Barnetegia Bilboko jaietan!

Euskara ikasten zabiltzala, baina klaseetaz aspertuta zaudela? Euskaldunak ezagutu nahi dituzu Bilbon euskaraz bizi ahal izateko? Ba eman izena Hau Pittu Hauk jaietan antolatzen duen Barnetegiaren bigarren edizioan.

Jaiak euskaraz bizitzeko aukera aparta: dantzatu, kantatu, lagunak egin, kontzertuak ikusi, elkarlana, herri bazkariak, kirol eta jolasak, garagardo lehiaketa, konpartsa giroa… Ez duzu erraz ahaztuko 2013ko Aste Nagusia!

Jarri gurekin harremanetan: barnetegia@haupittuhau.org
Xabi (645 009 790)
Leire (630 362 736)

Eraiki euskaldunon konpartsa!

Euskalduna eta euskaltzalea bazara eta Bilboko Aste Nagusia euskaraz bizi nahi baduzu, zeure konpartsa Hau Pittu Hau da! Jaiak barrutik, parte hartuz eta euskaraz bizi nahi badituzu, jarri gurekin harremanetan!

Konpartsa bizirik mantentzeko jende berriaren laguntza behar dugu. Langileak, dinamizatzaileak, aldarrikatzaileak, komunikatzaileak, diseinatzaileak, antolatzaileak, eskalatzaileak, musikariak, dantzariak… denetariko jendearen beharra daukagu. Elkarlanean jai euskaldunak erakiko ditugu!

Jarri gurekin harremanetan: eraiki@haupittuhau.org
Xabi (645 009 790)

Txori Barroteri egokitu zaio aurtengo Aste Nagusiko txupinera hautatzea

Iturria: © Bilboko Branka

Txori Barroteko kide batek jaurtiko du abuztuaren 17an aurtengo Aste Nagusia abiatuko duen txupina. Jai eredu mistoaren ezaugarria da pregoilaria Udalak aukeratzea eta txupineraren hautaketa, berriz, konpartsen eskuetan geratzea. Oraindik, baina, ez dute ezagutzera eman pregoia eta txupin jaurtitzea nortzuek egingo duten.

Udalaren jomugan egon izan da beti Txori Barrote. Euskal presoen eskubideen aldeko konpartsa izanik, hauen argazkiak erakusteak polemika piztu zuen 2009ko Aste Nagusian. Ertzaintza jai eremuan sartu zen Txori Barroten eta Kaskagorri konpartsen txosnetan argazkiak kentzera eta hainbat kide auzipetu zituzten terrorismoa goratzeagatik. Auzitegi Nazionalak, ordea, absolbitu egin zituen denak.

Azkunaren Gobernuak, gainera, bi konpartsa horiei bi urtez txosna jartzeko debekua ezarri zien baina gerora EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak alkatearen debekua baliorik gabe utzi eta erabaki hura hartzeko eskumenik ez zuela ebatzi zuen, erabakiaren bidegabekeria agerian utzita. Nolanahi ere, epaia berandu iritsi zen, bai Txori Barrotek baita Kaskagorrik ere bi urteko zigorra beteta zutelako.

Konpartsek jaien aurkako eraso gisa hartu zuten alkatearen erabakia eta protesta bezala jaietako asteazkenean txosnak ixtea erabaki zuten debekuak iraun zuen bi urteetan.

Badator San Juan Gaua!

san-juan-bilbo-kartela

Klik egin kartelaren gainean handiago ikusteko

Bilboko Konpartsak: “Aste Nagusiko kontzertuen atzean: jai eredua”

Aste Nagusiko kontzertuak direla eta hainbat aste bueltaka ibili ostean, eta beharrezko informazioa bildu ondoren, Bilboko Konpartsok uste dugu beharrezkoa dela, eta horrela egingo dugu, azken aste eta urte hauetan Bilbon Aste Nagusiaren inguruan gertatzen ari direnen azterketa serio eta sakona egitea. Hasteko, eta guztiz argi gera dadin, askotan errepikatu dugun bezala, eta orain dela aste gutxi prentsa ohar baten bidez gogoratu dugun bezala, Aste Nagusiko kontzertuetarako Bilboko Konpartson proposamena orain dela urte askotatik (gogoratu dezagun gai hau Gas plazako lanak hastean planteatu zela) Etxebarria parkea da. Eta ez bakarrik kontzertuak egiteko espazio bezala. Metroko obrak bukatzen direnerako aukera ezberdinak aztertu behar dira, barrakak bertan mantenduz eta zirkua bere inguruabar eta beharretara hobeto egokitzen den espazio batera mugituz, bertan kontzertuetarako eta jai esparrutik aldendu diren beste elementu batzuk kokatzeko leku nahikoa egon daiten. Argazkian, Bilboko Konpartsen agerraldi bat artxiboko irudian.

