Klin-Klon sarien bigarren edizioa

Argazkian, azaroaren 26an aurkeztu zen txerriaren produktuen La Granja tabernan.

Tomas Deunaren azokaren data gainean dugularik, eta iaz hasitako ibilbideari jarraituz, aurten ere Bilboko Konpartsek eta Txarriduna Txerri Akademiak deituta Klin-Klon sarien bigarren edizioa ospatuko da.

1915. urtean Félix Garci-Arcéluz kazetari bilbotarra, Klin-Klon bezala ezaguna, Tomas Deunaren Merkatua martxan jarri zuen. Sari hauen bitartez merkatu honen hasierako espiritua gogoratu nahi dugu, eta azken urteotan asmo hori desitxuratu bada ere egun Bilbon herri honen ohituren berreskuratze eta bultzatze lanean garrantzi berezia duen ekimena dugu.

Zentzu honetan deialdi berezia luzatu nahi diogu Bilbotar orori abenduaren 21an euskal jantziekin apainduta merkatura jaisteko.

Sariekin batera, Klin-Klon-i omenaldia egingo diogu igande honetan, abenduaren 16an eguerdiko ordu batetan Plaza Berrian, Fueros kaleko sarbidean, Félix Garci-Arcéluzen oroimenez jarritako armarriaren oinetan.

Aurtengo Tomas Deunaren merkatuan Klin-Klon sariak, kategoria ezberdinak edukiko ditu:

Prentsa argazkiarena eta Merkatuko postuena.

Kategoria hauetan kontuan hartuko da 1915ko espiritua ahalik eta hoberen jasoko duen Bilboko prentsan argitaratuko diren bi argazkirik egokienak eta postuen artean espiritu hori hoberen islatuko dituenak ere bai, postuak kategoria hauen artean banatuta:

  • Fruta, barazkiak eta landareak: landare edergarriari eta ortuko produktuari sariak.
  • Gozogintza: mamidun saria.
  • Hestebeteak: zezina eta haragi deribatuei saria.
  • Edariak: Txinparta saria.
  • Abereak: Hozkada saria.

Santo Tomas eguneko egitaraua:

  • 10:00 – Txosnaren irekiera
  • 12:00 – Eszenatokian: Txalaparta
  • 12:00 – Elizaren ondoan: Pintxo eta indaben banaketa (tiketa erosi behar da)
  • 13:00 – Eszenatokian: Bertsolariak (Oihana Bartra, Peio Ormazabal eta Arkaitz Estiballes)
  • 14:00 – Eszenatokian: Gaiteroak
  • 16:00 – Eszenatokian: Erromeria Gozo-gozo
  • 20:00 – Alde Zaharretik: Bilbo kantari + triki (*)
  • 20:00 – Eszenatokian: Txerri produktuen zozketa
  • 20:30 – Eszenatokian: DJ Makala

(*) Bilbo Kantari Kalderapeko aurrean hasiko da, Txakur Kalea 1.

Aurten ere “Sentitu, pentsatu, ekin!”

Azken urteetan bezala, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoak, Bilboko Konpartsak eta Auzotarrok, denak auzolanean, proiektu hau aurrera eramateko elkartu egin gara. Abenduaren 23an, igandearekin, Barakaldoko BECen 12:00etan eta 18:00etan, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek ikuskizun berria aurkeztuko dute, “Sentitu, pentsatu, ekin!”. Euskaraz kantatu eta dantzatuko dugu, eta noski euskaraz egingo dugu irri. Sarrerak lor ditzakezue 944 310 310 telefono zenbakian, BBK-ko orotariko kutxazainetan edo Internet bidez (lotura honetan). Sarrera: 8 euro + bankuaren komisioa.

