Zorionak 7 Katu! Bost urte… eta aurrera!

Asteburu honetan aurkeztuko dute Itziarren Semeak eta Pirritx eta Porrotxek 7 Katu gaztetxearen urteurrenerako egin duten abestia. Horretarako, asteburuan zehar antolatu diren egitasmoen artean Itziarren Semeak taldearen kontzertua egongo da larunbat gauean gaztetxean bertan.

Bosgarren urteurrenaren ospakizuna asteburu honetan izango da, hilaren 26, 27, 28 eta 29an, “5 urte sentituz, pentsatuz… okupatuz” lemapean. Egitasmo ezberdinak egongo dira, ekintza kulturalak, kontzertuak, bazkariak eta jai giroa orokorrean.

Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu du EHEk

null

Argazkian, Unai Larreategi, Igone Lamarain eta Jexux Arrizabalaga atzo, EBEren aurkezpenean.

 

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik heldu den martxoaren 17an Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu nahi dizuegu.

Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna.

Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten hirugarrenez antolatu dugun ekimenak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, iaz Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Etxarri-Aranatz eta Gernika-Lumo izan dira beraz, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho azken urteotan.

Alta, iazko otsailean ‘Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!’ lelopean Donostian bertan egin genuen manifestazioan landatutako hazia ereinez, aurten urrats bat harago joan eta Donostiara ekarri nahi izan dugu jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoa. Harrotasunez baina harrokeriarik gabe, noski, euskaraz bizi nahi duen herriari merezitako leihoa eskaini nahi izan diogu, eta Donostian, Txillardegi zenaren bizilekuan bertan topatu dugu.

Euskaraz Bizi Eguna besoetan hartuko duen lehen hiriburua leku berezia denik ezin ukatu beraz. Baina ez da egun hau berezi egingo duen elementu bakarra. Testuinguru politiko berezia bizi dugu azkenaldian, eta ezin diogu horri bizkarrik eman. Eta zergatik diogu hau? Bada, euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugulako egoera oker hau irauli nahi dugunok. Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu datozen garaietan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz. Bakoitzak beretik eta komunitate moduan iraultzarako garaia da orain datorkiguna, gure etorkizunerako erabakiorrak diren garaiak datoz, eta euskaldunok asmatzera behartuta gaude. Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da. Estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu independentistoi; ez baita horrela izan. Eta Estatu zapaltzaileen aurrean zer aldarrikatzea dagokigu? Posibilismoan jokatzeko edota aldaketa estrategikoen alde egiteko garaiak dira? Gure ustez, bigarren aukera da egokia.

Euskara eta politika ez direla batu behar diotenen aurrean, euskarak politikak behar dituela aldarrikatzen dugu guk. Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu. Euskarari lehentasuna emango dion legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da gure iritziz. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere. Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa.

Nazio Manifestazioa: Euskalduna naiz eta harro nago!!

Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Egunak. Esan bezala, jaia eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi dugu martxoaren 17an.

Eguna jai giroan pasatzeko, Alde Zaharrean zehar kokatuko den egitarau zabala prestatu dugu: 11(2),00etatik aurrera erakusketak, kale animazioa, haurrentzako ikuskizunak, puzgarriak, tailerrak, euskalgintzaren azoka, ehunka pertsonentzako herri bazkaria, dantzaldi eta kantaldiak, txarangak eta abar egongo dira. Egun osoko egitarauak gauez ere izango du segida, kontzertuetan. Otsail erdialdean egingo dugun Euskaraz Bizi Egunaren aurkezpen ekitaldian emango ditugu jakitera, dena den, zehaztapen guztiak.

Aldarrikapenak baina, tarte nabarmenena izango du egitarauan: “Euskalduna naiz eta harro nago!” lelopean Nazio Manifestazioa egingo dugu, bulebarretik abiatuta. Ez da nolanahiko manifestazioa izango, musikak, koloreek eta euskaldun izatearen harrotasuna adierazteko ikurrek -eta batez ere harrotasun hori sentitzen duten parte-hartzaileek- protagonismo berezia izango baitute mobilizazioaren baitan.

