Gora Bilbo euskalduna!

Bilbo edo Bilbao, zeren gure hiria izendatzeko bi erak euskaldunak dira, da Euskal Herrian euskaldun gehien (kopuruan) batzen duen udalerria. Biztanleriaren %12 inguru euskalduna izanda 40.000 euskaldun bizi gara berton.Historian zehar Bilbon betidanik erabili izan den hizkuntza euskara izan da, zeren XIX. mendera arte Bilboko gunearen hizkuntza nagusia hauxe zen, zer esanik ez inguruko herrietakoa, Abando, Begoña eta Deustu. Nolatan izango zen hau zeren esaten ohi da urte horietan Barakaldo Bizkaiko Batzar Nagusietara ordezkariak bidaltzeko arazoak zituen zeren inork gutxi zekien gaztelania.

Gure hiriaren kale izendegian beste adibide adierazgarria badugu, batez ere auzoetako izenetan, Santutxu, Errekalde, Txurdinaga, Otxarkoaga, Iturribide, Solokoetxe, Uribarri, Abusu, Zurbaran, Indautxu, Basurto, Abando, eta abar, gehienetan bere jatorri euskalduna adierazten du bere biztanlegoak zelako hizkuntza erabiltzen zuen.

XIX. mendearen ezkeroztik euskara atzera jotzen du hainbat arrazoiengatik:

  • Hasteko, eskolan erdara hutsean irakasten da eta euskara debekatua eta zapalduta dago, euskaraz aritzen ziren ikasleak zigortuz. Horren adibide bat eraztunaren zigorra da, honetan klase bakoitzean eraztun bat dago, eraztun hau euskaraz hitz egin duen azkenengo ikasleak eduki behar du eta klase orduan amaitzean eraztuna bere boterean duenak zigortuta gelditzen da.
  • Gaztelania kulturarekin lotzen den moduan, Euskara kultura ezarekin lotu zen, apaiz gizonak eta Oñatiko unibertsitatea kenduta ez zeuden euskaldun alfabetaturik, ez zeuden euskal libururik; ezta ganorazko gramatikarik ere. Beraz euskaraz hitz egitea inkulturaren sinboloa bihurtzen dute eta barre egiteko arrazoia ere bai, honela euskalduna bere hizkuntza erabiltzeagatik lotsatuz.
  • Administrazioa, komertzioa, justizia, sendagileekin harremanak, ofiziala den guztia erdara hutsean da, ez dago bizitza normal bat euskaraz egiterik eta euskara baino ez dakiena baztertuta gelditzen da.
  • Espainiako hainbat lurraldetik jende ugariaren etorrera. Bizkaiko ekonomia gora joan ahala miseria gorrian bizi den milaka lagun etortzen dira bere pobreziatik irten nahian, mehatzen ingurunetan kokatzen dira egundoko bultzakada emanez ekonomiari baina kokatu ziren ingurunetan euskaldunak gutxiengo bihurtzen dira eta euskara husten dute.
  • XX. mendearen hasieran hizkuntzaren egoera larria ikusita hainbat euskaldun bultzada berri bat eman nahi izan zioten, Bilbon Euskaltzaindia sortzen da euskararen gramatika eta arauak tinkatu nahian. Bilboko lehengo Euskarazko Katedra Resurrección Maria de Azkue apaiza lortzen du (Miguel de Unamuno-rekin lehia bizian). Euskal idazle belaunaldi berri bat dago, Lizardi, Lauaxeta eta abar. Lehenengo ikastolak sortzen dira eta euskararen prestigioa igotzen da.
  • Baina bultzada horri bortizki moztuta gelditzen da, Guda Zibilaren irabazleak espainiar ultranazionalistak izanda erabateko debekua inposatzen dute. Bilbon ezin da euskaraz hitz egin ezta idatzi ere delitua baita. Herrietatik etortzen diren euskaldunak beraien artean ere bai erdaraz hitz egitera behartuta daude. Gutxiagotasun-konplexua ezarri nahi da betiko eta Bilboko euskalkia desagertuko da, Bilbon gelditzen diren euskaldun zahar bakarrak inguruko mendietako baserrietan bizi direnak dira. Eskoletan euskararen aurkako ideologia eta Espainiaren aldekoa ezartzen da.

