Azkuna Txinara bidali dute konpartsek

Iturria: Bilboko Branka

Kaskagorrik eta Txori Barrotek txosna jartzeko aukera izan dute aurten, bi urte geroago, hortaz, azken urteotako planto egunak alde batera utzi dituzte konpartsek. Halere, asteazkena modu sinbolikoan jai eredu herrikoi eta parte hartzailea aldarrikatzeko eguna izendatu dute.

Debekuen eta borroken garaia gainditu dutela eta jaiekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi nahi izan zioten konpartsek Iñaki Azkuna alkateari herenegun. Horretarako Plaza Biribiletik Areatzara arteko bidea egin zuten “Aste Nagusia Defendatuz” lemadun kamiseta zeramaten ehunka lagunek.

Ondoren Areatzan egin zuten agerraldi umoretsuan Azkuna oporretan bidaltzeko lehiaketan gehien aukeratutako hiru lekuak eman zituzten ezagutzera; Marina D’or, Txina eta Ekuadorrek Londresen duen enbaxada izan dira bozkatuenak Bilboko Konpartsen webgunean. Asteazkenean, baina, Txina izan zen bozkatuena eta puxikekin lotutako kupel batean sartuta hegan abiatu zen Azkuna Bilboko zeruan gora.