Hau Pittu Hau Eguna

Apirilak 29, igandea

10:00 Mendi irteera Pagasarrira. Atean (langan) lotu gara, igotzen asteko.

Maiatzak 4, ostirala

18:00 EUSKARAZ BIZIkleta martxa, Arriagatik.

Maiatzak 5, larunbata
Alde Zaharrean

11:30etik aurrera…

  • Triki-kalejira
  • Garagardo adituen dastaketa / lehiaketa
  • Barraskiloari ongi etorria
  • Umeentzako papiroflexia tailerra

15:00 Bazkaria, 7 Katun

Arratsaldean…

20:00 Hau Pittu Hop!, Oihana Bartra eta Gorka Ostolaza “Potxis” bertsolariekin, 7 Katun.
Gauean, Endika 121

Maiatzaren 5ean etor zaitez gurekin Hau Pittu Hau eguna ospatzera!

hph-eguna-egitaraua-gaua

Kaixo lagunok,

Jakingo duzun moduan 25 urte dira jada Hau Pittu Hau – Euskaldunon Konpartsa sortu zenetik, eta heldu da garaia ospakizunekin hasteko. Maiatzaren 5ean Hau Pittu Hau eguna ospatuko dugu 7 Katu gaztetzean, “25 urte euskarari bedar txarrak kentzen” lelopean.

25 urte hauek zuekin batera pasatu izan ditugunez, zuekin ospatu nahi dugu, eta guretzako oso pozgarria izango litzateke gurekin batera Hau Pittu Hau eguna ematen baduzue.

Baina, dena jaia ez denez, maitzaren 5a baino lehen bi ekitaldi antolatu ditugu, kirola eta errebindikazioa ustartuz.

Apirilak 29, igandea

10:00 Mendi irteera Pagasarrira. Atean (langan) lotu gara, igotzen asteko.

Maiatzak 4, ostirala

18:00 EUSKARAZ BIZIkleta martxa, Arriagatik. Ekarri zure bizikleta eta euskararen aldeko banderola, kartelak edo kamisetak. Bilboko bidegorrietatik ibilbidetxo bat egingo dugu.

Maiatzak 5, larunbata, izango da egun nagusia eta, bertan urtero egiten dugun bertso bazkarian aldaketa batzuk egin ditugu. Maiatzaren 5ean Bilbon beste ekitaldi garrantzitsu bat dagoenez, eta ekitaldiak ez ostopatzeko, egitaraua banandu dugu.

Egitaraua:

Goizean…
11:30etik aurrera, Alde Zaharrean.

  • Triki-kalejira
  • Garagardo adituen dastaketa / lehiaketa. Etorri eta erakutsi garagardo ezberdinen artean ezberdintzen jakin badakizula.
  • Umeentzako papiroflexia tailerra, 7 Katu gaztetxean.
  • Barraskiloari ongi etorria

15:00 Bazkaria, 7 Katun. Garaiz hasiko gara, gero nahi duena beste ekitaldira joan ahal izateko. Bazkarira etorri nahi baduzue idatzi haupittuhau@haupittuhau.org helbidera edo deitu 644 205 112 telefono zenbakira.

Arratsalde-gauean…

20:30 Plater nagusia: Hau Pittu Hop!, Oihana Bartra eta Gorka Ostolaza “Potxis” bertsolariak 7 Katun, Endika 121en laguntzaz. Bertsoekin bukatu ostean, Hau Pittu Hauren kanta berriaren aurkezpen mundiala egingo dugu!

Bukatzeko, gauean zehar giro aparta izango dugu Endika 121ek jarritako musikarekin. Hortik aurrera bakoitzak presta dezala bere egitaraua Hau Pittu hau eguna ahalik eta erarik hoberenean amaitzeko.

Maiatzaren 5ean ere jarrai dezagun euskarari bedar txarrak kentzen!

Indarkeria poliziala stop! Apirilak 21, nazio manifestazioa

iñigo-cabacas-manifestazioa-kartela

Badator Hau Pittu Hau Eguna!


Kaixo lagunok,

Gertu daukagu Hau Pittu Hau Eguna. Maiatzaren 5ean, larunbata, ospatuko dugu; eta esan barik doa, aurten, oso berezia izango dela deialdia. 2012an 25 urte betetzen ditu Hau Pittu Hau konpartsak eta, debora guzti horretan egin bezala, maiatzaren 5ean ere jarraituko dugu euskarari bedar txarrak kentzen!

