Azkunak Karola Gunearen inguruan esandakoak gezurra direla salatu dute Bilboko Konpartsek

Iturria: Bilboko Branka

Iñaki Azkuna alkateak joan den igandean El Correo español egunkariari eskainitako elkarrizketa batean Karola Gunearen inguruan esandakoak gezurtatu dituzte Bilboko Konpartsek. Kazetariak Karola Guneak Aste Nagusian izandako porrotaz galdetzean tokia aukeratzeko unean Jai Batzorde Mistoko gainerako taldeek aurkako iritzirik plazaratu ez zutela dio Azkunak.

Errealitatea, baina, oso bestelakoa da eta hemerotekak agerian uzten du alkatearen eta jaietako zuzendaritzaren artean dagoen koordinazio eza. Maiz ez dagokion tokian sartzea leporatu izan diote Azkunari konpartsek eta azken polemika hau horren adibide garbia dugu.

Bai Bilboko Konpartsek zein Jai Batzorde Mistoan dauden oposizioko taldeek, Bildu esaterako, Karola Gunea kontzertuak egiteko toki egokia ez zela adierazi zuten artean jaiak hasteko bi hilabete falta zirela.

Ekainaren 27an konpartsek gogor kritikatu zituzten kontzertuen eta txiki gunearen kokapen berriak eta uztailaren 9an, berriz ere alkatearen adierazpenei erantzunez, kontzertuak eta txiki gunea beste toki aproposago batzuetan egiteko proposamenak helarazi zizkiola gogorarazi zioten. Bilduk, bere aldetik, Jai Batzorde Mistoaren lana errespetatzeko eskatu zion alkateari.

El Correoren elkarrizketan gainera, hemendik aurrera kontzertuen kokagune berria aukeratu aurretik beharrezkoak diren segurtasun txosten guztiak eskatuko dituela dio Azkunak, Karola Gunea hautatzean halakorik egin izan ez balu bezala. Hala ere, Bilboko Konpartsek afera erabat argitu nahi izan dute eta Karola Gunearen mugak eta segurtasun ezak agerian uzten dituen dokumentua -udal talde guztiek jaso zutena- zabaldu nahi izan du.

Horregatik guztiagatik, konpartsek diote kontzertuekin jazotakoa “ez zela gertatuko Jai Batzorde Mistoari bere lana egiten utzi izan baliote” eta udal gobernuaren erabakiaren atzean arazo teknikoak daudela esatea “pilotak kanpora botatzea” dela uste dute, “ardurak onartu beharrean”.

Azkenik, Bilboko Konpartsek aipatutako bi puntuen inguruan iritzia agertzera deitu dituzte oposizioko udal taldeak “argi geldi dadin bakoitzaren ardura non kokatzen den”.