Madrilen epaituko dituzten bi itzubaltzetarrei babesa adierazi diete Bilboko Konpartsek

IMG_0385

Iturria: Ukberri.net

Itzubaltzeta / Romoko ehun bat auzokidek eta kultur, jende eta kirol talde ezberdinetako kideek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Branka kultur elkartearen eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordearen presidenteei elkartasuna eta babesa emateko. Izan ere, datorren abenduaren 10ean Espainiako Auzitegi Nazionalean burutuko da bi elkarteen presidenteen aurkako epaiketa, 2011ko jai-liburuxkan Branka kultur elkarteak bere iragarkian elkarte horretako bi kide presoen argazkiak ipintzeagatik. Bakoitzari 18 hilabeteko espetxe zigorra jartzea eskatu du fiskalak, “terrorismoaren goratzea” egotzita. Edu Sebastian eta Joseba Lekunberri jai batzordeko eta Brankako kideek auzia “zentzugabekeria eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso argitzat” jo dute eta epaiketa berehala bertan behera uzteko exijitu dute. Bitartean, manifestazio isila deitu dute iganderako, abenduak 9, 13:00etan Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazatik.

Auziperatutako Josu Iturburu eta Jagoba Agirrek dagoeneko jaso dituzte mila auzokideren eta makina bat elkarteren babesa. Hala nola, Getxoko Udalbatza (EAJ eta Bilduren botoz), Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, Getxoko Bildu, Bilboko Konpartsak, Santa Anako jai batzordea, Algortako jai batzordea, Betiko ikastolako batzordea, Zasi Eskola dantza taldea, Erromotarrak areto futbola, PTPren aurkako batzordea, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Gazte Asanblada, Erromoko Hintxak, Herri Norte Taldea, Herrira, Ukberri eta Erromoko koadrilak.

Auzokideek zabaldutako oharra:

Bi auzokide epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean

Abenduaren 10ean Itzubaltzeta / Romoko bi auzokide epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, terrorismoa goratzea delitua egotzita.

Bi auzokideen aurkako jazarpena 2011ko Itzubaltzetako festen testuinguruan hasi zen, jaietako liburuxkan Branka kultur elkarteak urtero jartzen duen iragarkian elkarte horretako bi kide presoen argazkiak ipintzeagatik. Josu Iturburu eta Jagoba Agirre epaituko ditu magistratuak. Josu Branka kultur elkarteko presidente gisa, bazkide presoen argazkiak jartzearen arduradun izateagatik eta Jagoba Erromoko jai batzordeko presidente gisa, festetako liburuxka argitaratzeagatik.

2012ko urtarrilean eta apirilean, hurrenez hurren, Jagobak eta Josuk Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten, inputatu gisa, eta handik gutxira fiskalak 18 hilabeteko espetxe-zigor eskaera egin zuen bakoitzarentzat.

Izapide guztiak burututa, abenduaren 10ean bi auzokideek akusatuen aulkian eseri beharko dute, epaiketari hasiera emateko.

Egoera horren aurrean, ideologia eta jatorri desberdineko auzokideok, Josu eta Jagobaren aurkako, eta ondorioz Branka kultur elkarteari eta Erromoko jai batzordeari eragiten dien erasoaren aurrean gure gaitzespen irmoena adierazten dugu eta bi auzokideen aurkako epaiketa berehala bertan behera uzteko exijitzen dugu.

Branka kultur elkarteak une horretan preso zeuden bi bazkideren argazkiak jaietako liburuxkan jartzeagatik inoren kontra 18 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzea zentzugabekeria eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso argia baino ez da. Gisa honetako eskubide urraketek ez dute kabidarik, eta are gutxiago Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berri eta itxaropentsuaren aurrean. Horregatik, bi auzokideei gure elkartasuna eta babesa eskaintzen diegu.

Zentzu horretan, auzoko eragile, elkarte, talde eta norbanakoen atxikimendu kanpaina bat abiatu dugu Madrilerako bidean ahalik eta auzotar gehienen berotasun eta sostengua izan dezaten.

Ildo horretan, Itzubaltzeta / Romoko mila auzokidek baino gehiagok sinatu du aipatu atxikimendua eta auzoko eta inguruetako makina bat elkarteren babesa jaso dugu. Hala nola, Santa Anako jai batzordea, Algortako jai batzordea, Bilboko Konpartsak, Betiko ikastolako batzordea, Zasi Eskola dantza taldea, Erromotarrak areto futbola, PTPren aurkako batzordea, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Gazte Asanblada, Erromoko Hintxak, Herri Norte Taldea, Herrira, Ukberri, Erromoko koadrilak, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, Getxoko Bildu, eta aipamen berezia egin behar diogu Getxoko Udaleko azken bilkuran EAJ eta Bilduren aldeko botoz onarturiko mozioari.