Bilboko Konpartson iritziz, bilbotar eta bisitari guztiok merezi dugun maila eta kalitateko Aste Nagusia mantentzeko borondatea baldin badago, mahaian jarri diren ustezko arazo teknikoak erraz gainditu daitezke, barrakek, kontzertuek eta bestelako elementuek lekua izan dezaten eta segurtasun arazorik egon ez dadin espazioa berrantolatuz.

Ordea, guretzat benetan kezkagarria dena ez da horrenbeste kontzertuen kokapenaren arazo teknikoa, baizik eta hauek nola erabiltzen ari diren hauen inguruko polemika artifizial bat sortzeko.

Alde batetik, auzokideen artean polemika sortu da Udaletxe honek erabiltzen dituen modu autoritarioak direla eta. Bestalde, espazioen egokitasunaren inguruko eztabaida bat sortu da, iaz Karola espazioarekin gertatu zen bezala: edozeinek Aste Nagusiko kontzertuak egiteko espazio egokia ez zela zekien arren, Udaleko Gobernu Taldeak kontzertuak bertan sartu zituen, kontzertuen inguruko polemika handia sortuz. Honi gehitu behar diogu aurtengo kontzertuak oraindik lotu gabe daudela, nahiz eta talderen bat hitzartuta izan, baina oraindik lotu gabe (espero dugu prentsaurreko honek gai hau arintzeko balio izatea, gutxienez esandakoa gezurtatzeko).

Eta, aurrekoa gutxi balitz, ordaindu beharreko beste kontzertu mota batzuk egiteko aukeraren inguruko datuak entzuten hasi gara. Eta hor dago Aste Nagusiko kontzertuen inguruan sortzen ari den zorabio edo polemika artifizialaren benetako arrazoia. Hau da, beldur gara Udalaren plana kontzertuen inguruko polemika faltsu bat sortzea ez ote den, azkenean, polemika hauen eta ustezko arazo teknikoen ondorioz, dohainezko leku ireki batean egin ezin daitezkeela planteatzeko, eta gune itxi batean eta kobratuz egin behar direla esateko: bai Bilbao Arena bezalako espazioetan, bai Kobetamendi bezalakoetan, makro-kontzertu formatua erabiliaz, hain justu Aste Nagusi osteko asteburuan antolatu den makro-kontzertuaren formatuan.

Aste Nagusi osteko asteburuan makro-kontzertu batzuk antolatzeak, Aste Nagusia bera kontraprogramatuz, ez du inolako logikarik, Aste Nagusia honelako kontzertu motarekin lotzeko interesen bat ez bada, batez ere gero eta indar gehiagorekin entzuten den zurrumurrua kontuan izanda, hau da, Udal Gobernu Taldearen asmoa Aste Nagusiaren datak aldatzea dela, oraindik aurrera beti abuztuko azken bi asteburuetan izateko, bigarren asteburuak “En Vivo” kontzertuekin bat eginez.

Gure ustez hau da Udalaren benetako asmoa: Aste Nagusitik dohainezko kontzertu handiak desagerrarazteko aitzakiak bilatzea, dohainezko kontzertu hauek Aste Nagusiaren ezaugarrietariko bat izan direnean, eta Udalak berak ezaugarri hau erabili izan duenean inguruko eta atzerriko bisitariak erakartzeko “Total free” (edo “totally free”, besteontzako) leloarekin.

Asmo honi erantzuten diote auzokideekin sortutako polemikek, eskusa teknikoak erabiliaz Bilbon dohainezko kontzertu handiak egiteko leku aproposik existitzen ez dela behin eta berriro errepikatzeak, eta justu Aste Nagusi ostean izango den makro-festibal batean inbertitzeak (gainera etorkizunean Aste Nagusiarekin kointziditu dezakeenak, festibal paralelo bat izanda eta Aste Nagusia bera desaktibatuz).

