Hizkuntza-politika egokiaz solastu dira Hamaika Telebistan

Joan Mari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria, Mertxe Mugika AEKko koordinatzaile nagusia, Paul Bilbao Konteiluko idazkari nagusia, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria  eta Arritxu Zelaia Artez euskara zerbitzuko lehendakaria izan ziren asteazkenean Hamaika Telebistako “Esatea Libre” saioko mahai inguruan.

Dana prest Andoainen domekan Kilometroak jaia hartzeko

Iturria: Bizkaie!

Aita Larramendi ikastoleak hartuko dau aurtengo Kilometroak jaia, urriaren 7an. On egin lemapean, bost guneak eta 6,3 kilometroko ibilbidea prest dagoz domekan milaka euskaltzale hartzeko. Egunotan aurkeztu ditue jaiaren azkenengo zehaztasunak.

Ikastolea txiki geratu jake, eta Lehen Hezkuntzako hirugarren maila eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila arteko ikasleentzat ikasgela gehiago behar ditue.

Ikastolearen Txistokiko eraikina, Sorabilla, Etxeberrieta, Goikoplaza eta Martin Ugalde kultur parkea guneetan danetariko eskaintzea izango da; musikea, jantzea, jolasak, umeentzako ikuskizunak eta abar.

Musikeari jagokonez, Mikel Marklez eta Erramun Martikorena, Lauroba, Anje Duhalde eta Willis Drummondek kontzertua emongo dabe, besteak beste. Umeek Kanpanolue ikuskizuna, Kilikon umeentzako jokoa, puzgarriak, tailerrak… izango ditue aukeran. Irrien Lagunak Klubekoak hirugarren gunen egongo dira, Etxeberrietan.

Zirkuitua 9:30ean edegiko dabe. Hasierako ekitaldi horretan Martin Ugalde kultur parkea omenduko dabe, eta eguerdian, ostera, ikastolako guraso eta langileak izango dira omenduak.

Aurten, lehenengo aldiz, frutea erosteko postua ipiniko dabe. Ganera, Guifi.net proiektuari esker, wifi konexioa egongo da ibilbideko hainbat lekutan, holan gura dauanak argazkiak eta bideoak bialdu ahal izan ditu. Euskaltelek zirkuituan zehar ipinitako pantailetan erakutsiko ditue.

Kilometroakeko egitaraua, ibilbidea eta ganerako argibideak: www.kilometroak.net

03.619. zenbakia izan da EHEren zozketako irabazlea

Euskal Herrian Euskarazek urtero zozketatzen duen bidaiak badu sariduna: 03.619. zenbakia. Boletoaren jabeak aste beteko egonaldia irabazi du, bi lagunentzako, Edinburgon. Aurreko urteetan Irlanda, Flandria eta Eskozia izan dira zozketaren irabazleen helmugak. Iazkoa Gorka Garcia nafarrak eraman zuen.

03.619 zenbakidun txartelaren jabea bazara, jarri EHErekin harremanetan euskaltzale@euskalherrianeuskaraz.org web postaren bitartez edo deitu (0034) 943 30 35 27 telefonora.

Unai Brea, kazetaria: “Antonio Basagoiti eta sen ona”

“Sen onak aginduta, Basagoitik nazi deitu die Aldundiko ordezkariei. Eta gaztelaniaz mintzatzen direnak judutarrekin konparatu ditu, agian konturatu gabe hego Euskal Herriko herritar guztiok garela, horren arabera, judutar”

Africa Baeta aurkezleak esan bezala, ETBk datozen EAEko hauteskundeak irabazteko aukera duten hautagaiak eramango ditu Euskadi Pregunta saiora. Bide batez, PP eta PSE-EEko lehendakarigaiak ere eramango ditu. Hala, ezinbestean Euskadi Pregunta behar du saioak, eta ez Euskadi Galdezka edo tankerako zerbait, bertara joango diren hautagai guztiak ez baitira euskaldunak. Ez daukat zalantzarik edonola ere gaztelaniaz egingo luketela saioa, baina hori beste kontu bat da.

