Bai Euskarari ziurtagiria

Ziurtagiriaren Elkartea

 

Ziurtagiriaren Elkartea 2007. urtean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren ekimenez abian ipinitako elkartea da.

Bai Euskarari Ziurtagiria 2000. urtean sortu zuen Kontseiluak eta hasieratik izaera estrategikoa eman dio, arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko tresna eraginkorra baita.

Urte hauetan esperientzia handia lortu da Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketan. Ziurtagiria prozesu parte-hartzaile, dinamiko eta planifikatu baten ondorioa da eta etengabeko hobekuntza izan du urte hauetan.

Ziurtagiriaren Elkartearen bidez proiektua indartu, hobetu eta hedatzeko pausoa eman da, gizartearen aurrean erreferentzialtasuna izango duen egitura eratuz eta sendotuz.

Ezaugarriak:

  • Irabazi asmorik gabekoa.
  • Helburua: entitateek euskararen normalizaziorako neurriak hartzea eta betetzea.
  • Hiru bazkide mota ditu:
    1. Bazkide babesleak: Kontseilua osatzen duten kideak.
    2. Bazkide erabiltzaileak: Ziurtagiria duten entitateak.
    3. Bazkide laguntzaileak: Ziurtagiriaren sustapenean elkarlanean aritu nahi duten entitateak
    • Zuzendaritzak kide hauek ditu:
      1. Bazkide babesleen multzotik: Kontseiluko lehendakaria eta idazkari nagusia, EMUN eta Artez.
      2. Bazkide erabiltzaileen multzotik: Hernani eta Zarauzko industrialdeak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa.
      3. Bazkide laguntzaileak: Nafarroa Emakume Zuzendari eta Enpresarien Elkartea eta LAB.

Bai Euskarari Ziurtagiria

 

Ziurtagiria dutenek euren jardueretan euskara txertatua, kudeaketari plus baliotsua eransten diote eta gizartearekin erantzukizunez jokatzen dute.

Ziurtagiriaren Elkarteak, aurrez zehaztutako irizpide batzuen arabera, Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateak euskararen normalizazio prozesu bat garatzen ari direla egiaztatzen du eta, horrez gainera, entitateen lana aitortu eta jende aurrean kreditatzen duen bereizgarria eskaintzen die.

Mailak

 

      • Zerbitzua eta lana euskaraz: Zerbitzua euskaraz eskaini eta euskara lan hizkuntzatzat duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei zuzendua.
      • Zerbitzua euskaraz: Zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei zuzendua.
      • Euskararen bidean: Euskararen normalizaziorako neurriak hartzen eta garatzen ari diren enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei zuzendua.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren “zerbitzua euskaraz” eta “zerbitzua eta lana euskaraz” mailak eskuratzeko baldintzak bost irizpide hauetan laburbiltzen dira:

      1. Langileen hizkuntza gaitasuna
      2. Irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia
      3. Kanpo harremanak
      4. Barne harremanak
      5. Programa informatikoak.

Zehazten diren baldintzak betetzera iritsi ezean, “bidean” maila dagokio entitateari.

Nola eskuratu

 

Lehenik eta behin hizkuntza egoeraren azterketa egin beharra dago. Hortik abiatuta, urtean zehar garatu nahi diren helburuak proposatu behar dira.

Urteko planifikazio hori egin ahal izateko, Ziurtagiriaren Elkarteak hizkuntza egoera aztertzeko eta planifikatzeko tresna bat eskaintzen du.

Hartutako neurriak bete daitezen laguntzeko asmoz, Ziurtagiriaren Elkarteak lagungarri diren baliabideei buruzko informazioa jartzen du eskura: dirulaguntza deialdiak, euskaraz aritzen diren profesionalen gida, aholkularitzak, euskarazko dokumentu eta inprimakiak, etab.

Bai Euskarari Ziurtagiria urtero berriztat behar da eta, ordaindu beharreko kuotari esker, Ziurtagiriaren Elkarteak jarraipen, ebaluazio eta promozio lanak burutzen ditu: komunikazio kanpainak, artikuluak, hitzaldiak, banaketa ekitaldiak, etab.

Nork du

 

Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan zehar banatuta dago eta hedapena etengabekoa da. Aipatzekoa da aniztasun handia dagoela, alor sozioekonomikoaren jarduera guztietako entitateak baitaude. Hona hemen adibide batzuk:

Bankoa, Elkargi, Euskadiko Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Athletic Club Bilbao, Real Sociedad, Saski Baskonia, Miramon KutxaGunea, Hotel Restaurante Argiñano, La Casa del Café,  Gaiker Fundazioa, Elay Taldea, BATZ, VUSA, Arlan, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Hobetuz, SPRI, Getariako Txakolina, Kalitatea Fundazioa, Energiaren Euskal Erakundea, Vista Alegre Zezen Plaza, Skunk Funk, Atzegi, Gehitu, Donostiako Orfeoia, Hau Pittu Hau eta abar [zerrenda osoa: www.baieuskarari.org]