Datozen asteotan, manifestazioari begira atxikimenduak biltzeko kanpaina eramango dugu aurrera. Horretarako, herriz herriko harreman-dinamika abiatzeaz gain, www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean norbere konpromisoa agertzeko aukera izango da.

Agerraldi honen bitartez dei egiten diegu euskaltzale guztiei martxoaren 17an Donostiara joan eta Euskaraz Bizi egunean zein ‘Euskalduna naiz eta harro nago!’ Nazio Manifestazioan parte har dezaten.

Euskaraz bizi!

Euskal Herri euskalduna eraiki!

Euskal Herrian Euskaraz

Donostian, 2012ko urtarrilaren 24an

Desfile bateratuaren inguruan “jarrera aldaketa bat” espero du Bilduk udal gobernuaren aldetik

Desfile62

Testua: © Bilboko Branka / Argazkia: © Bilboko Konpartsak

Ostegun honetan, hilaren 26an burutuko den osoko bilkuran, Bilduk premiazko mozioa aurkeztuko du udal gobernuak Bilboko Konpartsekin batera inauterietan desfile bateratua burutzeko eskaera egiteko. Aitziber Ibaibarriaga koalizio ezkertiarreko zinegotziak, gaur goizean egin dituen adierazpenetan azaldu duenez, agerian geratu da “udalaren borondate falta gatazka konpontzeko”. Alkateak neurria “denbora faltagatik” dela azaldu badu ere, Bilduko kideek “argudio faltsua” dela deritzote, Ibaibarriagaren esanetan. Era berean, alkateak “bere ardurarekin ez ikusiarena egin nahi izana” leporatu dio zinegotziak, erabakia jaietako zinegotzi ordezkaria den Itziar Urtasunek eman zuelako.

Konpartsek hartutako erabakia “logikotzat” jo du Ibaibarriagak eta azpimarratu duenez, “Udala ezin daiteke izan etengabeko ezetza ematen duena. Ez aisialdi eredu ezberdin bat duenari, ez aratusteei, ez Aste Nagusiari, ez Konpartsei”. Horregatik, “Udalak arazoa konpontzeko beharrezkoak diren bitarteko guztiak martxan jar ditzala” eskatuko diote Bildutik ostegun honetan burutuko den osoko bilkuran, “desfile bateratua posible dela” uste baitute.

“Este año le comemos la tostada a los brasileños” izango da aurtengo Aratusteetako kartela

inauteriak-kartela-2012

Iturria: Bilboko Branka

Desfile ofizialik gabeko inauteriak izango dira 2012koak. Hala ere, mantendu egingo diren ekitaldiek kartela izango dute. Hain zuzen ere, “Este año le comemos la tostada a los brasileños” kartelak irabazi du 2012ko Bilboko Aratusteetako kartel lehiaketa. Jon Ondovilla balmasedatarrak eta Amaia Benito bilbotarrak egin dute kartel irabazlea. Diseinatzaile grafiko gazte hauek 2.000 euroko saria eskuratu dute eta beren lana hiri osotik eskegita ikusteko ohorea izango dute gainera. Guztira 107 afitxa aurkeztu dituzte aurtengo ediziorako, iaz baino bost gutxiago.

Hau Pittu Hau… 25 urte euskarari bedar txarrak kentzen!

1987-3

1987ko uztailaren 7an sortu zen Hau Pittu Hau euskaldunon konpartsa. Zilarrezko ezteiak betetzen ditugun honetan, “25 urte euskarari bedar txarrak kentzen” izango da erabiliko dugun lema.

Egingo ditugun ekitaldien berri izan nahi baduzue, ondoko helbideetara jotzea baina ez duzue:

http://www.haupittuhau.org
http://www.facebook.com/haupittuhau.euskaldunonkonpartsa
http://www.facebook.com/pages/Hau-Pittu-Hau-25-urte-euskarari-bedar-txarrak-kentzen/219030831509040

Asmatu duzuenoi, zorionak! Parte hartu duzuen guztioi, mila esker!

