Txillardegiren ideien gaurkotasuna azpimarratu dute bere omenez egindako jardunaldietan

txillardegi

Argazkian, 2011ko otsailaren 12an, EHEk deitu zuen “Sasi guztien gainetik… Euskaldun eta burujabe!” lelopeko nazio manifestazioaren ostean, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-ri omenaldia egin zioten milaka euskaltzalek / cc-by-sa Zuzeu.com.

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-k euskararen normalizazioa helburu egindako ekarpen oparoa landu zuten atzo goizean Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan egin ziren jardunaldietan eta bere ideiek bizi bizirik dirautela, etorkizunerako erregaia direla ondorioztatu zuten parte hartzaileek.

Jardunaldiak Donostiako euskalgintza biltzen duen Batzen koordinakundeak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatu zituzten eta bi erakunde horietako ordezkariek hartu zuten lehen hitza. Batzen-eko Jexux Arrizabalagak Txillardegik hainbat eremutan egindako ekarpena azpimarratu zuen eta noizbait merezi duen omenaldi nagusia antolatu beharko dela iradoki.

Jarraian Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hartu zuen hitza eta Txillardegiri esker ona adierazteaz gain, aurreko astean Kontseiluak aurkeztutako Euskararen normalizaziorako gutxienekoak ekarri zituen gogora. Izan ere, esku hartzerik gabeko hizkuntza-politika eta euskararentzat estatus egokia (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa) aldarrikatzen dituen adierazpen horrek Txillardegiren ekarpenak ditu oinarri.

Ondoren Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduraduna den Iñaki Lasak hartu zuen hitza eta Txillardegik frogatu duen ideiaren inguruan garatu zuen bere jarduna: “euskalduna oso leiala da bere hizkuntzarekin, ahal duenean euskaraz egiten du eta ondorioz erabilera mugatuaren arrazoiak beste nonbait topatu behar dira, alegia, Txillardegik ‘erdal elebakarraren diktadura’ bezala definitu duen horretan, euskaraz ari ahal izateko espazioak euskalduntzen administrazioek egindako lan eskasean eta orokorrean, azken hiru hamarkadotan garatu diren hizkuntza-politika okerretan”.

Imanol Esnaolak BAT soziolinguistika aldizkarian Txillardegirekin garatutako elkarlanetik abiatuz, glotopolitika alorrean honek egindako ekarpenak ekarri zituen gogora. Bere ustez oso bizirik dauden ideiak dira eta “jada ez dago bere ekarpenetik ihes egiterik, etorkizunerako erregai oparoa dira eta aurrerantzean baliatu behar dugu” esan zuen Esnaolak. Bukatzeko glotopolitika eremuan sakontzeko “Txillardegi institutua” sortu beharko litzatekeela proposatu zuen.

Atsedenaldi laburraren ondoren, Xabier Isasi unibertsitateko irakasleak hartu zuen hitza eta Txillardegirekin izandako bizipen bereziak gogora ekarriz, bere analisirako gaitasuna azpimarratu zuen eta, besteak beste, euskararen ezagutza eta erabileraren arteko harremana azaltzeko Txillardegik proposatutako eredu matematikoaren gainean aritu zen.

Segidan Urko Aiartza abokatuaren tartea izan zen eta Txillardegik Euskal Herriari egindako ekarpena azpimarratu zuen. “Herrien historian beren biziraupenean gakoak diren pertsonaiak izaten dira eta ez badaude, herri horiek hil egiten dira, bada, Txillardegi pertsona horietako bat izan da Euskal Herriarentzat” esan zuen Aiartzak. Honela, euskararen normalizaziorako eredugarriak izan zitezkeen nazioarteko esperientziak aztertzen Txillardegik egindako ahaleginaz aritu da eta azterketa horretatik atera zuen ondorio nagusia azpimarratu zuen: “hizkuntza berreskuratzeko botere politikoa ezinbestekoa da, baina boterea izateak soilik ez du hizkuntzaren berreskurapena bermatzen”.

Ondoren Bagerako Dani Goñik hartu zuen hitza eta Euskalgintzak euskararen normalizazio prozesuan izan beharko lukeen paperaz aritu zuen. Goñik, besteak beste, euskalgintzak zerbitzu emaile izatetik, euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko eragile izatera pasa behar duela iradoki zuen “hori izango baita euskarari estatus egokia bermatzeko bide eraginkorrena” gaineratu zuen.