Beste barik, zure inplikazioaz horrelako beste gertaerarik ez errepikatzeko asmoz, aipatutako bi deialdietan elkar ikustea espero dugu:

• Abenduak 9, 13:00etan, Manifestazio isila Santa Eugenia plazatik.

• Abenduak 10, 20:00etan, Josu eta Jagobari harrera Santa Eugenian epaiketatik bueltan.

Ostiral honetan izango da Bilbo Kantari!

bilbo-kantari-aurkezpena
Argazkian, Bilbo Kantariren aurkezpena.

Kaixo, lagun kantuzale hori:

Abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunen artean dela eta, Bilbo kantari berezia izango dugula ostirala honetan, hilaren 30ean, betiko orduan, 20:00etan, baina Plaza Berriatik abiatuta, Euskaltzaindiaren egoitzapetik, hain zuzen.

Zabaldu mezua zure ingurukoen artean.

Txerriaren produktuen zozketa izango da Santo Tomas egunean

santo-tomas-zozketa

Argazkian, atzo aurkeztu zen ekimena La Granja tabernan.

Bilboko Konpartsak, Txarriduna txerriaren akademia, Makilaren kofradia, Erriberako Merkatua eta Alde Zaharreko ostalari eta dendariak, Bilbon azken urteetan galdutako ohitura bat berreskuratzera gatoz. Tomas Deunaren egunean gure herrian txerriaren inguruko ohitura berreskuratu nahi dugu, baina gaur egungo egoerari egokituta. Hau da; animalien zainketa egokia bultzatzeko eta ekoizpen eta elikadura eredu berri baten aldeko apustua eginez. Aurten talde guzti hauek batera euskal txerri zoriontsu baten produktuak zozketatuko ditugu. Zozketa honen tiketak bereziak izango dira ere eta zenbakiak Bilboko Konpartsen egutegiekin banatuko dira 0,50 zentimotan Bilboko hainbat denda eta tabernetan. Ekimen honetatik ateratako dirua Bizkaiko Janari Bankuari produktuak helarazteko erabilia izango da. Jakitun garelako une honetan Bilbon (beste hainbat lekutan bezala) gizarte jantokiak gainezka daudela, eta ekimen honen bitartez ekarpen txiki bat baino egingo ez dugula. Zozketa abenduaren 21an egingo da 20:00etan Bilboko Konpartsen eszenatokian, San Nikolas gunean.

Bestetik, ohitura berreskuratzeko beste ildo bat berrartuz, Tomas Deuna egunean San Nikolas gunean txerri bat bere bi kumeekin ikusgai egongo da. Txerri horiek euskal txerri zoriontsuak izango dira ere bai eta leku egokia batean egongo dira ikusgai. Beraz, hemendik deialdia luzatzen dizuegu bilbotar eta bizkaitarrei Bilboko denda eta tabernetan zozketaren zenbakiak eskuratzeko eta Tomas Deunaren ohitura hau gurekin batera berreskuratzeko eta euskal txerri zoriontsuaren bitartez guztion ekarpena egiteko. Aprobetxatu nahi dugu ere dendari zein ostalariei gurekin harremanetan jartzeko deialdia luzatzeko. Jada gutunak banatu izan ditugu baina norbait abisatu barik gelditu izan bada gugana jo dezake ekimen honetan parte hartzeko.

Zozketatuko dena

Hiru saritan banatuta dago:

  • 1Urdaiazpikoa

  • 1 txerri-masaila

  • 2 belarri

  • 1 buztana

  • 1 kokospe

  • 1 hirugihar

  • 4 kg txistorra

  • 4 kg txorizo berria

  • 2 saiheski ontzutua

  • 6 lata pate

  • 4 kg txorizo

  • 4 kg saltxitxoi

  • 1 solomo ontzutua

  • 1 solomo – hestebetea

  • 20 kg odolostea

Urriaren 11n, Txikitero Eguna eta Bilbo Kantari!

Argazkian, Bilbo Kantariren aurkezpena.