Lerrook idazteko momentuan emititu den azken saioan azaldu zituen Antonio Basagoitik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak, euskarari buruz dituen ideietako batzuk. Berehala jarri zioten aukera parez pare. Galderaren doinuak argi eman zuen aditzera galdetzailea ez zegoela, ideologikoki, Basagoiti jaunarengandik lar urrun: “Ikasgeletan euskara hain modu lazgarrian sustatzen jarraitzeko asmoa daukazu, enplegua lortzeko aukera gehiago ematen duen ingelesaren kalterako?”. Hain planteamendu bortitzak aukera eman zion Basagoitiri, zer esanik ez, moderatu gisa agertzeko. Berak euskara sustatu, sustatu egingo zuela erantzun zuen lehenbizi, zer esan behar zuen bestela. Baina…

Euskararen sustapenak baditu bere mugak, azpimarratu zuen Basagoitik. Ez aparteko ezer, sen onak agintzen duena baino ez. Arazoa da eskuinak, oro har, eta PPk, bereziki, dutela sen onaren monopolioa, agidanez. Sen ona da adibidez ezin dela lehenetsi mediku euskalduna mediku onaren ordez, jakina baita mediku euskaldunak txarrak direla berez. Hobe da milaka gurasok beren seme-alaben hitzak itzuli behar izatea pediatrari, ume gaixoen osasuna pediatra baldarren esku uztea baino. Eta hobe da… Tira, hemen esplikatu behar dugu orain sen ona zer den?

Euskara bai, baina inposiziorik ez. Ez da hain zaila, ba. Horrela ulertzen da Basagoitiren eta beste askoren haserrea, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenean kontratatzen dituen enpresek, herritarrekin harremana izango badute, euskararen ezagutza frogatu beharko dutela (neurri horrengatik Bildu kritikatu duten hedabide askori “ahaztu” zaie aipatzea eskaria jende aurreko jardunari dagokiola soilik). Alegia, legea betearazi nahi du Bilduk, eta gipuzkoar guztien hizkuntz eskubideak babestu (enpresa horiek gaztelaniaz jarduteko gaitasunik ezin dezaketela eduki ez da inon esan, nik dakidala). Sen onak aginduta, Basagoitik nazi deitu die Aldundiko ordezkariei. Eta gaztelaniaz mintzatzen direnak judutarrekin konparatu ditu, agian konturatu gabe hego Euskal Herriko herritar guztiok garela, horren arabera, judutar. Txarrena da seguruenik Basagoitik esandako horrekin bat datorrela abertzale usteko bat baino gehiago.

Juan Luis Arsuaga paleontologo ospetsuari entzun nion behin aurrerapena (aurrerapen zientifikoa, berak emandako adibidean) sen onaren aurkako borroka etengabea zela.  Sen onak diosku, esaterako, Lurra geldi dagoela eta haren inguruan biraka eguzkia eta enparauak. Kontrakoa defenditzea larrutik ordaindu behar izan zuten batzuek. Euskal Herrian ere, oraindik izerdi askotxo dugu botatzeke, urriaren 21ean milaka boto eskuratuko dituen sen on madarikatu hori gainditu bitartean.

Unai Brea kazetariak Euskal Herrian Euskarazen webgunean argitaratutako iritzi artikulua.

Kontseilua: “Euskararen normalizazio prozesuan eman beharreko erroko aldaketa egiteko une ezin aproposagoa da hau”

Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen atarian, Kontseiluak datozen hamar urteotarako hizkuntza-politikak jaso beharko lukeen edukiaren inguruko proposamena helarazi die alderdiei. Uztailaren bukaeran jakinarazi genuen moduan, ohituraz, Kontseiluak hauteskunde-egitarauak aztertu izan ditu, eta ondoren, alderdiek aurkeztutako programen balorazioa egin izan du. Oraingoan, aurrea hartu eta egitarauak prestatzen ari ziren unean luzatu zaie proposamena alderdiei, horrela, herritarrei hauteskunde-kanpainan aurkeztuko dizkieten programak egokiagoak izateko aukera izango dute alderdiek.

“Kontseiluaren ustez, euskararen normalizazio prozesuan eman beharreko erroko aldaketa egiteko une ezin aproposagoa da honakoa. Ausardiaz jokatzea eskatu die alderdiei, hizkuntza-politika eragingarria egin dezaten, berandu baino lehen. Euskaraz bizi nahi dugun herritarrak asko gara eta haiei dagokie herritarren nahi eta beharrei tamainako erantzuna ematea”, esan du Kontseiluko lehendakari Oskar Elizburuk.

Datozen hamar urtetarako Kontseiluak prestatutako planean, gutxienekoak ezarri ditu (aurretik ere aurkeztu ditu Kontseiluak euskararen gutxienekoak). Euskara hizkuntza gutxiagotua da bere lurraldean, hortaz, euskararen normalizazioak, beraz, euskarari dagokion funtzionalitatea itzuli behar dio eta zeregin horretan garrantzia handia du arkitektura juridikoak. Lehen urratsa, hortaz, euskarari estatus egokia ezartzea da. Estatus horrek euskararen alde jarri behar du balantza eta horretarako lehentasunezko izendatu behar da normalizazio-prozesuaren zehar hartu beharreko neurriek oinarri legala izan dezaten.

