Bilboko Konpartsen eta herritarren agerraldia Aste Nagusiari eta jaietako ikonoei babesa emateko

Argazkian, jende ugari batu zen atzo Arriaga plazan.

Bilboko Konpartsetatik eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur Arriagara hurbildu zareten guztioi, baita etorri ezina adierazi arren, Aste Nagusiari eta jaietako ikonoei zuen babesa adierazteko ekitaldi honekin bat egiteagatik.

Gaurkoan mezu argi eta zuzena adierazi nahi dugu: utzi Aste Nagusia eta bere sinboloak berarekin eta berau definitzen duen jai eredu herritar eta parte-hartzailearekin zerikusirik ez duten interesekin erabiltzeari.

Berriro ere ikusi dugu tamalez Aste Nagusiaren hasiera zapuztu nahi izan dutela bere ezaugarririk maitatuenetakoa den txupinerari eraso eginez. Aurten Jone Artolari egokitu zaio ohore hori.

Bilboko Konpartsetatik gure babesa erakutsi nahi diegu errespetu guztia merezi duten txupinerari zein pregoilariari, Aste Nagusiaren sinbolo direnez gero.

Ikono hauetako bat erasotua den bakoitzean, Aste Nagusia bera eta Bilboko hiria bera, bertan parte hartzen eta disfrutatzen dugun herritar guztiok eta Aste Nagusia bera gara erasotuak.

Bilbotar guztiei dei egiten diegu, urte osoko lanaren eta errutinaren ostean merezitako jaiez goza dezaten, Aste Nagusiko ekitaldi guztietan normaltasunez esku hartuz. Hori da jaiaren aurka dagoen jende horri denok gozatzen jarraitzeko prest gaudela erakusteko modurik onena.

Leave a Reply

*