Ostegun honetan, urriak 11, TXIKITERO EGUNA ospatuko dugu Bilbon. Goizeko 12etan eta arratsaldeko 20etan hitzordua jarrita daukate Burtsan Bilboko Konpartsek. Baina hemen ez da egitaragua bukatzen, BILBO KANTARI ere egun horretan izango da. Bilbo Kantari Kafe Bilbaon (Plaza Berria) 20:00etan hasiko da.

Zuen kamisetak eta txapelak ez ahaztu!

Azkunak Karola Gunearen inguruan esandakoak gezurra direla salatu dute Bilboko Konpartsek

Iturria: Bilboko Branka

Iñaki Azkuna alkateak joan den igandean El Correo español egunkariari eskainitako elkarrizketa batean Karola Gunearen inguruan esandakoak gezurtatu dituzte Bilboko Konpartsek. Kazetariak Karola Guneak Aste Nagusian izandako porrotaz galdetzean tokia aukeratzeko unean Jai Batzorde Mistoko gainerako taldeek aurkako iritzirik plazaratu ez zutela dio Azkunak.

Errealitatea, baina, oso bestelakoa da eta hemerotekak agerian uzten du alkatearen eta jaietako zuzendaritzaren artean dagoen koordinazio eza. Maiz ez dagokion tokian sartzea leporatu izan diote Azkunari konpartsek eta azken polemika hau horren adibide garbia dugu.

Bai Bilboko Konpartsek zein Jai Batzorde Mistoan dauden oposizioko taldeek, Bildu esaterako, Karola Gunea kontzertuak egiteko toki egokia ez zela adierazi zuten artean jaiak hasteko bi hilabete falta zirela.

Ekainaren 27an konpartsek gogor kritikatu zituzten kontzertuen eta txiki gunearen kokapen berriak eta uztailaren 9an, berriz ere alkatearen adierazpenei erantzunez, kontzertuak eta txiki gunea beste toki aproposago batzuetan egiteko proposamenak helarazi zizkiola gogorarazi zioten. Bilduk, bere aldetik, Jai Batzorde Mistoaren lana errespetatzeko eskatu zion alkateari.

El Correoren elkarrizketan gainera, hemendik aurrera kontzertuen kokagune berria aukeratu aurretik beharrezkoak diren segurtasun txosten guztiak eskatuko dituela dio Azkunak, Karola Gunea hautatzean halakorik egin izan ez balu bezala. Hala ere, Bilboko Konpartsek afera erabat argitu nahi izan dute eta Karola Gunearen mugak eta segurtasun ezak agerian uzten dituen dokumentua -udal talde guztiek jaso zutena- zabaldu nahi izan du.

Horregatik guztiagatik, konpartsek diote kontzertuekin jazotakoa “ez zela gertatuko Jai Batzorde Mistoari bere lana egiten utzi izan baliote” eta udal gobernuaren erabakiaren atzean arazo teknikoak daudela esatea “pilotak kanpora botatzea” dela uste dute, “ardurak onartu beharrean”.

Azkenik, Bilboko Konpartsek aipatutako bi puntuen inguruan iritzia agertzera deitu dituzte oposizioko udal taldeak “argi geldi dadin bakoitzaren ardura non kokatzen den”.

Aste Nagusia 2012: Bilboko Konpartsen balantzea

Argazkia: Bilboko Branka

Beste urte bat, eta badira 34, Aste Nagusia izugarri arrakastatsu bat lortu egin dugula. Parte hartu duen jende guztiari konpartson aldetik eskerrak eman nahi dizkiegu: guzti-guztiei. Haien parte hartzerik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako munduko Aste Nagusirik zoragarriena bizitzea.

Aurtengo datuei erreparatuz, guretzako garrantzitsuenak direnak: esan dezakegu kontsumoa jaitsi bada ere, errealitate bat dela ezin ukatu, parte hartzea oso altua izan dugula; hiri krosa guztiz beteta 1800 lagun baino gehiago parte hartuz, gastronomikoa zer esanik ez: 1200 kazuela osora, egunean 200 kazuela media izanda, 200 ume haien gastronomikoan ere astelehenean, eta jada ideia berriak datorren urteko gastronomikorako lapikoen artean ditugu, frontainer, futbol 3 (bonbonera)(gure aurtengo berrikuntzak) eta Irriaren Lagunen Klubarekin egindako elkarlanetan, hau da, puzgarrietan, tailerretan, emanaldietan, igerilekuetan parte hartze polita ere bai. Eta zerrenda luze bat egin ahal izango genuke honen inguruan.