Adi egingo ditugun ekitaldietara!

Bilboko Konpartsak: “Aurten ez da desfile ofizialik izango”

DSC05311

Argazkian, gaur udaletxe aurrean egindako agerraldia.

Aurten Bilboko inauterietan ez da desfile ofizialik izango. Hau izan da Bilboko Konpartsok hartutako erabakia. Hala eta guztiz ere, deia luzatu nahi dugu Zazpi Kaleetara eta Bilbo Zaharrera mozorrotuta jaistera.

Hurrengoa da prentsaurrekoan irakurritako testua:

Beste urte bat… honek istorio amaigabearen ipuina dirudi, inauterien inguruko ika-mikak berriro ere, eta are deigarriagoa dena, film honetako aktore guztien adostasuna aurreikusten zenean eta prentsan botatako mezuak bateratzearen aldekoak zirenean. Irtenbideak bilatzeko eta zubiak eraikitzeko.

Beraz, guk azpimarratu nahi dugu akordioaren bila joateko gure asmo tinkoa adierazten ari garela, orain eta beti.

Baina zer gertatu da?

Jai Batzorde Mistoan biltzen gara, teorian desadostasunak konpontzeko eta bideak zabaltzeko markoa delako eta berriro ere….ur hotza gure gainean. Desengainu itzela!

Bilboko Jai Batzorde Mistoaren operatibitate ezak bere muga jo du.

Noraino ailega daiteke batzorde bat PNVko zinegotziaren ondoko komentario honekin hasten denean?: “badakizue Gobernu Taldeak desfile bateratua egongo ez dela erabaki duela”. Jai esparruan eredu misto eta parte-hartzailea haientzako zer den argi ikusten da.

Baina egia esan eskertzekoa da zintzotasun bortitz hau…behintzat ez digu sinestarazi nahi Batzordeak erabakiak hartzen dituenik.

Haiek… BERAK… ezetz erabaki du. Ez garela bere gustukoak. Eta kitto.

Eta hau da hain zuzen ere Konpartsetatik azken urte hauetan errepikatzen ari garen mezua: eredu hori da haiek erditik kendu nahi dutena…ez gaituzte nahi… ez gara haien gustukoak… ez gure jendarte errebindikazioak, ezta gure kolore aniztasuna, ezta gure mozorroak ere ez… eta prest daude ogi puxka bat izango balitz bezala, ondoko kalea uzteko, eta jendarte taldeak bere gauzatxoekin hortik desfilatzeko, baina bilbotar “onak” ukitu barik, Gran Via zapaltzeko eskubidea duten horiek ukitu barik. Eta haurren mezu bat botatzen dute: 2013. urtean…ondo portatzen bazarie begiratuko dugu…

Ba nahiko da! BK sokatik tiratzeaz nekatu egin da!

Gran Via ez da haiena!… guk dakigula…

Aurreko Aste Nagusian konpartserook “desapiyue” bota genuen: baietz mugiezina ematen duena mugitzen dugula! Eta hitza bete genuen! Gran Viatik autobus erraldoia mugitu genuen eta gure erara: konpartseroa izatearen harrotasunaren desfilea eginez, kolorez, musikaz, dantzaz…

Eta orain erronkaren bigarren bueltan geunden: udaletxea mugitu nahi genuen!

Norantz? Bilbon Jai Herrikoiak eta parte-hartzaileak ziurtatze aldera!

Bi urte gogorrak pasa dira, guretzako benetan ondorio argiak izan dituztenak, baina ez soilik guretzako, bilbotar ororentzat ere. Azken finean konpartserook gure energietatik zati garrantzitsu bat inbertitu behar izan dugulako gure eredua defendatzen eta askotan esan bezala “jai esparrutik” harago doazen gaietan mugitu behar izan garelako.

