Euskal Konfederazioa eta Kontseilua: “Gure hizkuntzak, eskubide bat lege bat”

IMG_9378

Argazkian, manifestazio arrakastatsua egin zuten larunbatean Baionan / © Kontseilua

Euskal Konfederazioa eta Kontseiluaren izenean, Deiadar manifestaldi honetan parte hartu duzuen guziei mila esker. Milaka herritar bildu gira, gure hizkuntzaren ofizialtasunaren eta lege baten aldarrikatzeko. Euskararen aldeko sustenguak marka berri bat gainditu du Baionan. Zinez, eskerrak, euskararen aldeko urrats hori eginik. Azken 5 urteotan lurralde hizkuntzak aipagai izan badira ere (frantses gobernutik hitzeman hizkuntza-lege proiektua, diputatu eta senatari batzuek landu lege proposamenak edota Konstituzioaren aldaketa 2008an), gaur egun euskara bezalako hizkuntzek ez dute oraino ezagupen ofizialik frantses Estatuan.

Alta, beste edozein hizkuntza-komunitatek bezalaxe, euskaldunok ere hizkuntz eskubideak baditugu. Deiadar honen bidez zabaldu ditugun aldarrikapenez gain (euskara hizkuntza ofiziala izatea, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berrestea eta eragile bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak finkatuko dituen hizkuntz lege eraginkorra bozkatzea eta aplikatzea), bildu gara euskaraz bizi nahi dugula adierazteko. Finean, euskaraz bizitzeko nahitaezkoa dugu geure hizkuntzak status egokia izatea. Euskara berezkoa da gure herrian, estatus ofiziala esleitu behar zaio, lehentasunezkoa egun bizi duen egoera gutxiagotuari amaiera emateko, bai eta ezagutu beharrekoa ere.

Eta Baionan egin dugun bezalaxe, Kemperen, Perpinyanen, Aiacciun, Tolosan eta Estrasburgon, besteak beste, milaka eta milaka jende bildu da gure hizkuntzentzat lege-koadro bat galdegiteko, gure hizkuntzetan normaltasun osoz bizi ahal izateko, ditugun hizkuntza-eskubideak ezagutuak eta errespetatuak izan daitezen. Lege babes horrek euskaldunok pairatzen ditugun diskriminazioen bukaera ekarri behar du.

Diskriminazio bat aipatzearren, hemen ditugu Seaskako Etxepare lizeoko ikasleen adibidea: ikasketak osoki euskaraz bururatu eta, baxoa ezin dute euskaraz pasatu. Eta aktualitateko beste adibide bat emateko, dirulaguntzen diskiriminazioa jasan duten euskal hedabideak ere ez nituzke aipatu gabe utzi nahi. Ezin dugu gehiago onartu horrelako hizkuntz eskubide urraketarik, ez irakaskuntza arloan, ez eta ere beste arloetan. Frantsesa erabilia eta garatua den heinean erabilia eta garatua izan behar da euskara. Herritarrei hizkuntz eskubideak onartuko dizkien legea eta botere publikoei betebeharrak finkatuko dizkien legea behar dugu.

Egungo manifestaldia euskararen berreskurapen osora eramamen gaituen bidean beste urrats bat besterik ez da. Botere publikoek beren erantzukizunak hartu behar dituzte, eta bildu gara hori oroitarazi eta aldarrikatzeko, gure aldetik segi dezagun mobilizatzen, segi dezagun euskara ikasten eta transmititzen, segi dezagun euskaraz bizitzen!

Zazpi mila lagun elkartu dira Baionan, euskararen ofizialtasunaren alde

Zazpi mila lagun inguru elkartu ziren larunbatean Baionan egin zen manifestazioan. Martxa Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak antolatu zuten, eta eragile ugariren babesa izan zuen.