Aipagarria ere Virginia eta Nereak (pregoilaria eta txupinera) igarotako Aste Nagusia, dana eman dutela esan dezakegu, eta guretzako ohore handia da haiekin egon izana! Horrelako txupi eta pregoilariak nahi ditugu beti!!

Beraz, esan bezala, jaiak ondo, eguraldia itzela, antolakuntza….oso ona…nahiz eta gauza batzuk beti hobetu daitezkeen eta horretan ahaleginduko garela zin egiten dugun … beraz, konpartsentzako ondorioa: Bilboko ereduaren efikazia zalantzarik gabekoa dela!!

Honek zer esan nahi du? Elkarlanean egiten diren gauzak oso ondo ateratzen direla! Eta gure ustez ikasgai polita da hau Berorren Udal Gorentasunarentzat (hemendik aurrera BUG). Aurten adibide argi bat izan dugulako, Alkateak bere kabuz hartutako erabakiak, gurekin alderatu gabeko erabakiak, erabateko frakasora eraman izan ditu kontzertuak. (otro exito más de la administración SAM) Eta itsusia bada ere esan egingo dugu: konpartsok abisatu genuen!!

“Mas sabe el diablo por viejo que por diablo” dio esaera zaharrak. Eta konpartsok 34 urte daramatzagu jaiak egiten, eta alkateak aldiz, joan eta etorri egiten dira. Umiltasun apur bat gehiago ez letorke txarto baten bati.

Konpartsok oso pozik gaude alde batetik Jai Batzorde Mistoan alderdi politiko ezberdinetako kideekin lortzen diren akordio eta elkarlanaz eta beste aldetik Aste Nagusiarekin erlazionatuta dauden sail ezberdinekin batera lortutako lanaren garapena. Baina ukaezina da BUG ekin ez garela ondo moldatzen, eta hori ez da txarra izan behar. Maitasun batzuk ezinezkoak dira eta listo!. BUGen taldeko kide askorekin aldiz, oso ondo moldatzen gara, lanean aritzen gara arazorik gabe, aipagarria batzuen laguntza konpartsekin batera egiten ditugun ekimen askotan, haiek gabe ezin izango genuke aurrera egin egia esan. Horregatik uste dugu Alkate on batek suak piztu baino, amatatzen jakin beharko lituzkeela, bere gerriak malgutasun gehiago beharko luke zalantzarik gabe, gureak asko dantzatzen dugunez malgutasun handia duela esan daiteke.

Azken finean jokoan dagoena oso serioa delako, eta ezin ibili umeak bezala zirikan denbora osoan. Aste Nagusiak izugarrizko garrantzia du Bilbon eta Bizkaian, ez soilik plano kulturaletik baizik eta ekonomikoan ere; gogora dezagun aste nagusiak BGPan duen eragin izugarria, udalaren beraren datuen arabera: inbertitutako euro bakoitzeko 10 euro baino gehiago sortzen dira BPGan, eta 2,5 jasotzen dira zergetan. Aldi berean 1000 lanpostu baino gehiago mantentzeko beharrezkoa da, eta hori guztion artean zaindu behar da. Aste Nagusian faktura asko ordaintzen dira, adibidez konpartsok, Alkateari asko gustatzen zaion enpresa bati diru mordo bat ordaintzen diogu, berak jakin ez dakiela ematen duen arren, konpartsa bakoitzak faktura bana dauka Iberdrolarekin urtero argia lotzeko, eta gainera Aste Nagusia hasi baino lehen ordaindu beharreko faktura da, eta beti ibiltzen gara arazoekin muntaia astean bertan. Eta udalak ere badu diru sarrera polita konpartsen eskutik horrela adostu genuelako orain urte mordo bat. Eta zin egiten dugu konpartsok jarri beharreko dirua gogotik jartzen dugula.

