Bihar izango dugu Bilbo Kantari!

bilbo-kantari-aurkezpena
Argazkian, Bilbo Kantariren aurkezpena.

Aste Nagusiko ajea menperatu ostean, gure ahotsak tonuan jarri behar ditugu berriro. Horretarako, larunbat honetan Bilbo Kantari egingo dugu, Bilboko Konpartsen eskutik. Bihar Kalderapekon 20:00etan geldituko gara eta zuen liburuxkak ez ahaztu Aste Nagusian guztiak saldu ziren eta…

Euskaldunon aurkako epaiketarik ez!

EHE_ALTSASU__justizia

Epaiketa salatzeko bideoa egin dute Altsasuko EHEko kideek

Esketx lehiaketa antolatu dute Altsasun (Nafarroa), eta bertako EHEko kideek salaketa egiteko baliatu dute. Bideo labur honen bidez irailaren 11an bertako bi kidek izanen duten epaiketa salatu nahi izan dute.

Altsasuko EHEko bi kide epaituko dituzte “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenagatik

Irailaren 11an izanen da epaiketa eta EHEk elkarretaratzea eginen du Iruñeko Auzitegiaren parean. Auzipetuek euskaraz baizik ez dute deklaratuko eta ez dute itzultzailerik onartuko.

Itziar Claver Herrera eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta Altsasuko (Nafarroa) EHEko kideak epaitu eginen dituzte irailaren 11an “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenean parte hartzeagatik. Auzipetuek euskaraz bizitzeko hautuari eutsiko diote Auzitegian eta euskaraz baizik ez dute deklaratuko. Epailea euskalduna ez bada, ez dute itzultzailerik onartuko. “Ez zaigu batere normala iruditzen gure herrian itzultzailerik behar izatea”, azaldu dute. Epaiketa hasi aurretik elkarretaratzea eginen du EHEk 10:00etan Iruñeko Auzitegiaren parean. Auziperatuei babesa eskaini nahi dutenei bertaratzeko deia luzatu die Ramirez de Aldak.

Joan den urtean “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenean parte hartu zuten Claverrek eta Ramirez de Aldak. Foruzainekin topo egin zuten eta bi isun jaso zituzten. 6.000 euroko isuna gaztelaniaz ziren seinaleak ezabatzea leporaturik, eta 300 euroko isuna poliziei euskaraz zuzentzeagatik. Bigarren isuna bertan behera utzi zuten, baina lehenbizikoa ordaindu egin behar izan zuten.

Bide administratiboarekin aski ez, eta heldu den asteartean epailearen aurretik pasatu beharko dute Altsasuko kideek. Beraz, bide penala ere jorratuko du auziak. Dena den ez diete deliturik leporatzen, falta baizik. Auziperatuek bizi duten egoera azaldu zuten abuztuan helarazitako iritzi artikulu honetan.