Bilboko Konpartsak: “Batzorde Mixtoa: Aste Nagusiari buruzko proposamenak egiteko lekua (Kontzertuak eta Txikigune)”

Argazkian, Bilboko Konpartsek ekainaren 27an eman zuten kontzertu eta txikigunearen inguruko prentsaurrekoa.

Ekainaren 28an, Iñaki Azkuna Udal Erregea, Bilboko hiribilduaren Alkatea garai honetan, 2009. urteko Aste Nagusiko pregoilari minak zuzendutako telebista saio batean elkarrizketatua izan zen.

Aipatutako elkarrizketan, Udal Erregea nabari haserre agertu zen, Bilboko Konpartsetako kideek, Txikigune eta Kontzertuen inguruko kokapenari buruz, egun batzuk lehenago egindako adierazpenak direla eta.

“Su Alteza Municipal” delakoa – hemendik aurrera SAM – kontzertuei buruz esandakoa gogoratuz: “Hauek Bilboko azkarrenak dira, gutxienez, guztiak ingeniariak eta arkitektoak”. “Hain azkarrak badira, zergatik ez dute alternatibarik eman? Zuk entzun duzu? (elkarrizketatzaileari zuzenduz), zeren eta neuk ez dut ezer entzun. Beste aukerarik ez dagoela argia da, bestela, edozeinek Bilboko mapa bat begiratuz inolako zabalgune librerik ez dagoela ikusiko du, Kobetasera ez ditugulako eramango. Beste kokapen bat egotekotan hortxe jarriko genituzke”.

Txikiguneari buruz, SAMek gehitu zuen: “Txikigunea Doña Casilda parkera eraman izan da ez genekielako kaietako obrak, Aste Nagusirako garaiz amaituko ziren ala ez …” “Gainera, ez dakit ze axola zaien haiei Txikigunea lekuz aldatzea”.

Hondatuta gaude. Guzti hau gaizki ulertu zoritxarreko bat da. Eta gure jarrera behar bezala argitzea espero dugu.

Hasteko, gorritu egin gara SAMek, bere handitasunean, gure jakintasuna eta gure titulazioak Bilbo osoari jakinarazi egin dituenean. Ez dugu gustuko horretaz harrotzea, baina bai, egia da, Konpartsetan ingeniariak, arkitektoak, abokatuak, irakasle eta beste tituludun batzuk ez dira falta, mediku bat baino gehiago ere badugu. Badaude gure artean ere iturginak, soldatzaileak, arotzak, langabetu nahikotxo eta dendari seme-alabaren bat ere bai. Mila esker berorren aitortzagatik.

Bilboko Konpartsek denbora luze daramate kontzertuetarako kokapen bi aukera ezberdinak mahai gaineratzen: Etxebarriako beheko aldea eta Zezen plazatik gertuen dagoen Tren Etorbidearen aldea. Gure zentzutasun eskasetik eta horrela gainetik ikusita, gune hauek kapazitate eta seguritate handiagokoak direlakoan gaude.

Txikigunerentzat ere aukera bi plazaratu genituen, behin eta berriz: Plaza Zirkularra eta Eliptikaren artean Gran Viaren zatia eta Quintana kalea (Gas Plaza zena).

Baina SAMek ez du ezer entzun. Eta ez da izango Konpartsen iritzien gaineko interes faltagatik edo eta entzumen-arazoengatik. Ez. Gure errua izan da, gure erru handia, gure erru osoa.

Konpartson baldartasun pasarte berri batean, ideia guzti hauek leku ezegokian aurkeztu genituen. Gu bezalako ergel batek baino ez zituen aurkeztuko Bilboko Jaiei buruzko proposamenak horrelako lekuan. Nori bururatzen zaio horiek gauzak Bilboko Udaletxeko Jai Batzorde Mistoan! Ba horixe, Bilboko Konpartsei. Ikusten duzu? ez gara hain azkarrak?

Hurrengoan, zuzenean audientzia eskatuko dugu SAM gorenari, (bere 13 urteko agintaldi eredugarrian lehen aldiz gurekin biltzeko prest egongo balitz), eta era horretan, zuzenean gure burutazioak helaraziko dizkiogu eta bide batez, berorrekin argazki batzuk atera eta autografoak eskatu.

Beste aldetik, Txikigunearen lekuz aldatzea asko axola zaigu, konpartsetan, arkitekto eta ingeniaritik aparte, arduragabeko larru-jotzaile asko eduki baditugulako, eta haietariko askok bikote ugaltzaileak izaten dira, eta haien ondorengoek Gargantuaren presentzia ozenki eskatzen dute. Baina interesa ez da gugatik soilik, Bilboko txikien ama, aita, aiton-amona, izeko-osaba eta beste familiarrengatik ere bai arduratuta gaude, jai gunetik gertu egotekotan, ezinbestez txosnetatik pasatzen direla eta zurito bat baino gehiago hartzen amaitzen dute edo eta bokata hiperkalorikoa jaten dutela eta ondorioz Bilbotar ertainaren figura liraina apurtzen da borobilari hurbilduz, honek ekartzen duen villaren irudiaren debaluazioarekin. Arduratsuak izan behar gara, turistek zelatatzen gaituzte eta argazkiak egiten dizkigute …

Ala ere, SAM zein Equipo A (Azkunarena) delakoarekin ondo moldatzeko gure asmoari eutsi egiten diogu.

Kontzertuak eta Txikigunerako gure zentzurik gabeko alternatibei uko egiten diegu, eta berriro ere SAMen geografiko-jai filosofia babestuko dugu, harago joanda eta Txikigunerako Pagasarria eskatuz eta Bilboko aireportua Kontzertuetarako erreklamatuz.

Jakin badakigu SAM eta Equipo A delakoak, haien erabakiak Begoñako Andramariren maitasunezko inspirazioaren pean hartzen dituztela. Begoñako amatxuk bilbotarrontzat egokiena dena belarrira xuxurlatu egiten die, beraz ez gara gu izango gobernatzeko sistema hau zalantzan jarriko dugunok.

Berriro ere SAMeri eskatzen diogu gure baldartasuna barka dezala, eta garen zizareak izanda, bere andrearen oinetara jar gaitzala.

Bilboko Konpartsak