Ba horixe! Ezin dela pikatuta bizi! Aste Nagusia Bilbotarrontzako, Bizkaitarrentzako oso garrantzitsua dela, dibertigarri eta parte hartzailea izatetik aparte. Hori defendatu behar dugu, Aste Nagusia defendatu behar dugu. Jai Batzorde Mistoa bultzatu behar dugu eta hortxe guztiok elkarrekin lan egin, oraingoan kontzertuentzako leku egokiak bilatuz (Etxebarria parkean edo eta Avenida del Ferrocarrilen, guk proposatu genuen bezala) eta argi utziz kontzertuak dohainik izaten jarraitu behar direla. Espero dezagun Karolaren aurtengo espektakuloa ez izatea aitzakia kontzertuak pribatizatzeko … guk aurreikusten genuen bezala … ia berriro ere okertu garen eta gaitzikor batzuk garen … baina orain begiratuta ematen du segurtasunaren gainetik helburu ekonomikoak jarri direla … baina ez! Alde batera utziko dugu gure maltzurkeria .. eta proposamenetan zentratuko gara!

Uste genuen BUG oporretan bidaliaz lasaiago eta poz-pozik itzuliko zela … espero dezagun azken egunetako deklarazioak jet-lag aren ondorioa izatea eta hemendik aurrera Jai Batzorde Mistoari lan egiten uztea eta horrela dana primeran joatea!

Tamalez, jarrera sexista duen jendeak eta besteak errespetatzen ez dituen jendeak jarraitzen du existitzen eta ezbehar handirik ez egon arren, jakin badakigu, eraso eta jarrera sexistak egon direla eta hurrengo Aste Nagusiko edizioetan desagertzen joatea espero dugu.

Azkuna Txinara bidali dute konpartsek

Iturria: Bilboko Branka

Kaskagorrik eta Txori Barrotek txosna jartzeko aukera izan dute aurten, bi urte geroago, hortaz, azken urteotako planto egunak alde batera utzi dituzte konpartsek. Halere, asteazkena modu sinbolikoan jai eredu herrikoi eta parte hartzailea aldarrikatzeko eguna izendatu dute.

Debekuen eta borroken garaia gainditu dutela eta jaiekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi nahi izan zioten konpartsek Iñaki Azkuna alkateari herenegun. Horretarako Plaza Biribiletik Areatzara arteko bidea egin zuten “Aste Nagusia Defendatuz” lemadun kamiseta zeramaten ehunka lagunek.

Ondoren Areatzan egin zuten agerraldi umoretsuan Azkuna oporretan bidaltzeko lehiaketan gehien aukeratutako hiru lekuak eman zituzten ezagutzera; Marina D’or, Txina eta Ekuadorrek Londresen duen enbaxada izan dira bozkatuenak Bilboko Konpartsen webgunean. Asteazkenean, baina, Txina izan zen bozkatuena eta puxikekin lotutako kupel batean sartuta hegan abiatu zen Azkuna Bilboko zeruan gora.

Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute Bilboko Konpartsek

Dakizuenez Aste Nagusia munduko jairik zoragarriena da eta berez Euskal Herriko jairik izugarriena, ekimen gehien dituen jaia da: 300 baino gehiago eta guzti guztiak dohainik parte hartzea bultzatzeko asmoz!

Gaur ibilbide txiki bat egingo dizuegu aurtengo mundu mundialeko 9 eguneko Aste Nagusi berezi eta bakar honetan guztion gozamenerako antolatuta ditugun ekimen guztietan zehar.

Hasteko, betiko ekimenak, pixkanaka Aste Nagusiaren klasiko bat bihurtu diren horiek:

  • Txalaparta jaia eta txapelketa – domekan
  • Xake txapelketa – astelehen, astearte, asteazken, ostegun, ostiral eta zapatuan.
  • Igela txapelketa – astelehen eta asteartean.
  • Aerobithona – astelehenean.
  • Bertso-triki-kalejira – astelehenean.
  • Mus txapelketa – asteartean.
  • Bilbo kantari – astearte, ostegun eta zapatuan.
  • Bertso bazkaria – asteazkenean.
  • Tira goma txapelketa – ostegunean.
  • Kukaña – ostegunean.
  • Ikurriñari omenaldia – ostegunean.
  • Jubilatuentzako bazkaria – ostegunean.
  • Ur jokoak – ostiralean.
  • Ardo dastaketa – zapatuan.
  • Konpartsen arteko bazkari eta herri kirolak – zapatuan.