Eta sokatik tiratzeaz nekatuta gaudela diogunean ez da jaiak egiteaz nekatuta gaudenik, ezta jai parte-hartzaileak egiteaz nekatuta gaudenik, Bilbok behar duenaren neurrira… ezta gutxiago ere!

Ondoko kalearekin etsia hartzearekin nekatuta gaude… kasu honetan inauterietako desfilea lan mistoaren zati bat ez izateko etsia hartzearekin nekatuta gaude…behin eta berriz gure “ontasuna” probatzera behartuta egon behar izatea eta Gran Viatik desfilatu ahal izateko jainkoaren bedeinkapena jaso behar izatearekin nekatuta gaude.

Zoritzarrez 10 urte baino gehiagoren zehar jende mordoa batu desfile izugarria egiteko kapazak garela erakutsi dugu. Hurtado Amezaga kalearen muga azalarazi eta txikia gelditu zaigula esatera arte. Eta une honetan onartu behar dugu baldintzarik ez dagoela, baldintzarik gabe utzi gaituztela eta desfileari dagokionez aukerarik gabe utzi gaituztela.

Uste dugu Gran Viatik ez desfilatzeko arduradun bakarra dagoela, hiri honen alkatearen “egoa” da arduraduna, Iñaki Azkuna jaunaren egoa hain zuzen ere, eta bere alderdiarena PPren laguntzarekin.

Oso argi gelditu da, bai Alde Zaharreko dendari eta tabernarietatik alderdi politiko batzuetaraino, Bilboko beste talde eta sindikatu batzuetatik pasata eta Bilboko hainbat lagun ezagunak barne, iraganeko egoera gainditzeko beharra ikusten dela, egun bizi dugun egoerak lekurik gabe uzten duen egoera hori gainditzeko beharra ikusten dute. Bi aste hauetan prentsaren bitartez ikusi dugun bezala: ez gara konpartsok bakarrik desfile bateratua egiteko beharra ikusten dugunok, Bilboko eragile politiko eta sozial egiten duten eskaera publikoa izan da.

Baina ez!! Behin ta berriz ormaren kontra jotzen dugu!! Aterpea ematen dion hemen gure atzean dagoen eraikina baino handiagoa den “Ego” erraldoi batzez egindako horma batekin topatzen gara!! 10 urte baino gehiago daramatzagu erbesteraturik eta bereziki kontuan hartzeko egindako esfortsu izugarria azen urteetan, eta gaur egun, 2012. urtean Hurtado de Amezagak bere muga jo du!

Mugatu egiten gaitu, murriztu egiten gaitu, ito egiten gaitu!

Baina inauteriak hor daude, eta udaletxearekin elkar-antolatu dugun ekimen guztietan parte hartuko dugu: farolin eta zarambolaseri egindako epaiketatik hasita sardinaren erreketara arte, tartean trapu-zaharrak, indaba eta tostada lehiaketak. Une honetara arte elkar-antolatu diren ekimenak, behintzat BERA konturatu arte… orduan ez gaituzte horietan onartuko ere.

Hala ere… gu jaia izaten jarraitzen dugu, eta mozorrotzeko deialdia luzatzen diogu hiritarrei. Mozorrotu, ironikoak izan, satirikoak, “chirene”-ak izateko deialdia eta inauteriak benetan direnaren isla izateko: bakoitzak nahi duenaren inguruko kritika garratzak botatzeko. Mundu osoan zehar egiten den bezala… beno… Bilbon izan ezin… hemen baimena eskatu behar zaio Feudoaren jauntxoari eta egun ona balu emango dizu, eta ez balu, ba Hurtazo Amezagara bidaltzen zaitu.

Eta bada errealitate bat; BK. otsailaren 18rako fanfarrea eta batukada ezberdinak kontratatuak zituen, eta aprobetxatu egingo ditugu, ondo pasatzeko Alde Zaharra eta Bilbo Zaharretik. Ez bada hau ere ezin dugula egin… BERAren erantzunaren zain gelditzen gara.

