Kontseilua

 

Zer da Kontseilua?

Euskarak garapen osoa izatea helburu duten gizarte erakunde ugariren bilgunea da Kontseilua. Batera aritzeko urrats historikoa egin dute euskararen gizarte erakundeek, jatorri, iritzi eta lan eremu desberdinetakoak diren arren, eta horretan datza Kontseiluaren indarra.

Kontseiluak euskalgintzaren muina eratzen du eta bere baitako batasun horretatik zabaltzen dio euskararen egoera normalizatzeko beharrezko lankidetza dinamika euskal gizarte anitz eta osoari.

Kontseiluaren Historia

1995. urtean, Egunkaria Sortzen elkarteak egindako bileran, bilatu behar dira mugimendu honen erroak. Euskararen egoeraz kezkaturik, euskalgintzako hainbat pertsonak foro berriak sortu beharra aipatu zuten orduan, iritziak elkarri azaldu eta gogoeta egiteko topaguneak atontzeko. Hainbat bilera eta mintegi egin ziren ondoren, ordura arte egindako diagnostikoa berretsi zutenak: euskalgintzaren indarrak kohesionatzeaz eta euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa eragiteaz erabateko adostasuna azaldu zen.

Prozesu honen haritik, 1997. urteko martxoan ‘Euskararen Unibertsoa’ Jardunaldiak egin ziren Donostian; euskalgintzari eta euskal gizarte osoari egindako deiari 400 eragile inguruk erantzun zioten eta bi egunez euskararen inguruko eztabaida mamitsuak egin ziren. Hain zuzen ere, bertatik jaso zuen behin behineko talde eragileak Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortzeko agindua.

Beharrezko urratsak egin eta 1997ko abenduaren 6an Durangoko Historia Museoan sortu zen Kontseilua. Geroztik, apurka-apurka, Kontseilua handituz eta bere bazkide kopurua ugarituz joan da.

Kontseiluaren Eginkizuna

Euskararen normalizazio prozesua areagotzea da Kontseiluaren eginkizuna. Horretarako bi jardunbide nagusi lantzen ditu: euskalgintzako erakundeen artean kohesioa bultzatzea eta indarrak artikulatzea, batetik, eta gizarte eragileak, indar ekonomikoak eta alderdi politikoak hizkuntz normalizazio proiektuetan inplikaraztea, bestetik.

Hau Pittu Hau konpartsa bat dator Kontseiluko helburuekin, eta horregatik Kontseiluko bazkidea da. Euskararen berreskuratze-prozesuan euskalgintzaren batasuna ezinbestekoa iruditzen zaigu. Horregatik, Kontseiluaren bilgunetik euskalgintzak dinamika bateratuak aurrera eramatea garrantzitsua iruditzen zaigu.