Txupinera eta pregoilaria baditugu!

Argazkia: iraiaiturregi.com

Honezkero osatuta dekogu Aste Nagusiko bikoterik ospetsuena. Txupinera Jone Artola izango da, Txori Barrote konpartsak orain egun batzuk ezagutzera eman zuenez. Jakingo duzuenez, urtero txupinera aukeratzeko txanda zozketatzen da oraindik txupinerarik izan ez duten konpartsen artean, eta aurten Txori Barrote konpartsari egokitu zaio bere txupinera aukeratzea. Aste Nagusia 2013ko Pregoilaria, berriz, Iraia Iturregi Athleticeko kapitaina izango da. Zorionak bioi!

Bestalde, Bilboko Konpartsek handitzen jarraitzen dute eta federakundean konpartsa berri bat sartu da. Piztiak, konpartsa animalista du izena eta Konpartsero Egunean ikusiko dugu Areatzatik. Ongi etorri!

Txori Barroteri egokitu zaio aurtengo Aste Nagusiko txupinera hautatzea

Iturria: © Bilboko Branka

Txori Barroteko kide batek jaurtiko du abuztuaren 17an aurtengo Aste Nagusia abiatuko duen txupina. Jai eredu mistoaren ezaugarria da pregoilaria Udalak aukeratzea eta txupineraren hautaketa, berriz, konpartsen eskuetan geratzea. Oraindik, baina, ez dute ezagutzera eman pregoia eta txupin jaurtitzea nortzuek egingo duten.

Udalaren jomugan egon izan da beti Txori Barrote. Euskal presoen eskubideen aldeko konpartsa izanik, hauen argazkiak erakusteak polemika piztu zuen 2009ko Aste Nagusian. Ertzaintza jai eremuan sartu zen Txori Barroten eta Kaskagorri konpartsen txosnetan argazkiak kentzera eta hainbat kide auzipetu zituzten terrorismoa goratzeagatik. Auzitegi Nazionalak, ordea, absolbitu egin zituen denak.

Azkunaren Gobernuak, gainera, bi konpartsa horiei bi urtez txosna jartzeko debekua ezarri zien baina gerora EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak alkatearen debekua baliorik gabe utzi eta erabaki hura hartzeko eskumenik ez zuela ebatzi zuen, erabakiaren bidegabekeria agerian utzita. Nolanahi ere, epaia berandu iritsi zen, bai Txori Barrotek baita Kaskagorrik ere bi urteko zigorra beteta zutelako.

Konpartsek jaien aurkako eraso gisa hartu zuten alkatearen erabakia eta protesta bezala jaietako asteazkenean txosnak ixtea erabaki zuten debekuak iraun zuen bi urteetan.

Justizia Auzitegi Nagusiak balio gabe utzi du Azkunak Txori Barroteri eta Kaskagorriri ezarritako zigorra

Iturria: Bilboko Branka

Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegiko (EAEJAN) Administrazioarekiko Auzietako Salak bertan behera utzi du Iñaki Azkunaren Udal Gobernuak 2009an Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsak bi urtez Aste Nagusitik kanpo uzteko onartu zuen ebazpena.

Epaiak aintzat hartu du Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiaren 2. Salaren aurka Bilboko Konpartsek jarritako helegitea, epaitegiak kaleratutako epaia baliogabetu eta, Iñaki Azkuna buru, EAJ eta EB osatzen zuten Udal Gobernuak hartutako erabakia bertan behera utzi du.

Erabakia hartzeko Ertzaintzak egindako txosten batean oinarritu zen Azkuna; bi konpartsa horiek euskal presoen argazkiak eta kartelak erakusten zituztela zioen Poliziaren txostena. Ondorioz, Txori Barrote eta Kaskagorriri bi urteko gaitasungabetzea ezarri eta epe horretan txosna jartzeko baimena kendu zien.

Auziari lotutako iturriek Gara egunkariari jakinarazi diotenez, ebazpenak ez du berehalako ondoriorik, gaitasungabetze epea igaro egin baita dagoeneko, baina garrantzia handia du  konpartsentzat “agerian uzten baitu Udalak ezin zuela zigorrik ezarri”. Azpimarratzekoa da bi urte horietan txosnarik izan ez arren Txori Barroteren zein Kaskagorriren presentzia nabarmentzekoa izan dela, beste konpartsek erakutsitako elkartasunari esker batez ere.

Bi urteko ibilbide judizialak argi utzi du, epaitegiek adierazi dutenez, euskal preso politikoen irudiak erakustea ez dela ETAren biktimeekiko iraingarria. Orain, gainera, EAEJANen epaiak Udala zigortzen du -prozesuaren kostuak ordaindu beharko ditu- eta forma defektu batean erori zela esaten du, zigortutako jarduerak arau-hauste bezala tipifikatzea bideratzen zuen araudirik ez zuelako.

Era berean, araudirik gabe zigorra ezartzeak konpartsei defendatzeko aukerarik ere ematen ez ziela dio ebazpenak.

Horrenbestez, EAEJANen erabaki irmoak etorkizunean Txori Barroteren eta Kaskagorriren aurka hartutako neurriak berriz hartzea galaraztean dio Udalari.

Epaile batek baliogabetu egin du Azkunak Txori Barroteri ezarritako zigorra

ertzaintza-kaskagorri

Iñaki Azkunak Bilboko alkateak bi urtetako zigorra ezarri zion 2010eko urtarrilean Txori Barrote konpartsari: bi urtez Bilboko Aste Nagusitik kanporatu du presoen argazkiak erakusteagatik. Orain, ordea, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko epaile batek konpartsaren errekurtsoa haintzat hartu eta Azkunaren zigorra baliogabetu du.

Epai hau paraleloki doa Madrilen egiten ari diren epaiketarekin. Gogoratu, Txori Barrote eta Kaskagorriko kideak ari direla epaitzen Madrilen, presoen argazkiak erakustea egotzita.

Epaia eman duen epailearen iritziz, oso zaila da jakitea argazkitan agertzen diren guztiak ETAko presoak ote diren. Hau izan da zigorra baliogabetzeko arrazoi nagusia. Argazkiak erakustea biktimen aurkako ekintza ez dela ere gaineratzen du epaileak, presoen argazkiak erakutsiz hauen gerturatzea soilik aldarrikatzen dutela uste baitu.

Epailearen erabakia helegitea jar diezaioke Udalak, 15 eguneko epean.

Eta Kaskagorri?

Txori Barroteren abokatuak errekurtsoa jarri zion Azkunak ezarritako zigorrari; ez, ordea, Kaskagorrik. Bilboko Konpartsek jarri zuten bigarren helegitea, baina hura ez dute tramitera eraman epaileek. Kaskagorriren aurkako zigorrak, hortaz, indarrean jarraitzen du.

Informazio gehiago: Bilboko Branka