Argazkiak eta bideoa: © Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua


Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko martxoaren 31n manifestazioa Baionan

deiadar-agerraldia

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak manifestazioa antolatu dute Baionan martxoaren 31rako. Deiadar manifestazioaren leloa “Gure hizkuntzak, eskubide bat, lege bat” izango dela azaldu dute Bilbon egindako prentsaurrekoan. Kontseiluaren zuzendaritzak agerraldia egin du gaur deialdiaren berri eman eta euskaltzale guztiak bertan parte hartzera gonbidatzeko. Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Baionako Xaho kaitik (Argazkia: © Kontseilua)

Lehenago ere euskarari lege geriza, lege babesa, aldarrikatzeko manifestaldiak antolatu izan dira Ipar Euskal Herrian, euskaltzaleen Deiadar modura irudikatu diren manifestaldi jendetsuak. Oraingo honetan baina, egun berean Frantziako Estatuan aitortzarik ez duten beste hizkuntzen aldeko mobilizazioak ere izanen dira Kemperen, Perpinyanen, Aiacciun, Tolosan eta Estrasburgon.

Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, “Frantziako Estatuak mendeetan zehar lurralde-hizkuntzen kontrako politika aplikatu izan du eta gaur egun ere halaxe egiten du, nahiz eta hizkuntza horien hiztun komunitateen mobilizazioen bitartez tokian tokiko aldeko neurri edo politika batzuk abian jarri diren”.

Ildo beretik, Kontseiluko ordezkariak gehitu du Frantziako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna sinatu arren, ez duela berretsi eta ondorioz, ez duela Itunean jasotako neurriekin konpromisorik hartu behar izan. Are gehiago, “2008an Frantziako Asanbladak Konstituzioa aldatu zuen eta lurralde-hizkuntzak ondare izendatu. Orduz geroztik Gobernuak lege berri bat egingo zuela iragarri zuen, baina oraindik ez da ildo horretan urratsik eman” gaineratu du.

Bilbaoren ustez dagokion estatusa bermatua izan beharko luke. Berezko hizkuntzak bere herrian behar duena eta inguruko hizkuntza egonkortuek duten ber-bera. “Euskara berezkoa da bere lurraldean, eta ondorioz, ofiziala behar du izan, bai eta lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa ere” esan du Paul Bilbaok.

Ildo beretik, euskaren biziraupena jokoan dagoela eta DEIADAR mobilizazioaren bitartez zer aldarrikatu nahi duten zehaztu du Paul Bilbaok:

Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herrian euskara hizkuntza ofiziala izan dadin nahi dute, hots balio juridikoa izatea eta arlo guzietan erabilia eta garatua izatea. Bestetik, Frantziako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsi dezala eskatzen dute, euskara bezalako lurralde-hizkuntzak eremu publikoan ofizialki aitortuak izan daitezen.

Azkenik, hizkuntzen lege egokia bozkatua eta aplikatua izatea aldarrikatzen dute, alde batetik lurralde hizkuntzetako hiztunen hizkuntza-eskubideak aitortzeko eta bakoitzaren betebeharrak finkatzeko, eta bestetik, martxan jarriak diren hizkuntza politika publikoak eragingarriak izan daitezen (ez bakarrik eragile bakoitzaren borondate onean oinarrituak) eta horren etorkizuna bermatuko duen lege-geriza da behar duguna.

“Egoera hori izanik ere, gero eta gehiago gara euskaraz bizi nahi dugun euskaldunak” argitu du Paul Bilbaok eta gaineratu du “hori uzten dute agerian azken garaiotan egindako inkestek, bai eta euskararen alde egiten diren mugimenduek izaten dituzten parte hartzaile kopuru handiak ere”. Berezko hizkuntzan bizitzea oinarrizko eskubidea dela eta, ondorioz, bere hizkuntzan bizi nahi duen herritarrak lege-babesa beharrezkoa duela aldarrikatu du paul Bilbaok, alegia, euskarak ere ofizialtasuna behar duela.

Amaitzeko, Euskal Herriaren luze-zabalean bizi diren euskaltzale guztiak martxoaren 31n Baionan egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu ditu Kontseiluko zuzendaritzak. Nahi duenak www.deiadar.org blogean aurkituko mobilizazio honen berri.