Unai Larreategik ere ildo beretik ekin zion bere saioari eta jardunaldietan hizlari aritu ziren guztiek aipatu zuten ideia azpimarratu zuen: “Txillardegi hainbat eremutan aditua zen, baina aritua ere bai; Txillardegi aktibista zen, euskararen aktibista eta horrela ulertu behar da, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz erakundearen sortzaile eta militante izatea”. Izan ere, Larreategik EHEren 30. urteurrenaren harira Txillardegiri egindako bideo-elkarrizketa baliatu zuen bere gogoetak azaltzeko eta Txillardegiren irudi eta hitzek amaiera ezin hobea eman zioten ekitaldiari.

Jardunaldiak ez ziren hor bukatu ordea, antolatzaileek Txillardegiren senideei opari xume bat eman nahi izan zieten eta une hunkigarriak bizi izan ziren Jone Forcada alargunak oroigarria jaso zuenean.

Txillardegiri azken agurra iruditan

 

Txillardegiri azken agurra eman dio Ezker Abertzaleak

ehe-txillardegi

Argazkian, Igone Lamarain (EHE) Txillardegiren omenaldian / © EHE.

Omenaldi hunkigarri batekin azken agurra eman zioten Txillardegiri atzo euskaltzale andanak. EHEko sortzaile eta euskaltzale handiaren omeneko ekitaldia Donostiako Victoria Eugenia antzokian antolatu zuen Ezker Abertzaleak. Euskal Herrian Euskaraz ere bertan izan zen omenaldirik beroena emateko gogoz. Han zirenek txalo zaparrada artean hartu zituzten eragile euskaltzaleko kideak, baita Igone Lamarainen hitzak ere. Oholtza gainetik politika eta kultura munduko hainbat kide pasatu ziren. Arnaldo Otegik ere egin zuen bere ekarpena kartzelatik idatzitako gutunarekin.

Igone Lamarain EHEko kideak irakurritako testua:

Hizkuntzalaria, idazlea, pentsalaria, soziolinguista, abertzale intelektuala, aitzindaria, konprometitua, koherentea, ezinbestekoa zen, izan da Txillardegi. Eta, gainera, ideiak eta norabidea oso argi zituen.

“Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe ziur ezetz” esan zuen berari egindako azken elkarrizketetako batean.

Bere lurraldean beharrezkoa ez den hizkuntza oro desagertu egiten dela argi zeukan, eta hori ez gertatzeko euskarak lehentasunezko estatusa behar duela bere lurralde osoan. Legeen eta prestigioaren bitartez lortu beharrekoa. Eta, noski, hizkuntza-politikaren bitartez arlo guztietan nagusi izateko neurriak ere hartu behar dira. Baina frantziar eta espainiar estatuek, euren konstituzioekin, ez digute horretarako aukerarik ematen. Horregatik behar du burujabe izan Euskal Herriak. Euskararen beharrezkotasuna ukatzen duten legeek hizkuntzaren desagerpena daramatelako, berak gehitu zuen moduan.

Baina aldaketa horiek denak bultzatzeko herri honek euskaraz bizitzeko hautua egin behar du. Eta gutako bakoitzak ere, asimilazioak gugan eragindako jokabideez jabetu, eta harro, horren alde egin behar du.

Txillardegik berak egin zuen moduan, horrenbeste ezaugarriren artean militantea, euskararen militantea eta ekintzailea nabarmentzekoak dira. Berak, konbentzimendu osoz, euskaldun izatearen harrotasuna eguneroko jardunaren erdigunean kokatu zuen.

Eta edozein izanda ondorioa, edo koste politikoa zein pertsonala, beti lehenetsi zuen euskara eta herri euskalduna. Printzipio politikoen gainetik jarri zuen euskara, ez bakarrik kartzela edo zigorra ezagutuz. Askotan ez dira oso gustukoak edo onartuak izan bere irakurketak eta ekarpenak berak parte hartu duen mugimenduetan.

Honen adibide dugu Euskal Herrian Euskaraz mugimendua sortzeko erabakia. Askatasunarekiko esperantzaz beteriko garaian sortu zuten EHE hainbat ekintzailek, tartean Txillardegi. Esperantza eta ilusio garai horretan euskarari eta herri euskaldunari dagokion erdigunea emateko. Orduko mugimendu politikoen hutsunean eragiteko.