Bestalde, euskarak ofiziala izan behar du, harreman administratiboetan dagokion lekua irabaz dezan eta neurri horiek denek aurkitzen dute justifikazioa euskara berezkoa delako. Horrek esan nahi du berezkoa delako dela ofiziala eta gutxitua delako lehentasunezkoa.

Eta lehian dauden hizkuntzek gaur egun duten estatusa zein den kontuan hartuz, ezagutzaren unibertsalizazioa izan behar du ipar. Hori horrela egin ezean ezinezkoa izango da euskararen garapen funtzionala.

Euskararen estatus egokia, beraz, lau kontzeptuk osatzen dute: euskara Euskal Herrian berezko hizkuntza da, ofiziala eta lehentasunezkoa eta ezagutzaren unibertsalizazioa bermatu behar da. Halaber, berretsi behar dugu hizkuntza-komunitateek eskubidea dutela beren hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe.

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak hitz egin du helburuan inguruan: “Kontseiluak osatutako hamar urtetarako plan honen helburua nagusia euskararen normalizaziora eramango gaituen hizkuntza-politika berri eta eragingarriaren oinarriak jartzea da. Gaur egun abian diren hizkuntza-politikek ez dute epe onargarri batean euskara normalizatzeko inolako aukerarik eta horregatik, behar beharrezkoa da pauso sendoak ematea. Hizkuntza-politika horrek bi ardatz nagusi izango ditu: euskararen zein ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea, ezinbestekoak baitira euskararen erabilera sozial normalizatua lortzeko”.

“Hizkuntza bat normalizatzea gizarte bera aldatzea da. Aldaketa horretan, pentsamendu eta portaerak dira motorrak. Gure kasuan, pentsamendu eraldatzaile eragingarriena euskaraz bizitzeko nahi da, izan ere, behin gure egiten dugunean ideia hori orduan bihurtzen gara eragile efektibo euskara erabiltzeko unean, beste batzuei irakasterakoan edo hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean. Zentzu horretan, bai instituzioek bai eta herri mugimenduak ere, ideia hori ardatz duen jardun komunikatibo intentsiboa landuko dute gizarteko alor guztietan”, esan du Bilbaok.

Euskararen zabalkunde sozialari dagokionez, euskal hiztunentzat Euskal Herri osoan gizarte-espazio desberdinetan euskara erabiltzeko aukera hedatzeari muzin egin gabe, normalizazioaren sendotzea arnasguneen hedapenak emango du, dudarik gabe. Beraz, esan liteke bi direla ibili beharreko bide nagusiak: arnasguneen hedapena inguruko herrietara ezagutza handituz eta espazioak euskaldunduz zabaltzea.

Hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa bukatzea izango da ekintza-plan honen beste helburu bat. Alor publikoan, aldiaren bukaeran, urraketa sistematikorik ez egotea da helburua eta inoiz gertatuz gero, puntuala izatea eta berehala konponbidea ematea. Alor pribatuari dagokionez, hizkuntza-eskubideen urraketarekin bukatzeko politika eragingarriaren oinarria jarriko da eskubidea arauetara eramanez.

Hizkuntza-politika eraginkorrak arauak eta diru-baliabideak behar ditu, erdi eta erdi. Diru inbertsioak egin behar dira prozesuak azkartzeko, beharrezko zerbitzuak bermatzeko, etab.

Kontseiluak osatutako planak hainbat zehar-lerro jasotzen ditu. Bakoitzean egoeraren azterketa egin da eta neurri zehatzak proposatzen ditu. Besteak beste, familia bidezko transmisioari dagokionez, adibidez, arnasguneetan etxebizitza eskuratzeko lehentasuna izango dute pertsona eta familia euskaldunek, bai eta euskalduntzeko konpromisoa hartua dutenek ere. Irakaskuntzari dagokionez, bestalde, Hezkuntza Lege berri bat egitea proposatzen da, zeinak belaunaldi berriak euskalduntzea ahalbidetuko duen eredua indarrean jarriko da lehentasunez…

Alderdi politikoei, euskaraz bizi nahi duten herritarren eskaerari erantzun egokia eman diezaioten eskatu die Kontseiluak eta herritarrei deia egin die orain arte bezala, euren euskaraz bizitzeko nahia ozen aldarrika dezaten, egunerokoan zein euskalgintzak egiten dituen deialdietan ere.