Guda osteko lehengo urteak pasa eta gero euskal erresistentzia antolatzen doa eta euskararen inguruan klandestinitatean berreskuratzen da gudan moztutako bidea, ikastolak sortuz, euskal kultura bultzatuz (hortxe dugu Gabriel Aresti euskal idazle bilbotarra), gramatika batuz (euskara batuaren sorrerarekin) eta biztanleria euskaldunduz (euskaltegiak eta gau eskolak).

Urteak pasa ahala eta bitarteko eza imajinazioarekin konponduz, errepresioa ekiditen da eta emaitzak lortzen dira apurka apurka. Frankismoaren amaiera baino apur bat lehenago Bilboko euskal mugimendua (eta Euskal Herrikoa orokorrean) prest dago euskarak behar dituen gutxiengo azpiegitura sortzeko, honela ikastola sare batek lagunduko du belaunaldi berriak gero eta euskaldunagoak izaten, AEK nagusiak euskarara hurbilduko ditu, komunikabide euskaldunen egitasmoak ugaltzen dira eta jendearen parte-hartze masiboa bultzatzen da. Franko hil bezain laster euskararen aldeko borroka indartzen da sekulan ezagutu ez zuen mugetaraino, milaka lagunek parte hartzen dute Euskararen aldeko ekitaldietan (Bilbon Bai Euskarari kanpainaren bukaera historikoa eduki zuen).

Gure hirian eta herrialdean Ibilaldia izan zena besteetan Herri Urrats, Kilometroak, Araba Euskaraz eta Nafarroa Oinez izan ziren. Bestetik Euskal Herri osoan Korrika ospetsua sortu zen. Honelako jai erraldoiekin biztanleriaren atzekimendua eta finantzazioa lortuz. Arlo honetan aipatzea nola Euskal Herritik kanpo etorritako milaka lagunek bat egin duten euskararen defentsarekin, bere seme alabentzako etorkizun euskaldun bat aukeratuz eta hainbat kasuetan beraien burua euskaldunak bihurtuz.

Euskarak bazuen irabazita prestigioaren arloa, apurka apurka kultura maila igotzen zihoan baina arlo bi gelditzen ziren bete barik:

  • Lehengoa eskubideena, administrazioa, justizia eta arlo ofizial guztiak erdara hutsean jarraitzen ziren izaten, hau honela izanda 1979 Euskal Herrian Euskaraz erakundea sortzen da gure hizkuntz eskubideak aldarrikatu nahian.
  • Bigarrena euskararen erabilpena. Gero eta jende gehiago ezagutzen bazuten ere zaila egiten zen erabilpena eta inertziak erdara erabiltzera darama.

Azkenengo urteetan aurretik markatutako lan ildoak joan dira indartzen Bilbo mailan:

  • Ikastolak tinkatuta daude eta belaunaldi berriak gero eta euskaldunagoak dira.
  • Euskal kulturak idazleak, bertsolariak, zientifikoak, musikariak eta abar luze bat eskaintzen ditu.
  • Euskaldunak batu egin gara Bilbo barruan elkar ezagutzeko eta honela hizkuntzaren erabilpena bermatzeko.
  • Eskubide mailan legalki euskara eta erdara maila berdinean egon arren errealitatean ez da egia eta bide luzea gelditzen da. Zer esanik ez Bilbotik kanpo Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian non euskaldunak duela 2 mendeko egoera berdinean jarraitzen dute eskubideen arloan.

Bukatzeko aipatzea ze motatako Bilbo nahi dugun:

  • Euskalduna, non euskaraz bizitzea gauza normala eta onartua izango den.
  • Irekia eta arrazakeria gabekoa, non atzerriko edonork, bai espainolak eta beste herrialdekoak ere etorri daitezke bizitzera eta gurekin integratzera hau da euskaldunak bihurtuz, gu beraien kulturarekin eta haiek gurearekin aberastuz. Ez daitezela izan traba legalik behar izango dutenak gurekin lan egitera etortzeko, Espainiatik etortzeko eduki ez zuten moduan.
  • Askea bere burua nolakoa izan nahi duen erabakitzeko, non preso dauden euskaldun guztiak aske geldituko diren eta benetako bake prozesu bat irekiko den, honela giza eskubide guztiak beteko diren bai norberarenak, baita kolektiboak ere. Askatasuna ere bai emakumearen bizitzan eta sexu aukera eta harremanetan.