Korrika sustatzeko flashmob-a grabatuko dute Uribarrin

Uribarriko lagunek flashmob-a grabatuko dute Korrikaren 18. edizioari babesa emateko eta auzoan ere euskaraz bizi nahi dutela argi uzteko. Datozen egunetan ekimenean erabiliko duten koreografia eskuratzeko aukera egongo da sarean eta horrela, etxetik dantza-pausoak prestatu ahalko dituzte ekimenean parte hartuko duten lagunek.

Dagoeneko Korrika 18 prestatzen hasi dira Uribarrin eta deialdiari oihartzun handiagoa emateko asmoz, flashmob-a grabatuko dutela iragarri dute. Grabaketaren hitzordua martxoaren 1ean izango da, ostirala, eta hiritar zein auzokideei bertara gerturatzeko gonbitea luzatu diete.

Auzoko lagunek jakitera eman dutenez, koreografiarako pausoak laister sarean eskuragarri egongo dira dantza prestatzen joateko.

Bestalde, ostegunean, otsailak 7, egingo dute Korrika Batzordearen hurrengo bilera. Hitzordua 18:30ean jarri dute Artxandape ikastolan.

Korrika 18 aurkeztuko dute hilaren 20an Uribarrin

Bideoa: Esne Beltza taldeak egin du Korrika 18ren kanta.

Korrikaren 18. edizioa dugu aurtengoa. Martxoaren 14tik 24ra bitartean, milaka euskaltzalek “Eman euskara elkarri” lelopean, Euskal Herria korrika zeharkatuko dute Andoainen hasi eta Baionara heldu arte. Korrika 18k eman euskara elkarri dio, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko. Tanttaka euskara taldean ere, horrela ulertzen dute euskara; Euskal Herrian eta Uribarrin pertsonen artean elkarrekin hitz egiteko hizkuntza gisa, gure hizkuntza hain zuzen ere. Aurreko edizioetan bezala, Korrikak Uribarri zeharkatuko du eta data horien inguruan ekimen ezberdinak antolatzeko helburuz, Korrika Batzordean parte hartzeko gonbitea luzatu dute. Jakin nahi duzu zertan datzan?

Beraien asmoa, beste urte batzuetako eskema jarraituz, martxoaren 15etik 21era auzoan kultur astea antolatzea da, eragile ezberdinek egin ditzaketen ekarpenekin (antzerkiak, kalejirak, bertso saioak, umeentzako ekintzak…), eta kultur aste honen barruan martxoaren 16an Euskararen Eguna ospatuko lukete. Beste alde batetik, auzokideen parte-hartzeari esker, orain dela bi urteko Lip Dub-aren arrakasta ikusita, martxoan zehar beste ekintza masibo bat antolatzea pentsatu dute: euskararen aldeko flashmob-a. Horrez gain, aurreko edizioetan bezala, martxoaren 21erako auzoko elkartegintzaren artean kilometro bat erosiko dute elkarte ezberdinek lekukoa eramango dutelarik.

“Labur laburrean, idatzitako guzti honetarako, denon indarra batzen badugu Korrika koloretsu, eta aberatsago bat aterako dugu aurrera. Zuen ideiak, ekarpenak edo dena delakoa garrantzitsua izango da elkarrekin hasi nahi dugun ibilbidetxo honetan”, adierazi dute Tanttakakoek. Oraindik martxora arte denbora dezente falta den arren, motorrak berotzen hasteko datorren abenduaren 20anegingo duten aurkezpenera etortzeko gonbitea luzatu dute euskara taldekoek. Hitzordua 18:30ean jarri dute Artxandape ikastolako liburutegian. Bertan, Korrikaren aurkezpen bat egingo da, auzoko euskalgintzak egin dituen lan motak azalduko dira eta edizio honetan dituzten aukerak aztertu; Korrika Batzordearen bileren maiztasuna ere bertan zehaztuko dute. “Besterik gabe, etorriko zareten konfirmatzea eskertuko genizueke”, amaitu dutenez. Informazio gehiagorako edo beraiekin harremanetan jarri nahi izanez gero: tanttaka@hotmail.es

Uribarrin ere, eman euskara elkarri!

Euskara elkarri emateko deia luzatuko du Korrikak bere 18. edizioan

Argazkian, gaur Unesco Etxean, Bilbon, Korrika 18 aurkeztu dute Korrika arduradun Edurne Brouardek, AEKren Koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eta AEKren Artezkaritza kideek / cc-by-nd Euskalakari AEK.

Andoainetik, Martin Ugalde parketik, abiatuko da martxoaren 14an euskararen aldeko lasterketa erraldoia martxoaren; eta martxoaren 24an Baionan bukatuko da. Edizio honen lelo eta mezu nagusia “Eman euskara elkarri” da, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko. Horren harira, Korrika 18k eta AEK-k egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiak omendu nahi dituzte; bere ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako. Informazio gehiago Korrikaren web-gunean eta Korrika-AEKren sare sozialetan.

Korrika 18ren mezua: “Eman euskara elkarri”

Maitatu, ikasi, ari… Euskalakari!

Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, nola deitu behar diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari? Nola, euskaraz bizi denari?

AEK-k eta Korrikak horiei guztiei izena ipini nahi diete Korrika 17rekin: euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen duena, EUSKALAKARIA da.

Orain dela bi urte, 16. Korrikan, ongi etorria eman zitzaien Euskarari lehen aldiz hurbiltzen ari zirenei. Oraingoan, aldiz, pausu bat gehiago emateko eskatzen digu, ez bakarrik haiei, euskaldun guztioi baizik. Euskara erabiltzeko, Euskalakariak izateko. Bestetik, Korrikak beti izaten du omendu berezi bat eta aurtengoan Korrikak eta AEK-k omendu nahi dute Euskaltzaindiak euskararen alde egindako lan eskerga bere sorreratik.

Gaur, apirilaren 7a, Korrikari hasiera emango zaio Trebiñun, eta Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren, 17an bukatuko du Donostian, non lekukoa ireki eta irakurri egingo da honek gordeta daukan sekretuzko mezua.

Ez ahaztu Korrika Bilbora helduko dela apirilaren 15ean arratsaldez, Bilboko zein beste Euskal Herriko herri eta hirien ordutegiak ikus ditzakegu bere webgunean www.korrika.org

Pausoz pauso gelditu barik, pausoz pauso maitatu, ari, pausoz pauso EUSKALAKARI!!!