Nerea Orizaola, Zaratas konpartsako kidea, izango da aurtengo txupinera

Zaratas konpartsako Nerea Orizaola izango da 2012ko Aste Nagusiko txupinera, gaur Bilboko Konpartsek jakitera eman dutenez.

Ekainaren 19an eman zuten ezagutzera Zaratas konpartsak aukeratu behar zuela aurtengo txupinera. Horrenbestez, Orizaola Aste Nagusiko 34. txupinera izango da, 1978tik aukeratzen baita jaiei hasiera ematen dien suziria jaurtitzen duen laguna, beti emakumezkoa.

Atzo bilera egin zuen konpartsen koordinadorak eta gaur bertan txupineraren izena jakinarazi diote Itziar Urtasun jaietako zinegotziari.

“Marylinjaia” izango da 2012ko Aste Nagusiko kartela

Iturria: Bilboko Branka

Peru Isasiren “Marylinjaia” lanak iragarriko du, abuztuaren 18tik 26ra ospatuko den 2012ko Aste Nagusia. Bilbotarrek emandako bozken %75arekin eta epaileek gehitutako %25arekin hartu dute erabakia eta Isasik 2.500 euroko saria jasoko du bere kartela Bilbo txoko ezberdinetan ikusgai jartzeaz gain.

“La mirada de Marijaia”, “De la chistera”, “34 Marijaiak”, “Marijaia o Picajaia”, “Marylinjaia” eta “Aste Nagusia Internacional” lanak izan ziren 2012ko Aste Nagusiko kartelen lehiaketako sei finalistak eta azkenean Peru Isasi diseinatzailearen “Marylinjaia” izan da irabazlea. Bere kartela aurtengo jaien irudia izango da eta horretaz gain, 2.500 euroko diru sarrera irabazi du.

245 lagun aurkeztu ziren Aste Nagusiko kartelen lehiaketara eta sei finalisten lanak Zabalgune eraikinean eta bilbao.net web gunean ikusgai egondira ekainaren 25etik 29ra. Era horretan, bilbotarrek lan guztiak ikusteko eta euren botoa emateko aukera izan dute bertan, zein Aste Nagusiko facebook kontuaren eta lehiaketaren laguntzaile diren komunikabideen bidez.

Erabakia hartzeko orduan, bilbotarrek bozken %75a izan dute eta epaimahaiak %25ekoa. Azken horretan, Jai Batzordeko ordezkari politikoak diren Pilar Muerza eta Goyo Zurrok; Iñaki Leonardo Bilboko Konpartsakeko bozeramaileak; Unai Izquierdo El Correo TVko kazetariak; Eusko Irudigile elkarteko Daniel Martinek eta Jose Antonio Nielfak “La Otxoak” parte hartu dute, Itziar Urtasun Udaleko Jaietako zinegotzia izan delarik zuzendaria.

Badator Hau Pittu Hau Eguna!


Kaixo lagunok,

Gertu daukagu Hau Pittu Hau Eguna. Maiatzaren 5ean, larunbata, ospatuko dugu; eta esan barik doa, aurten, oso berezia izango dela deialdia. 2012an 25 urte betetzen ditu Hau Pittu Hau konpartsak eta, debora guzti horretan egin bezala, maiatzaren 5ean ere jarraituko dugu euskarari bedar txarrak kentzen!

Aipatu eguneko ekitaldi batzuk zehazteke ditugu oraindik. Hona hemen egitarauaren aurrerapena:

Goiz-eguerdian zehar:

  • Pintxo kafea.
  • Triki-kalejira.
  • Garagardo adituen dastaketa / lehiaketa.
  • Barraskiloari ongi etorria.
  • Bazkaria, 7 Katun.

Arratsaldean:

  • Hau Pittu Hop!, Oihana Bartra eta Potxis bertsolariekin.

Hala ere, aurreko egunetan ere izango dugu zertaz gozatu:

Apirilak 29, igandea:

Goizetik aurrera, mendi irteera, Pagasarri aldera.

Maiatzak 4, ostirala:

18:00 Bizikleta martxa, Arriagatik.

Guztia zehaztu ahala joango gara horren berri ematen. Hala ere, apuntatu eguna zuon agendetan!

Maiatzaren 5ean ere jarrai dezagun euskarari bedar txarrak kentzen!