Aurreko guztia argi geratzen da aldi berean urtez urte Aste Nagusiko dohainezko kontzertuen kantitatea eta kalitatea nola jaisten diren ikusten dugunean. Gogoratu dezagun gau bakoitzean 2 kontzertu handi egitetik bakarrera pasatu garela, gainera lehenengo bi gauetako kontzertuak zuzenean ezabatu direlarik, eta orokorrean nola jaitsi den taldeen kalitatea, aurreko urteotan publikoki esan dugun bezala.

Beraz, momentu honetan mahai gainean duguna Aste Nagusia pribatizatzeko egitasmoa besterik ez da, behintzat kontzertuei dagokienez.

Bilboko Konpartsak benetan arduratuta gaude Udala ematen ari den pausu hauek direla eta. Jai ereduaren alde dagoela esanda ahoa betetzen zaion bitartean, honen elementu zentralak desagerrarazteko pausutxoak ematen doa.

Ildo honetan, Aste Nagusiaren diseinuan aldaketak egiten doa, handiagoak edo txikiagoak, esaterako elementuak jai esparrutik aldenduz (esaterako, Txikigunea). Ezin dugu ahaztu sailak unilateralki erabaki zuela (dagoeneko ohikoa denez) Aste Nagusiaren beste irudi nagusienetariko bat aldatzea, jaietako zapia, ohiko Bilbo urdin zapia Aste Nagusiarekin zerikusirik ez duen zapi batengatik aldatzen saiatuz, bere helburu bakarra Aste Nagusia eta bere elementuak turismoarentzako produktu hutsak bailira bezala saltzea izanda.

Batzuetan oihartzun handirik ez duten proposamenak botatzen ditu, jendarteak ere ezagutzen ez dituenak. Honen adibide dugu iaz Aste Nagusia baino aste gutxi lehenago Txupinera eta Pregoilariaren jantziak aldatzeko saiakera, Aste Nagusiaren irudien kontrako eraso argia, eta aurten edota hurrengo urteetan saiakera bera egingo dutelako zurrumurruak indartzen doaz.

Honek guztiak Aste Nagusiarekiko eta bere irudiek ordezkatzen dutenarekiko, eta beren jatorri eta bilbotarrokin duten loturarekiko mesprezu izugarria erakusten du, eta hau guztia jai eredua defendatzen dutela esaten dutenen eta hau egiteko behar instituzionala dutenen eskutik.

Beldur gara jaietako irudiei egiten zaizkien eraso hauek, kontzertuek zenbat molestatzen dutenaren inguruan sortutako polemika faltsuekin batera, auzokideak modu lotsagarrian erabiliaz, jai ereduan aldaketak egiten joatea bilatzen dutela.

Berriro ere, eta tamalez ez da ez lehenengo ez bigarren aldia, jaiak baketan utz ditzatela eskatu nahi dugu. Bilbon besterik ez dagoen eredu hau, behin eta berriz formatu ezberdinetan erasoak pairatzen dituena, oso arrakastatsua da, urtez urte Aste Nagusiak duen partaidetza handiak eta Unescok ondare kultural izendatu izanak erakusten duten bezala.

Gure aldetik, hobetzeko eta 78ko eredua oinarritzat hartuz garatzeko apustu garbia egiten jarraitzen dugu, eta hau Jai Batzorde Mistoan borrokatzen jarraituko dugu, hau baita borrokatzeko lekua.

Aste Nagusia bizirik dago eta konpartsek bizia ematen jarraituko dugu!

Bilboko Konpartsen Federakundea

Bilboko Konpartsek gaur banatu dituzte 2012ko Klin-Klon sariak

klin-klon-2012

Argazkia: © Bilboko Konpartsak.

Bilboko Konpartsek eta Txarriduna txerriaren akademiak 2012ko Klin-Klon sariak banatu dituzte gaur goizean. Saria honek San Tomas nekazaritza azokaren izpirituaren zaintzaren eta zabalkundearen alde egindako ekarpena aitortzen du eta “Klin-Klon” ezizenaz ezaguna egin zen Felix Garcia Arceluzek sortu zituen 1915ean.

Beren saltokiak hoberen apaindu dituzten saltzaileak eta azoka giroa irudikatzen duen argazkirik onenak saritzen dira.