Konpartsok jaia gara… baina jai herrikoi eta parte hartzaileak gara… ez gara eskaparateko jaiak, ez gara azpikontratatutako jaiak, ez gara erreprimitutako jaiak, mugatuak eta zentsuratuak.

Zorionez urte hauetan zehar gure desfileak jarraitu izan dituzten pertsona orok jakin badaki horrelakoak garela, eta horregatik hain zuzen, koherenteak eta arduratsuak izan behar dugu une hauetan. Kulturarentzat dagoen diruaren murrizketa bortitzak egiten diren une hauetan, Bilboko Udalak Konpartsetatik Gran Viako desfilean egin ahal genuen aportazioa ez du behar, Batzorde Mistoa suntsitzeko atrebentzia dauka eta urtez urte zauritzen ari den eredua zauritzen jarraitzen du.

BK-k zabaldutako ildo berean lan egiten jarraituko du: 78an sortutako eredu mistoaren alde dauden eragile eta lagun ororekin kontaktuak lantzen eta eredua hobetzen.

Hauxe da gure apustua eta horretan gure jai-indar guztiak jarriko ditugu.

Baina berunezko hormeei lotutako soketatik tiratzeko zamak ezin gaitu etorkizuna moztu.

Bilboko Konpartsak

Inauterietan desfile bateratua egiteari ezetz esan dio Azkunak

Desfile61

Testua: © Bilboko Branka / Argazkia: © Bilboko Konpartsak

Beste urte batez, otsailaren 16tik 21era ospatuko diren Bilboko inauterietan bi desfile nagusituko dira, Udaletxeak antolatutakoa eta Bilboko konpartsak burutzen duena. EAJren gobernu taldeak hartu du erabakia eta Bilboko Konpartsetako kideek ez dute bat egin deliberamenduarekin.

Hainbat ahotsek aldarrikatu duten desfile bateratuak ez du lekurik izango aurtengo Bilboko aratusteetan. Atzo arratsaldean Jai Batzordeak burututako bilera eta gero Itziar Villafañezek, konpartsak batzen dituen batzordearen ordezkariak adierazi zuen, ″desengainu handia″ hartu dutela EAJren udal taldeak ″inposatutako″ erabakiagatik. Bere aburuz, ″aurten baldintza guztiak″ ematen zirelako kalejira bakarra burutu ahal izateko.

Bilboko inauteriak 1979.urtean ospatu ziren lehenengoz, Bilboko Konpartsak inauterien bidez jai herrikoiei bultzada emateko nahia agertu zuenean. Urteak aurrera egin ahala Udaletxearekin elkarlanean hasi ziren eta Aste Nagusiarekin batera inauteriak ere era mistoan landu zituzten. Lehenengo desfilea Erriberatik egin bazen ere, gerora Kale Nagusia izan zen hitzordu horretarako gunea. Azken kalejira mistoa 2004. urtean izan zen, Udaletxeak Konpartsekin batera egiten zen lan amankomuna etetea erabaki zuenean gatazka politikoa zela medio. Urte horretan desfilea bertan behera geratu zen konpartsak euskal preso politikoen argazkiak karrozetatik kentzeari ezezkoa eman ziotenean, eta geroztik bi desfile egin dituzte.

Villafañezen aburuz, ″pena bat da udal taldeak aurrera pausorik ez ematea eta iraganari begira jarraitzea″. Era berean, Itziar Urtasun jai alorreko zinegotziaren jarrera ″ulertezina″ dela azalarazi zuen eta ″argudio hutsak″ erabili izana leporatu zion.