Aipatu eguneko ekitaldi batzuk zehazteke ditugu oraindik. Hona hemen egitarauaren aurrerapena:

Goiz-eguerdian zehar:

  • Pintxo kafea.
  • Triki-kalejira.
  • Garagardo adituen dastaketa / lehiaketa.
  • Barraskiloari ongi etorria.
  • Bazkaria, 7 Katun.

Arratsaldean:

  • Hau Pittu Hop!, Oihana Bartra eta Potxis bertsolariekin.

Hala ere, aurreko egunetan ere izango dugu zertaz gozatu:

Apirilak 29, igandea:

Goizetik aurrera, mendi irteera, Pagasarri aldera.

Maiatzak 4, ostirala:

18:00 Bizikleta martxa, Arriagatik.

Guztia zehaztu ahala joango gara horren berri ematen. Hala ere, apuntatu eguna zuon agendetan!

Maiatzaren 5ean ere jarrai dezagun euskarari bedar txarrak kentzen!

Bizkaia eta Euskal Herriko gizarte mugimendu eta herritarrak: “Herritarrok eta herri mugimenduok ezin dugu gehiago!”

stop-balas-de-goma

Lehenik eta behin, hemen bildutakook, herritar eta herri mugimendu andanen ahotik, gure mina adierazi eta elkartasun osoz Iñigo Cabacas gaztearen senide eta lagunen beharrizanetara geratzen gara.

Iñigo, Ertzaintzak botatako pilotakadaz erail dute. Denbora luzean zehar herritarren kontra erabilitako arma eta estrategiarekin, hain zuzen ere. Edalontzia bete duen azken tanta. Hurbileko adibideak ditugu, Xuban Nafarrate gasteiztarraren kasua, edota Kukutza gaztetxea hustu ondorengo zaurituena, besteak beste.

Ez dugu beldurpean bizi nahi, inongo gune zein aldarrikapenetan, eta horixe da egun gobernuak gidatutako poliziak bilatzen duena (brigada bereziak, jarrera oldarkorrak, kode penalaren zorroztea, boterearen gehiegikeria…). Baina hau amaitu da. Honekin bukatzera goaz. Horregatik, erantzukizun politiko eta zibilak eskatzen ditugu, Rodolfo Ares eta Barne Sailetik hasita.

Honekin batera, Europako Batzordeak aspalditik eskatutakoa bete eta peloterak zein bestelako eraso-armak behin betiko alde batera uzteko exijitzen dugu, gaurtik hasita.

Amaitzeko, herritar orori, hain lazgarria den egoera hau aintzat hartu eta egunotan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu. Gaur bertan, arratsaldeko 8etan, Zabalburu plazan egingo dugun eserialdian parte hartzeko deia egiten dugu, bai eta lagunek ostiralean Basaurin egingo duten manifestaldian, besteak beste.

Hurrengo deialdiak:

Apirilak 12 (osteguna). Iñigo Cabacasen heriotza salatzeko ekimenak:
11:00 Pentsaurreko masiboa Bilboko epaitegien aurrean.
12:00 Kontzentrazioa udaletxean.
20:00 Kontzentrazioa Zabalburu plazan.

Apirilak 13 (ostirala). Iñigo Cabacasen heriotza salatzeko ekimena. 20:30ean Basaurin

Apirilak 15 (igandea). Iñigo Cabacasen heriotza salatzeko manifestazioa. 16:30ean Moyua plazan.

Bizkaia eta Euskal Herriko gizarte mugimendu eta herritarrak
Batzarrean bilduta, Bilboko Ekoetxean, apirilaren 11n.

Euskal Konfederazioa eta Kontseilua: “Gure hizkuntzak, eskubide bat lege bat”

IMG_9378

Argazkian, manifestazio arrakastatsua egin zuten larunbatean Baionan / © Kontseilua

Euskal Konfederazioa eta Kontseiluaren izenean, Deiadar manifestaldi honetan parte hartu duzuen guziei mila esker. Milaka herritar bildu gira, gure hizkuntzaren ofizialtasunaren eta lege baten aldarrikatzeko. Euskararen aldeko sustenguak marka berri bat gainditu du Baionan. Zinez, eskerrak, euskararen aldeko urrats hori eginik. Azken 5 urteotan lurralde hizkuntzak aipagai izan badira ere (frantses gobernutik hitzeman hizkuntza-lege proiektua, diputatu eta senatari batzuek landu lege proposamenak edota Konstituzioaren aldaketa 2008an), gaur egun euskara bezalako hizkuntzek ez dute oraino ezagupen ofizialik frantses Estatuan.

