Txillardegiren ideien gaurkotasuna azpimarratu dute bere omenez egindako jardunaldietan

txillardegi

Argazkian, 2011ko otsailaren 12an, EHEk deitu zuen “Sasi guztien gainetik… Euskaldun eta burujabe!” lelopeko nazio manifestazioaren ostean, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-ri omenaldia egin zioten milaka euskaltzalek / cc-by-sa Zuzeu.com.

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-k euskararen normalizazioa helburu egindako ekarpen oparoa landu zuten atzo goizean Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan egin ziren jardunaldietan eta bere ideiek bizi bizirik dirautela, etorkizunerako erregaia direla ondorioztatu zuten parte hartzaileek.

Jardunaldiak Donostiako euskalgintza biltzen duen Batzen koordinakundeak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatu zituzten eta bi erakunde horietako ordezkariek hartu zuten lehen hitza. Batzen-eko Jexux Arrizabalagak Txillardegik hainbat eremutan egindako ekarpena azpimarratu zuen eta noizbait merezi duen omenaldi nagusia antolatu beharko dela iradoki.

Jarraian Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hartu zuen hitza eta Txillardegiri esker ona adierazteaz gain, aurreko astean Kontseiluak aurkeztutako Euskararen normalizaziorako gutxienekoak ekarri zituen gogora. Izan ere, esku hartzerik gabeko hizkuntza-politika eta euskararentzat estatus egokia (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa) aldarrikatzen dituen adierazpen horrek Txillardegiren ekarpenak ditu oinarri.

Ondoren Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduraduna den Iñaki Lasak hartu zuen hitza eta Txillardegik frogatu duen ideiaren inguruan garatu zuen bere jarduna: “euskalduna oso leiala da bere hizkuntzarekin, ahal duenean euskaraz egiten du eta ondorioz erabilera mugatuaren arrazoiak beste nonbait topatu behar dira, alegia, Txillardegik ‘erdal elebakarraren diktadura’ bezala definitu duen horretan, euskaraz ari ahal izateko espazioak euskalduntzen administrazioek egindako lan eskasean eta orokorrean, azken hiru hamarkadotan garatu diren hizkuntza-politika okerretan”.

Imanol Esnaolak BAT soziolinguistika aldizkarian Txillardegirekin garatutako elkarlanetik abiatuz, glotopolitika alorrean honek egindako ekarpenak ekarri zituen gogora. Bere ustez oso bizirik dauden ideiak dira eta “jada ez dago bere ekarpenetik ihes egiterik, etorkizunerako erregai oparoa dira eta aurrerantzean baliatu behar dugu” esan zuen Esnaolak. Bukatzeko glotopolitika eremuan sakontzeko “Txillardegi institutua” sortu beharko litzatekeela proposatu zuen.

Atsedenaldi laburraren ondoren, Xabier Isasi unibertsitateko irakasleak hartu zuen hitza eta Txillardegirekin izandako bizipen bereziak gogora ekarriz, bere analisirako gaitasuna azpimarratu zuen eta, besteak beste, euskararen ezagutza eta erabileraren arteko harremana azaltzeko Txillardegik proposatutako eredu matematikoaren gainean aritu zen.

Segidan Urko Aiartza abokatuaren tartea izan zen eta Txillardegik Euskal Herriari egindako ekarpena azpimarratu zuen. “Herrien historian beren biziraupenean gakoak diren pertsonaiak izaten dira eta ez badaude, herri horiek hil egiten dira, bada, Txillardegi pertsona horietako bat izan da Euskal Herriarentzat” esan zuen Aiartzak. Honela, euskararen normalizaziorako eredugarriak izan zitezkeen nazioarteko esperientziak aztertzen Txillardegik egindako ahaleginaz aritu da eta azterketa horretatik atera zuen ondorio nagusia azpimarratu zuen: “hizkuntza berreskuratzeko botere politikoa ezinbestekoa da, baina boterea izateak soilik ez du hizkuntzaren berreskurapena bermatzen”.

Ondoren Bagerako Dani Goñik hartu zuen hitza eta Euskalgintzak euskararen normalizazio prozesuan izan beharko lukeen paperaz aritu zuen. Goñik, besteak beste, euskalgintzak zerbitzu emaile izatetik, euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko eragile izatera pasa behar duela iradoki zuen “hori izango baita euskarari estatus egokia bermatzeko bide eraginkorrena” gaineratu zuen.

Unai Larreategik ere ildo beretik ekin zion bere saioari eta jardunaldietan hizlari aritu ziren guztiek aipatu zuten ideia azpimarratu zuen: “Txillardegi hainbat eremutan aditua zen, baina aritua ere bai; Txillardegi aktibista zen, euskararen aktibista eta horrela ulertu behar da, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz erakundearen sortzaile eta militante izatea”. Izan ere, Larreategik EHEren 30. urteurrenaren harira Txillardegiri egindako bideo-elkarrizketa baliatu zuen bere gogoetak azaltzeko eta Txillardegiren irudi eta hitzek amaiera ezin hobea eman zioten ekitaldiari.

Jardunaldiak ez ziren hor bukatu ordea, antolatzaileek Txillardegiren senideei opari xume bat eman nahi izan zieten eta une hunkigarriak bizi izan ziren Jone Forcada alargunak oroigarria jaso zuenean.