Justizia Auzitegi Nagusiak balio gabe utzi du Azkunak Txori Barroteri eta Kaskagorriri ezarritako zigorra

Iturria: Bilboko Branka

Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegiko (EAEJAN) Administrazioarekiko Auzietako Salak bertan behera utzi du Iñaki Azkunaren Udal Gobernuak 2009an Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsak bi urtez Aste Nagusitik kanpo uzteko onartu zuen ebazpena.

Epaiak aintzat hartu du Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiaren 2. Salaren aurka Bilboko Konpartsek jarritako helegitea, epaitegiak kaleratutako epaia baliogabetu eta, Iñaki Azkuna buru, EAJ eta EB osatzen zuten Udal Gobernuak hartutako erabakia bertan behera utzi du.

Erabakia hartzeko Ertzaintzak egindako txosten batean oinarritu zen Azkuna; bi konpartsa horiek euskal presoen argazkiak eta kartelak erakusten zituztela zioen Poliziaren txostena. Ondorioz, Txori Barrote eta Kaskagorriri bi urteko gaitasungabetzea ezarri eta epe horretan txosna jartzeko baimena kendu zien.

Auziari lotutako iturriek Gara egunkariari jakinarazi diotenez, ebazpenak ez du berehalako ondoriorik, gaitasungabetze epea igaro egin baita dagoeneko, baina garrantzia handia du  konpartsentzat “agerian uzten baitu Udalak ezin zuela zigorrik ezarri”. Azpimarratzekoa da bi urte horietan txosnarik izan ez arren Txori Barroteren zein Kaskagorriren presentzia nabarmentzekoa izan dela, beste konpartsek erakutsitako elkartasunari esker batez ere.

Bi urteko ibilbide judizialak argi utzi du, epaitegiek adierazi dutenez, euskal preso politikoen irudiak erakustea ez dela ETAren biktimeekiko iraingarria. Orain, gainera, EAEJANen epaiak Udala zigortzen du -prozesuaren kostuak ordaindu beharko ditu- eta forma defektu batean erori zela esaten du, zigortutako jarduerak arau-hauste bezala tipifikatzea bideratzen zuen araudirik ez zuelako.

Era berean, araudirik gabe zigorra ezartzeak konpartsei defendatzeko aukerarik ere ematen ez ziela dio ebazpenak.

Horrenbestez, EAEJANen erabaki irmoak etorkizunean Txori Barroteren eta Kaskagorriren aurka hartutako neurriak berriz hartzea galaraztean dio Udalari.