko luketen bilbotarrek guk Marijaia Euskal Herritik paseotxo bat eramatearena?

Gasteizera goizeko hamar t´erdiak aldera ailegatu ginen. Heldu bezain laster gure konpartsakide batek sekulako sorpresa jaso zuen. “Baina… hori Marijaia da! Ze ostia egiten dau hemen Bilbotik hain urrun?” Zelako barreak! Ez genuen pentsatzen sekretua hain ondo gordeta geneukanik. Handik gutxira beste sorpresa bat hartu genuen. Bapatean, Andra Mari Zuriaren plazan lan egiten zeuden bi lorazain bizkaitarrak gurekin dantzatzen hasi ziren. Mari Jaiaren bisita oso ondo hartu zuten, bai bizkaitarrek eta baita hainbat gasteiztarrek ere. Bertako atso bat hurbildu, eta hauxe bota zigun: “Ze poza handia hartu dudan hemen, zuzenean, Bilboko Marijaia ikustean. Telebistan ere polita agertzen da, baina aurrez aurre ikusita askoz ederragoa da. Ai, ze polita den!”

Iruñerantz jo genuen orduan. Denbora pasatu ahala lasaitu ginen. Bilbotik, oraindik, berri askorik ez zitzaigun ailegatzen ari. Dena den, gureaz jabetu ziren kazetariak telefono mugikorrera deika ibili ziren: “Baina, zuekin dago? Benetan?”, “Iruñera eramango duzuela? Zein ordutan izango da hori?”, “Eta nola bururatu zaizue?”, “Ez, ez, ideia polita da, baina, bilbotarrek zer esango dute?”,…

Finkatu genuen moduan, hamabietan Iruñeko udaletxeko enparantzan agertu ginen Bilboko Aste Nagusiko enbaxadorearekin. Trikitixaren soinuaz eta ikurrinaz inguraturik Marijaiak kristoren giroa sortu zuen. Giri guztiak paratu ziren argazkiak egiten, eta animatuenak dantzatzen ere hasi ziren. Gasteizen bezala, entzun genituen komentario xelebreak: “Buruhandiak kalean!”. Batzuk ziur zalantzatan geratu ziren San Ferminak bukatu ez ote ziren. Argazki Press-eko argazkilaria laster agertu zen hitzartutako esklusibaren bila. Pare bat pote edan, bazkaltzeko bokatak erosi eta jarraitu genuen geure bidaiarekin.

Donibane Garazira ailegatzean Irulegi irratikoak jada gure zain zeuden elkarrizketatzeko. Ez zegoen denbora galtzerik, hori dela eta, taldea bitan banatu zen. Batzuk Marijaiarekin Maulerat abiatu ziren, eta bitartean besteak irratira joan eta elkarrizketa egin genuen. Zuzeneko irratsaioan gure bidaiaren zergatia azaldu genuen, eta baita Bilboko jai-eredua eta gure txosnak nolakoak diren ere. Aukera profitatuz, eskaintza paregabea egin genien Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroako lagunei: “Bilboko jai hauetan iparraldeko norbait Hau Pittu Hau-ren txosnatik pasatzen bada, bi garagardo dohainik” (eta pasatu ziren, bai, Irulegi Irratian entzundakoa kontuan izan zutenak, Donibane Garaziko bi lagun, hain zuzen). Irratsaioa amaituta, material-trukea egin genuen. Hau Pittu Hau-ren pegatak eta Marijaiaren diskoak eman genizkien, eta beraiek irratiaren pegatak eta Egunkariarekin batera ateratako diskoa eman zizkiguten. Besarkada handiak agur esaterakoan eta gonbidapena denei haien herriko festetara joateko (eta oraindik ez gara pasatu, eh!!!).

Bitartean, Maulen zeuden konpartsakideek sorpresa ederra hartu zuten. Mauleko trinketearen alboan furgoneta pausatu eta gero, Marijaiarekin argazki batzuk atera genituen frontoian. Horretan geundela, ume batek bere aitari ondokoa esan zion: “Aita, hori Marijaia da, irratian aipatu dutena, Bilbotik etorritako panpina!”. Joder, ze azkar zabaltzen diren berriak.

Donibane Garazin denak elkartu ginenean kalejira ikusgarria egin genuen. Marijaiari alde zaharreko kantoi guztiak erakutsi genizkion, eta bide batez, bera bertako jendeari ezagutarazten ibili ginen. Batzuk, ausartenak, gugana hurbildu ziren ea panpina erraldoi hura nor zen galdezka. Aukera ezin hobea izan genuen Bilboko jaien ereduari buruz hitz egiteko.

Gure ibilbideari jarraituz, Baiona Ttipira heldu ginen, jada bidaia luzeak eragindako nekea sentituz (konpartsakide batzuk gaupasaz etorri ziren!). Horregatik, zerbait lasai hartzera ostatu batera joan ginen. Kasualitatez aukeratu genuen tabernan errefuxiatu batzuekin egin genuen topo, eta denok, une batez, gure ekintzak Bilbon izango zituen ondorioak ahaztuz, harro sentitu ginen. Zer nolako poza eta alaitasuna sortu zezakeen gure ideia magikoak! Errefuxiatuen ustez, Euskal Herriko lurraldetasuna aldarrikatzeko modu bitxi hau ideia ezinhobea zen. Bilbotik heltzen ziren berriak ez ziren oso onak (Jai Batzordean zegoen gure konpartsakidea etengabe deiak jasotzen ibili zen), baina egindako lanak eta bidaian zehar izandako harremanek poztu gintuzten.

Zeharo nekatuta, azkenik, gaueko 9ak aldera, Donostian agertu ginen, hori baitzen bisitatzeko falta zitzaigun azken hiriburua. Alderdi Ederren gelditu eta udaletxearen aurrean dantzan ibili ginen. Jendea gugana hurbiltzen hasi zen: “Ze ostia egiten dezute hemen, Bilbon ez dago jairik ala?”, “Hau ez da benetako Marijaia. Kopia bat besterik ez da!” eta abar… Ñoñostiar fedegabe horiek!

Gaueko 11ak pasatuta Bilbora ailegatu ginen, eta Marijaiak ongi etorri beroa jaso zuen. Hortik aurrera gertatutakoa ezaguna da: errietak, zorionak, denetarik egon zen. Baina balorazio guztien gainetik, guretzat Marijaiarekin egindako bidaia zoragarria izan zen, neketsua ere, baina batez ere, ikaragarria eta ahaztezina. Zalantzarik gabe, merezi izan zuen. Marijaia Baiona, Iruñea edo Donibane Garaziko karriketatik berriro ikusteko agian beste 25 urte itxaron beharko da. Kontrolatuta izango gaituzte, baina behin lortuta, berriro errepikatzeko gai izango gara. Ez izan zalantzarik!