Jone Artolaren, behin-behineko suspentsioaren aurrean, hurrengoa adierazi nahi dugu

Argazkian, Jone Artola eta Iraia Iturregui aurtengo txupinera eta pregoilaria.

Azken egunotan errepikatu dugun bezala, ez dugu planteatzen Jone Artola ez den pertsona bat 2013ko Aste Nagusiko txupinera izan daitekeenik, konpartsa guztiak eta haien pluraltasuna ordezkatzen dituen kargua. Komunikabideetan, Jai Batzorde Mistoan eta epaitegian aurkeztutako alegazioetan behin eta berriz errepikatu dugunez, ez dago inolako benetako arrazoirik Jone txupinera izan ez dadin.

Epailearen ebazpenari dagokionez, harrigarria da aurkeztutako alegazioak onartu ostean, behin-behineko suspentsioa mantentzea, bereziki orain dela oso gutxi bi konpartsari ezarritako zigorrak behin-behinean etetea onartu ez zenean, eta ondoren legearen kontrakoak eta baliogabeak deklaratu zirenean, dagoeneko kaltea eginda zegoenean.

Ez da onargarria Aste Nagusiarekin zerikusirik ez duten interesengatik bilbotar guztiok Aste Nagusiari eta bere ikonoei egindako eraso honen egoera nazkagarria jasan behar izatea.

Aste Nagusiaren 3 ikonoak (Marijaia, txupinera eta pregoilaria) bere hasierako momentua konpartitu ezin dezaketen egoera batean, ez dira ematen txupinaren ekitaldia normaltasunez egiteko baldintzak, izan ere kasu honetan hiruki honen funtsezko elementu bat faltako litzateke, hain zuzen Aste Nagusiari hasiera ematen dion txupina botatzen duena.

Bilboko Konpartsontzat tamalgarria da, beste behin ere, gure indar eta denbora guztia benetan gogoko dugunean ez ematea, jaia sortu eta disfrutatzea, gurekin zerikusirik ez duten gai hauekin ibili beharrean. Hala ere, gure gogo guztia jarriko dugu jaietako 3 ikonoak merezi duten mailan egoteko, horrela guztiok hasiera hasieratik posible den Aste Nagusirik onena bizi ahal izateko, nahiz eta gustatuko litzaiguken bezalakoa ez izan aguafiesten erruz.

Erabaki judiziala edozein izanik ere, Jone Artola 2013ko Aste Nagusiko txupinera dela adierazi dute Bilboko Konpartsek

Jone Artolaren txupinera izendapena bertan behera utzi du Bilboko epaitegi batek. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren delegatuak egin zuen eskaera, eta Bilboko epaileak onartu egin du. Hala ere, eabaki judizialaren erabakia edozein izanik ere, eta nahiz eta Jone Artola txupinera izendapenetik kargugabetu, Bilboko Konpartsek “2013ko Aste Nagusiko txupinera” Jone Artola dela adierazi dute. Konpartsen bozeramaile Itziar Villafañezek, datorren ostiralean berriz biltzekotan gelditu den bilkuran izan ostean, oraindik epailearen erabakia zein den ez zekitela adierazi dio Europa Pressi. Bilboko Konpartsen bozeramaileak uste du “ez dagoela arrazoirik” Artola txupinera izendapenetik kargugabetzeko, eta beraz, “suspentzioa kendu” egin beharko litzakeela. “Argi daukaguna zera da, arrazoi horiek hor daudela eta erabaki judiziala edozein delarik ere Jone Artola dela 2013ko Aste Nagusiko txupinera” eman du aditzera.

Artola txupinera izendatzearen aurkako helegitea Espainiar Gobernuko EAEko ordezkari Carlos Urquijok aurkeztu zuen, erabakia “biktimenganako iraina” dela uste baitu. Artola Etxerateko kide, Txori Barroteko sortzaile eta ANVko hautagai izanda txupinera izendatzea biktimei burla egitea dela dio Urquijok.

Bilboko Konpartsen eta herritarren agerraldia Aste Nagusiari eta jaietako ikonoei babesa emateko

Argazkian, jende ugari batu zen atzo Arriaga plazan.

Bilboko Konpartsetatik eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur Arriagara hurbildu zareten guztioi, baita etorri ezina adierazi arren, Aste Nagusiari eta jaietako ikonoei zuen babesa adierazteko ekitaldi honekin bat egiteagatik.

Gaurkoan mezu argi eta zuzena adierazi nahi dugu: utzi Aste Nagusia eta bere sinboloak berarekin eta berau definitzen duen jai eredu herritar eta parte-hartzailearekin zerikusirik ez duten interesekin erabiltzeari.