 Badira urte batzuk esfortzu garrantzitsu bat egiten ari garela eguneko ekimenak eta umeentzako ekimenak bultzatzeko, honela Aste Nagusian ohikoak diren tailerrak, umeentzako ikuskizunak, puzgarriak etabar luzea izango ditugu aurten ere, txikienak eta familiak 9 egun hauetan, jai esparruan dagoen giroaz goza dezaten. Baditugu ere ezarrita dauden hainbat ekimen: lorezaintza ekologikoa, habaila tailerra eta txapelketa, asteleheneko umeentzako gastronomikoa … baina aurtengo berritasun garrantzitsua; Irrien Lagunak Kluba (ILK) astelehenetik ostegunera jai esparruan zehar, ekimen, tailer eta sorpresa pilo batekin gurekin egongo direla izango da.

Eta urtero bezala, 2012 urte hau ez zen gutxiago izango, berrikuntzak ere baditugu bisitari zein villako lagunentzako, aurreko edizioan hain arrakastatsuak izan diren hainbat ekimen mantendu eta zabalduz aparte: adibidez; domekako skate tailerra eta txapelketa, bigarren domekara pasako den warhamer lehiaketa, eta lehen domekan izango den Magik, publiko guztietara zabalduko direnak.

Hauekin batera, gure ekimen kuttunetako bat; Bilbo Kantari, aurtengo kurtsoan zehar egin izan duguna ere bai, hilabete bakoitzeko bigarren zapatuetan lagun pila bat batzen. Hain arrakastatsua izan da zein hasierako 1.000 txapela-liburuxka agortu egin ditugula, eta Aste Nagusirako formato berri batekin argitaratu egin behar izan dugula.

Ekitaldi berri hauen artean, alde batetik, frontainerra dugu, hiritar guztientzako Ripan jarriko dugun frontoi txiki bat. Bertan egun bakoitzean euskal pilotak dituen modalitate ezberdinetaz gozatu eta ikasi ahal izango dugu; zesta puntatik laxoaraino, ekimen ezberdinekin eta Mikel Goñiren bisitarekin, abuztuaren 20an, maisu-eskola bat eskeiniko digula.

Azpimarratu nahi dugu ere bai Athletic Fundazioarekin batera egingo dugun ume zein gazteentzako 3×3 futbol txapelketa, astearte eta asteazkenean Ripan jarriko den “bombonera”n ospatuko dena.

Aurtengo beste nobedadeetako bat Bloodbowl Aste Nagusiko Lehiaketa izango da, lehen Domekan Ripako karpan ospatuko dena.

Eta urtero bezala, Basurtuko ospitalean dauden umeei egiten zaien bisita, aurten Euskotrenen laguntzarekin, jai gunetik konpartsok, pregoilari eta txupinerarekin egun horretarako tranbia berezi batean hurbildu izango gara.

Eta ezin ahaztu gure altxorrik preziatuenak, ekimenik potenteenak eta parte hartze gehien dituztenak: Hiri Krosa eta Gastronomiko txapelketa, oraintxe zehaztasun gehiagorekin Kepa eta Pedrok azalduko dituztenak.

Eta zelan ez, ibilbide honetan ezin dira falta konpartsok gure gune eta txosnetan eukiko ditugun kontzertu, bazkari, kalejira, txapelketa eta abar luze bat. Aipatzeko 50 kontzertu baino gehiago izango ditugula, Anje Duhalde, Ze Esatek!, Vendetta, Itziarren Semeak taldeekin beste batzuen artean, eta umeentzako egongo diren 60 jarduera baino gehiago ere bai, guzti hauek gure web orrialdean kontsultatu ahal izango dituzuenak eta abuztuaren 15etik aurrera eta Aste Nagusia osoan zehar, Bilboko Konpartsakek banatuko dituen 15.000 eskuko egitarauetan ere bai.

Eta 2012. urteko Aste Nagusirako bisita gidatu azkar honekin amaitzeko gogoratu nahi dugu aurten ere aurreko urteetan hain arrakastatsua izan den edalontzi berrerabiliak izango ditugula berriz txosna guztietan eta gainera aurten kubata edalontziak ere izango ditugu ezarpenarekin jarraitzeko.

Gora Marijaia!

Gora Bilboko Konpartsak!