Euskal Konfederazioa eta Kontseilua: “Gure hizkuntzak, eskubide bat lege bat”

IMG_9378

Argazkian, manifestazio arrakastatsua egin zuten larunbatean Baionan / © Kontseilua

Euskal Konfederazioa eta Kontseiluaren izenean, Deiadar manifestaldi honetan parte hartu duzuen guziei mila esker. Milaka herritar bildu gira, gure hizkuntzaren ofizialtasunaren eta lege baten aldarrikatzeko. Euskararen aldeko sustenguak marka berri bat gainditu du Baionan. Zinez, eskerrak, euskararen aldeko urrats hori eginik. Azken 5 urteotan lurralde hizkuntzak aipagai izan badira ere (frantses gobernutik hitzeman hizkuntza-lege proiektua, diputatu eta senatari batzuek landu lege proposamenak edota Konstituzioaren aldaketa 2008an), gaur egun euskara bezalako hizkuntzek ez dute oraino ezagupen ofizialik frantses Estatuan.

Alta, beste edozein hizkuntza-komunitatek bezalaxe, euskaldunok ere hizkuntz eskubideak baditugu. Deiadar honen bidez zabaldu ditugun aldarrikapenez gain (euskara hizkuntza ofiziala izatea, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berrestea eta eragile bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak finkatuko dituen hizkuntz lege eraginkorra bozkatzea eta aplikatzea), bildu gara euskaraz bizi nahi dugula adierazteko. Finean, euskaraz bizitzeko nahitaezkoa dugu geure hizkuntzak status egokia izatea. Euskara berezkoa da gure herrian, estatus ofiziala esleitu behar zaio, lehentasunezkoa egun bizi duen egoera gutxiagotuari amaiera emateko, bai eta ezagutu beharrekoa ere.

Eta Baionan egin dugun bezalaxe, Kemperen, Perpinyanen, Aiacciun, Tolosan eta Estrasburgon, besteak beste, milaka eta milaka jende bildu da gure hizkuntzentzat lege-koadro bat galdegiteko, gure hizkuntzetan normaltasun osoz bizi ahal izateko, ditugun hizkuntza-eskubideak ezagutuak eta errespetatuak izan daitezen. Lege babes horrek euskaldunok pairatzen ditugun diskriminazioen bukaera ekarri behar du.

Diskriminazio bat aipatzearren, hemen ditugu Seaskako Etxepare lizeoko ikasleen adibidea: ikasketak osoki euskaraz bururatu eta, baxoa ezin dute euskaraz pasatu. Eta aktualitateko beste adibide bat emateko, dirulaguntzen diskiriminazioa jasan duten euskal hedabideak ere ez nituzke aipatu gabe utzi nahi. Ezin dugu gehiago onartu horrelako hizkuntz eskubide urraketarik, ez irakaskuntza arloan, ez eta ere beste arloetan. Frantsesa erabilia eta garatua den heinean erabilia eta garatua izan behar da euskara. Herritarrei hizkuntz eskubideak onartuko dizkien legea eta botere publikoei betebeharrak finkatuko dizkien legea behar dugu.

Egungo manifestaldia euskararen berreskurapen osora eramamen gaituen bidean beste urrats bat besterik ez da. Botere publikoek beren erantzukizunak hartu behar dituzte, eta bildu gara hori oroitarazi eta aldarrikatzeko, gure aldetik segi dezagun mobilizatzen, segi dezagun euskara ikasten eta transmititzen, segi dezagun euskaraz bizitzen!

Leave a Reply

*