Berriro ere ikusi dugu tamalez Aste Nagusiaren hasiera zapuztu nahi izan dutela bere ezaugarririk maitatuenetakoa den txupinerari eraso eginez. Aurten Jone Artolari egokitu zaio ohore hori.

Bilboko Konpartsetatik gure babesa erakutsi nahi diegu errespetu guztia merezi duten txupinerari zein pregoilariari, Aste Nagusiaren sinbolo direnez gero.

Ikono hauetako bat erasotua den bakoitzean, Aste Nagusia bera eta Bilboko hiria bera, bertan parte hartzen eta disfrutatzen dugun herritar guztiok eta Aste Nagusia bera gara erasotuak.

Bilbotar guztiei dei egiten diegu, urte osoko lanaren eta errutinaren ostean merezitako jaiez goza dezaten, Aste Nagusiko ekitaldi guztietan normaltasunez esku hartuz. Hori da jaiaren aurka dagoen jende horri denok gozatzen jarraitzeko prest gaudela erakusteko modurik onena.

Txupinera eta pregoilaria baditugu!

Argazkia: iraiaiturregi.com

Honezkero osatuta dekogu Aste Nagusiko bikoterik ospetsuena. Txupinera Jone Artola izango da, Txori Barrote konpartsak orain egun batzuk ezagutzera eman zuenez. Jakingo duzuenez, urtero txupinera aukeratzeko txanda zozketatzen da oraindik txupinerarik izan ez duten konpartsen artean, eta aurten Txori Barrote konpartsari egokitu zaio bere txupinera aukeratzea. Aste Nagusia 2013ko Pregoilaria, berriz, Iraia Iturregi Athleticeko kapitaina izango da. Zorionak bioi!

Bestalde, Bilboko Konpartsek handitzen jarraitzen dute eta federakundean konpartsa berri bat sartu da. Piztiak, konpartsa animalista du izena eta Konpartsero Egunean ikusiko dugu Areatzatik. Ongi etorri!

Txori Barroteri egokitu zaio aurtengo Aste Nagusiko txupinera hautatzea

Iturria: © Bilboko Branka

Txori Barroteko kide batek jaurtiko du abuztuaren 17an aurtengo Aste Nagusia abiatuko duen txupina. Jai eredu mistoaren ezaugarria da pregoilaria Udalak aukeratzea eta txupineraren hautaketa, berriz, konpartsen eskuetan geratzea. Oraindik, baina, ez dute ezagutzera eman pregoia eta txupin jaurtitzea nortzuek egingo duten.

Udalaren jomugan egon izan da beti Txori Barrote. Euskal presoen eskubideen aldeko konpartsa izanik, hauen argazkiak erakusteak polemika piztu zuen 2009ko Aste Nagusian. Ertzaintza jai eremuan sartu zen Txori Barroten eta Kaskagorri konpartsen txosnetan argazkiak kentzera eta hainbat kide auzipetu zituzten terrorismoa goratzeagatik. Auzitegi Nazionalak, ordea, absolbitu egin zituen denak.

Azkunaren Gobernuak, gainera, bi konpartsa horiei bi urtez txosna jartzeko debekua ezarri zien baina gerora EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak alkatearen debekua baliorik gabe utzi eta erabaki hura hartzeko eskumenik ez zuela ebatzi zuen, erabakiaren bidegabekeria agerian utzita. Nolanahi ere, epaia berandu iritsi zen, bai Txori Barrotek baita Kaskagorrik ere bi urteko zigorra beteta zutelako.

Konpartsek jaien aurkako eraso gisa hartu zuten alkatearen erabakia eta protesta bezala jaietako asteazkenean txosnak ixtea erabaki zuten debekuak iraun zuen bi urteetan.

Nerea Orizaola, Zaratas konpartsako kidea, izango da aurtengo txupinera

Zaratas konpartsako Nerea Orizaola izango da 2012ko Aste Nagusiko txupinera, gaur Bilboko Konpartsek jakitera eman dutenez.

Ekainaren 19an eman zuten ezagutzera Zaratas konpartsak aukeratu behar zuela aurtengo txupinera. Horrenbestez, Orizaola Aste Nagusiko 34. txupinera izango da, 1978tik aukeratzen baita jaiei hasiera ematen dien suziria jaurtitzen duen laguna, beti emakumezkoa.

Atzo bilera egin zuen konpartsen koordinadorak eta gaur bertan txupineraren izena jakinarazi diote Itziar Urtasun jaietako zinegotziari.