Azken edizio honetan, Santo Tomas azokaren 97.a, honakoak izan dira sarituak:

  • Itziar Etxebarria – Fruta eta barazki erakusmahai onena
  • Koldo Belasco – Ezti posturik onena
  • Erdikoetxe Sagardoa – Txakolin saltoki onena
  • Juan Antonio Zabala – Animali bizien (euskal antzara eta oiloak) posturik onena
  • Iñigo Aurrekoetxea – Hestebeteen saltokirik onena
  • Prentsan agertutako argazkirik onena, berriz, Argazki Pressek eskuratu du “Berria” egunkarian argitaratutako irudi bati esker.
  • Azokari buruzko erreportaje onenaren saria, aldiz, “Deia” egunkariak jaso du.

Badatoz Inauteriak!

From 2012ko Inauteriak

Argazkian, iaz lorazainez joan ginen Hau Pittu Hauko kideok. Aurten, ezetz asmatu!

Igandean Pontxe eta Tostada Lehiaketa egin bazen ere, bihar, osteguna, Inauteriei. Bilboko Konpartsek prestatutako egitarauaren barruan, Farolin eta Zaranbolasen epaiketarekin ondoren, txorizo banaketa egingo da Plaza Barrian. 20:30ak aldera, Trapu Zaharrek kalejira abiatuko dute Zazpi Kaleetan barrena.

Ostiralean, hilak 8, umeen desfilearen ostean, 12:30ean, txokolatada egongo da Plaza Barrian eta 20:00etan Bilbo Kantarik edizio berri bat eskainiko du.

Larunbatean, arratsaldeko 18:00etan konpartsen desfilea abiatuko da Plaza Biribiletik eta, udaletxera heltzean, Azkuna alkateak omenaldia jasoko du. 21:00etatik 21:30era sari banaketa egingo da Plaza Barrian.

Igandean, 09:00etan, indaba lehiaketa egingo dute Plaza Barrian eta, asteartean, hilaren 12an, sardinaren ehorzketak bukaera emango die Aratusteei 19:30etatik aurrera.

Baina, Bilboko Konpartsakek antolatutaklo inauteriez gain, auzoek ere euren egitaraua prestatu dute.

Arangoiti

Egun bakarrekoak izango dira Arangoitiko Txapel Inauteriak. Otsailaren 9an, eguerdiko 12etan, emango zaie hasiera trikitixa eta txalaparta doinuekin. 13:00etatik 14:00etara, Egileor plazan mozorro lehiaketa burutuko da. 14:30ean putxeren topaketaren txanda izango da parkean eta 15:00etan, indabak dastatzeari ekingo diote. Arratsaldeari begira, 17:00etan, mozorro lehiaketako sariak banatuko dira. 17:30ean, antzerki laburra eskainiko dute “Arangoitiko metro sarbide berriaren inaugurazioa antzeztuz”. Eta 18:00etatik 19:00etara, Goiri batukadaren laguntzaz koadrilek kalejira egingo dute auzoan zehar.

Buia

Buiako Auzokide Elkarteak mozorro lehiaketa eta dantzaldia antolatu ditu otsailaren 9an, larunbata, auzoko udaltegian. 19:30ean hasi eta gaueko 22:30ean bukatuko da eta auzokide guztiei disko festan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.

Abusu

Otsailaren 8an egitarau zabala eskainiko dute Abusuko Inauterietan. Hilaren 8an, ostirala, 17:30ean, aratusteei hasiera emango zaie Ibaizabal zelaian eta bertan, tailerrak, musika eta puzgarriak egongo dira. 18:00etan, Disparate konpainiak antzerkia eskainiko du. 19:00etan, mozorro lehiaketari ekingo diote eta 19:30ean, Bolintxurekin batukada egongo da auzoan zehar eta ogi-txigortuaren dastaketa. 20:00etatik aurrera, Errerre txarangak auzoa alaituko du eta 23:00etan inauteriei amaiera emango zaie. Aipatzekoa da ere Meatza elkartean inauteri jaia egingo dela eta gaia ere zehaztu dutela. Aurten, Ali Baba eta 40 lapurren inguruan mozorrotu beharko dute hurbiltzen diren lagunek.