Eta garai berri honetan Euskal Herrian Euskarazek, 1979an sortu zuteneko arrazoi berberengatik, euskarari herri honen eraikuntza eta askatze prozesuan dagokion lekua, erdigunea izan dezan eragiteko konpromisoa berresten du.

Euskarak eraman zuen abertzaletasunera Txillardegi. Eta guri badagokigu, garaiotan arduraz jokatzea, eta euskara, euskalduntasuna gutxienez abertzaletasunaren pare kokatzeko eragitea. Euskal Herrira aldaketa etorriko bada, euskarari eta herri euskaldunari dagokion erdigune politikoan kokatuta etorriko da. Ezin dugu geroko utzi. Euskara delako euskaldunon aberria eta gainontzeko herrietatik berezi egiten gaituena. Baita munduko egiten gaituena ere. Euskararik gabe Euskal Herririk izango ez delako.

Harro euskalduna izateaz Txillardegi. Harro gu bera gure erreferente izateaz. Horregatik, guk behintzat argi daukagu, gure omenaldia bere bidea jarraitzea izatea, euskaldun eta harro.

Hesia urraturik

Libratu huen euskara, Txillardegi

Lotura guztietatik

Estatuen mugetatik

Aske sentitu nahirik, euskaldun eta burujabe sentitu nahirik

Eskerrik asko Txillardegi

Txillardegi hil egin da

Txillardegi

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”, Euskal Herrian Euskarazeko sortzaileetako bat, zendu zen atzo eguerdian. Euskalgintzari eta herri mugimenduari oro har egindako ekarpenak gizon handi egin zuten. Joan den urtean EHEk omenaldia egin zion, Euskal Herriari emandako guzia eskertzeko. Dolumina adierazi nahi diogu bere familia eta lagunei. Agur eta ohore!

Eguerdian utzi gintuen euskaltzale handiak. Hil kapera Donostiako Errekalde auzoko belategian izanen da gaur 15:15era arte, eta errausketa gaur izanen da, 15:30ean, familia artean. Bestalde, ezker abertzaleak ekitaldia antolatuko du Txillardegiren oroimenez. Urtarrilaren 29an eginen du Donostiako Kursalean. Hainbat erreakzio jaso ditu Berria egunkariak bere webgunean, eta gaur 12 orrialdeko gehigarria banatu du egunkariarekin batera.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, Euskal Herriko erreferenteetako bat izan da. 1927ko irailaren 27an sortu zen Donostian, eta handia izan da euskalgintzari eta herri mugimenduari oro har egin dion ekarpena. Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzalearen sortzaileetako bat izan zen, eta gure hizkuntzaren defendatzaile sutsu izan zen bere bizitza osoan zehar. Euskararen egoeraz mintzatu zen Berriak egindako azkenengo elkarrizketan.

Joan den urtean merezitako omenaldia jaso zuen Txillardegik EHEren eskutik, otsailaren 12an Donostian egindako manifestazio nazionalean. Aurreskua dantzatu zioten eta bere bilobak EHEren logotipoa josita zuen txapela oparitu zion. EHEk euskal makila eta Txillardegiren beraren erretratua eman zizkion. Euskalgintzak estimatutako gizona, literaturan eta politikan aritu zen ere. Ekin eta ETA erakundeen sorreran parte hartu zuen, eta Herri Batasuna, Aralar eta Eusko Abertzale Ekintza alderdietan ere ibili zen.

EHEren agiria:

Egun ilun eta triste bezala gordeko dugu gaurkoa Euskal Herri euskaldunaren  bidea jorratzen ari garenok. Izan ere, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Euskal Herrian Euskarazeko sortzaileetako bat, zendu da. Euskal kulturari, euskalgintzari eta herri mugimenduari oro har egindako ekarpenak gizon handi egin zuen gure Txillardegi. Urte bete ere ez da pasa iazko otsailean EHEk  Euskal Herriari emandako guzia eskertzeko merezitako omenaldia egin ziotenik, eta joan egin zaigu jada. Joan egin zaigu, baina ez gaitu utzi; orain arte bezala, euskaltzaleon erreferente nagusien artean mantenduko baita etorkizunean ere. Irakasgai garrantzitsu asko utzi dizkigu Txillardegik. Orain besteoi dagokigu berak marrazten lagundutako bidean urratsak ematen jarraitzea.

EHEtik gure samina agertu eta dolumina adierazi nahi diegu bere sendiari eta lagunei. Agur eta ohore!