Alta, beste edozein hizkuntza-komunitatek bezalaxe, euskaldunok ere hizkuntz eskubideak baditugu. Deiadar honen bidez zabaldu ditugun aldarrikapenez gain (euskara hizkuntza ofiziala izatea, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berrestea eta eragile bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak finkatuko dituen hizkuntz lege eraginkorra bozkatzea eta aplikatzea), bildu gara euskaraz bizi nahi dugula adierazteko. Finean, euskaraz bizitzeko nahitaezkoa dugu geure hizkuntzak status egokia izatea. Euskara berezkoa da gure herrian, estatus ofiziala esleitu behar zaio, lehentasunezkoa egun bizi duen egoera gutxiagotuari amaiera emateko, bai eta ezagutu beharrekoa ere.

Eta Baionan egin dugun bezalaxe, Kemperen, Perpinyanen, Aiacciun, Tolosan eta Estrasburgon, besteak beste, milaka eta milaka jende bildu da gure hizkuntzentzat lege-koadro bat galdegiteko, gure hizkuntzetan normaltasun osoz bizi ahal izateko, ditugun hizkuntza-eskubideak ezagutuak eta errespetatuak izan daitezen. Lege babes horrek euskaldunok pairatzen ditugun diskriminazioen bukaera ekarri behar du.

Diskriminazio bat aipatzearren, hemen ditugu Seaskako Etxepare lizeoko ikasleen adibidea: ikasketak osoki euskaraz bururatu eta, baxoa ezin dute euskaraz pasatu. Eta aktualitateko beste adibide bat emateko, dirulaguntzen diskiriminazioa jasan duten euskal hedabideak ere ez nituzke aipatu gabe utzi nahi. Ezin dugu gehiago onartu horrelako hizkuntz eskubide urraketarik, ez irakaskuntza arloan, ez eta ere beste arloetan. Frantsesa erabilia eta garatua den heinean erabilia eta garatua izan behar da euskara. Herritarrei hizkuntz eskubideak onartuko dizkien legea eta botere publikoei betebeharrak finkatuko dizkien legea behar dugu.

Egungo manifestaldia euskararen berreskurapen osora eramamen gaituen bidean beste urrats bat besterik ez da. Botere publikoek beren erantzukizunak hartu behar dituzte, eta bildu gara hori oroitarazi eta aldarrikatzeko, gure aldetik segi dezagun mobilizatzen, segi dezagun euskara ikasten eta transmititzen, segi dezagun euskaraz bizitzen!

Zazpi mila lagun elkartu dira Baionan, euskararen ofizialtasunaren alde

Zazpi mila lagun inguru elkartu ziren larunbatean Baionan egin zen manifestazioan. Martxa Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak antolatu zuten, eta eragile ugariren babesa izan zuen.

Argazkiak eta bideoa: © Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua


Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa apirilaren 21ean izango da

IMG_7873

Argazkian, Hau Pittu Hau konpartsaren ordezkaritza 2008ko txapelketan / cc-by ukberri.net.

2012ko esaera zaharren txapelketa apirilaren 21ean (larunbata) jokatuko da Sopelan, eta aurtengoa 19. edizioa izango da. Ohi bezala, herriko tabernetan zehar egingo dituzte lehiaketako lehen kanporaketak goizeko 11etatik aurrera, Algortako Bertsolari Eskolakoek (ALBE) lagunduta eta musikaz girotuta. Finalerdia eta finala, berriz, frontoian jokatuko dituzte bazkalostean, Arrate Illaro eta Julio Soto bertsolarien eskutik edo ahotik. Izen ematea apirilaren 16ra arte egongo da zabalik; helbide hauetara idatzita: jose-p[abildua]aek.org / aitor-f[abildua]aek.org edota telefono zenbaki hauetara deituta: 618 574 445 (Josetxu) / 695 774 015 (Aitor).

Lotura hauetan topa daitezke esaerak, berauen azalpenak eta lehiaketaren oinarriak.