Santutxu

Otsailaren 14an, osteguna, helduko dira Inauteriak Santutxura. Egun horretan, Ximelgorria aisialdi taldeak inauterietako ekintzak eskainiko ditu Karmelo plazan goizeko 10:00etatik arratsaldeko 17:00etara. Hilaren 15ean, ostirala, 17:30ean Txoro eta Mokoko pailazoak ikusteko aukera egongo da Karmelon; eta 19:30etik aurrera albokariak ibiliko dira auzoan zehar. Larunbatean, Gaztedi dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du auzoko hainbat txokotan 19:30ean.

Bukatzeko, desfilea igandean, hilaren 17an izango da, 12:00etan. Santutxu kaletik hasiko da eta auzoa zeharkatuko du. Hori gutxi balitz, 18:00etan, Arsuaga plazan DJ batek giroa alaituko du.

Zorrotza

Auzo honetako inauteriak otsailaren 15ean hasiko dira. Egun horretan, 21:00etan, Sunk Itii funky-jazz taldearen kontzertua egongo da Alboka tabernan. Larunbatean, hilaren 16an, 16:45ean, inauterietako jaitsieran izena emateko epea zabalduko da Zorrotzagana plazan eta 17:30ean, aratusteetako jaitsiera abiatuko dute plaza beretik Txinbotarrak eta Zorrotzako Jai Batzordearen animazioarekin. Ondoren, 18:45ean, taberna eta denden VIII. Mozorro lehiaketaren sari banaketa egingo da. 19:00etan, Azoka parkean desfileko sari banaketa burutuko dute eta bukatzeko, 19:30ean, txokolate jana egongo da.

Hau Pittu Hauk bigarren zaria lortu du kremazko tostaden lehiaketan!

Gaur, otsailaren 3an, domeka, Bilboko Konpartsek antolatuta eta eguraldi eskasari aurre eginez II Pontxe eta Tostada Lehiaketa egin da Plaza Berrian, 2013ko Aratusteen programazioaren barnean. Pontxe, kremazko tostada eta ogizko tostada kategorietan parte hartu du Hau Pittu Hauk eta kremazkoetan bigarren saria eskuratu. Zorionak danoi!

Tostada lehiaketari dagokionez, aurtengo parte-hartzaileak 38 izan dira. Eta saridunak hauek izan dira:

Herrikoien kategorian:

– Kremazko tostadak:

1. saria: Txori Barrote
2. saria: Hau Pittu Hau
3. saria: Txori bi

– Ogizko tostadak:

1. saria: Moskotarrak
2. saria: Asociacion mujeres gitanas Sim Eromi
3. Saria: Aixe Berri

Ostalaritzaren kategorian:

– Kremazko tostadak: ez dira aurkeztu.

– Ogizko tostadak:

1. saria: Bar Fermin
2. saria: Negresko
3. saria: Bar Naikari

Pontxe lehiaketari dagokionez, aurtengo parte-hartzaileak 9 izan dira. Eta saridunak hauek izan dira:

Herrikoien kategorian:

1. saria: Aixe Berri
2. saria: Pa Ya 1
3. saria: Askapeña

Ostalaritzaren kategorian: ez dira aurkeztu

Bilboko hotza eta kazkabarrari aurre egiteko formularik onena tostadak eta pontxea hartzea dela ziurtatu dezakegu!

On egin!

 

Argazkietan, parte hartzaile guztien pontxe eta tostadak, gehi guk aurkeztutakoak.

Pontxe eta Tostada Lehiaketa

Bilboko Plaza Berrian 2013 Inauterien programazioaren barnean, igande honetan, otsailaren 3an, eguerdiko 12etan Pontxe eta Tostada Lehiaketa egongo da. Etxetik eraman behar dira bai pontxeak, bai tostadak. Eta aurtengo Farolin den Manu Iturregi zuzenean pontxe berezi  bat prestatuko digu bertan.

Bihar izango da Pontxe eta Tostada Lehiaketa

Gogoratzen dizuegu Bilboko Plaza Berrian 2013 Inauterien programazioaren barnean, igande honetan, otsailaren 3an, eguerdiko 12etan Pontxe eta Tostada Lehiaketa egongo dela. Etxetik eraman behar dira bai pontxeak, bai tostadak. Eta aurtengo Farolin den Manu Iturregi zuzenean pontxe berezi  bat prestatuko digu bertan. Bilboko Konpartsek parte hartzeko deialdia zabaltzeko eskatzen dizuete.

Eskerrik asko.