Alderdi politikoen erreakzioak

Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak ere antzeko tonua erabili zuen gaiaren inguruan mintzatu zenean. Adierazi zuenez, ″EAJren arrabola beste behin ere gehiengoaren borondatearen gainetik pasatu da″ eta Alde Zaharreko dendarien eta tabernarian prentsaurrekoa gogora ekarri zuen. Hauek ere lan amankomun baten alde agertu baitziren aurreko astean egin zuten agerraldian. Udaletxeak ″ilusioarekin bukatu″ duela azaldu zuen Ibaibarriagak eta azpimarratu zuen, ″zazpi urte eta gero egoera aldatuko zela″ uste zutela. Hala ere, ″koalizioak inauteri bateratuen alde lanean jarraituko duela″ argitu zuen.

Alfonso Gil PSEko ordezkaria ere inauterietako desfile bateratuaren alde agertu zen baina ″alderdi guztiak ados egon behar dutela″ adierazi zuen. Era berean, ″etorkizunari begira desfile bateratua″ ospatuko dela iragarri zuen.

PP izan zen EAJren jarrera babestu zuen alderdi bakarra. Hauen aburuz, momentu hauetan ″goizegi da desfile bateratua aurrera eramateko eta ez dira baldintza egokiak ematen″. Itziar Urtasun izan zen adierazpenak egin ez zituen zinegotzi bakarra.

K-Toño Frade eta Mikel Bilbao, aurtengo Farolin eta Zarambolas

farolin-zarambolas-2012

Testua eta argazkia: © Bilboko Branka

Jai Batzordeak K-Toño Frade margolari eta kazetaria eta Mikel Bilbao txistularia aukeratu ditu otsailaren 16tik 21era ospatuko diren inauterietan Farolin eta Zarambolas pertsonaien papera egiteko.

Urtero legez, Bilboko inauterietako pertsonaia nagusiak direnak, Farolin eta Zarambolas, aukeratu ditu Jai Batzordeak. Aurten K-Toño Fradek Farolinen papera beteko du eta Mikel Bilbaok, aldiz, Zarambolasena.

Juan Antonio Frade Indautxun jaio zen 1945. urtean eta bere familian ugariak dira Bilboko pertsonaia famatuak eta artistak. Antonio Frade beiragile eta pergaminogilearen iloba da eta J. Antonio Frade margolari eta kazetariaren semea. Bera ere kazetaria eta margolaria da, baina horretaz gain, karikaturak egiten ditu, idazlea da eta liburuetako irudigilea. 2007ko Aste Nagusian ″Urteko bilbotarra″ izendatu zuen alkateak eta ″Sucedidos botxeros y bilbaínos selebres y txirenes” liburuan 1993tik idatzitako hainbat kronika bildu ditu. Mikel Bilbao, aldiz, txistularia da eta horretan ibili da betidanik.

Aurreko urtean Itziar Lazkanok eta Maribel Salasek bete zuten 1984. urtetik Bilboko inauterietan ezinbestekoak diren bi pertsonaia hauen papera.

Inauterietako koreografia prestatzen amaitzeko eta dekorazioa prestatzen hasteko kedada

Larunbat honetan, urtarrilak 21, 11:00etan geldituko gara Begoñako udaltegian, Txurdinagako kiroldegi ondoan.

  • Urtarrilak 21, larunbata: Santutxun koreografia prestatzen amaitzeko eta dekorazioa prestatzen hasteko.
  • Urtarrilak 28, larunbata: Lan eguna egoitzan mozorroa eta diseinua prestatzeko.
  • Otsailak 4, larunbata: ENTSEGU OROKORRA. Inauterietara datozen guztiei dantza eta mozorroa erakusteko.

Inauteriak prestatzeko hurrengo hitzorduak!

Larunbat honetan, urtarrilak 21, 11:00etan geldituko gara Begoñako udaltegian, Txurdinagako kiroldegi ondoan.

  • Urtarrilak 21, larunbata: Santutxun koreografia prestatzen amaitzeko eta dekorazioa prestatzen hasteko.
  • Urtarrilak 28, larunbata: Lan eguna egoitzan mozorroa eta diseinua prestatzeko.
  • Otsailak 4, larunbata: ENTSEGU OROKORRA. Inauterietara datozen guztiei dantza eta mozorroa erakusteko.