Hau Pittu Hauren eskuko programa Aste Nagusirako!

HPH ESKUKO PROGRAMAZIOA

Bilboko Konpartsak: “Bi urte ondoren, ordain ezazu erronda hau Azkuna”

DSC07076

A ze etsipena! A ze atsekabea! A ze harridura!

Bilboko konpartseroi mito bat jauzi zaigu: Iñaki Azkuna, Berorren Udal Gorentasunaren (hemendik aurrera BUG) erabateko, perfektu eta hutsezin hutsezintasuna.

BUGen erabakiz, Kaskagorri eta Txori Barrote haien txosnak bi urtez muntatu barik egon ondoren, orain Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia dator eta munduko lotsagabekeria osoz BUG oker zegoela ebazten du.

BUGengatik arduratuta gaude. Ezin irudikatu edukiko duen atsekabea. Jakin badakigu BUGek asmorik onenekin egin izan zuela.

Bilboko estolda eta lumpenetan dauden hainbat buru maltzur batzuk marmarrean daude, BUG beste herrialde batzuetako politiko gaiztoen estrategia bera eraman izan duela esanez, gaiztakeriak egiten dituztenak jakinda urte batzuk pasata auzitegiek egindakoa zuzenduko dutela. Jakinda egindako okerra jada egina dagoela eta jada ezin dela konpondu.

Baina ziur gaude hau ez dela esku tartean dugun kasua. BUG ez da horrelakoa. Ziur gaude une hauetan, BUGek ezin izango duela loa hartu egindako injustizia konpontzeko bidea bilatuz eta hain zorigaiztoko hanka-sartzeagatik Bilboko Konpartsak nola konpentsatu dezakeen bilatuz. Berorren Gorentasuna, lasai hartu! Edonori gerta dakiokeen giza-akatsa dela jakin badakigu. Nahi gabe izan dela jakitun gaude.

Auzitegi lotsagabe horrek, BUG zirikatzeko asmoz, Bilboko Udaletxea epaiketaren kostu garrantzitsuak ordaintzera zigortu egin du. Badakigu hortxe BUGek bere onena atera egingo duela. Oraindik esan ez badu ere, subjektuaren zaldun-izaera ezagututa, badakigu Bilbotarrok gure poltsikotik gure ardurakoa ez den zerbait ordaintzera behartuko ez gaituela. Ziurtasun osoz, erronda hau BUGek bere poltsikotik egingo du. Gehienez, “A ekipoa”k (Azkunarena) zerbait jarriko du, arduraren bat baduelako … Mila esker erronda ordaintzeagatik BUG.

BUGek erronda ordaintzen du eta guk bere oporrak ordaintzen dizkiogu disgustua gainditzeko. Aldatu garela eta gorrototsuak ez garela erakutsi nahi diogu. Beraz, tamaina honetako hanka-sartzea izanda ere (badela…bada…) Bilboko Konpartsetatik gure udako kanpainarekin aurrera egingo dugu: BUG oporretara!. Asteazken 22ra arte opor norabide proposamenak jasotzen jarraituko dugu: anima zaitezte azken txanpan gaude eta!

Asteazkenak 22, 19:30etan Pza. Zirkularretik Arenaleraino desfile bat abiatuko dugu BUG oporretan bidaltzeko. Hemendik gurekin gertakizun honetan parte hartu nahi duen lagun orori gonbidapena luzatzen diogu, “Aste Nagusia Defendatuz” kamisetekin etortzeko eta jaurtiketa baino lehen egingo dugun ibilaldian laguntzeko. Bere opor zoragarri horietara lagunduko dugun hegazkineko laguntzaileak izango gara guztiok!

Beraz, hau esanda, bakarrik gogoratzea txupina (eta ez txupinazoa, beste lurralde batzuetan esaten den bezala eta gure hiribilduan batzuek finkatu nahi dutena ) gainean dugula, eta hauxe txupin duina eta Marijaiak merezi duen bezain garbia izan behar duela, ez dagoela irina eta arrautzentzako lekurik, soilik Bilboko Ura botatzeko … edo beste likido batzuk … beroa izango baitugu!! Jaia geldiezina dela eta inork ez dezala berriz lainotu. Konpartsok gure umorearekin bat egitea beharrezkoa ez dela ulertzen dugu, baina zalantzarik gabe, dibertigarriena da.

Bagoaz… hiru, bi … bat!!

GORA MARIJAIA!
GORA ASTE NAGUSIA!
ESE SAM COMO MOLA SE MERECE UNA OLA!

Barikuan 20:00etan poteoa! Barnetegikoekin!

Ostiral honetan 20:00etan, muntaia amaitu ondoren, poteoa egingo dugu Someratik! Barnetegi kanpainan animatu diren jende berria aurkezteko aprobetxatuko dugu! Kanpaina eraginkorra izan da, jende dezente jarri baita gurekin kontaktuan, jende jatorra gainera!

Jende hau konpartsan integratzeko asmoarekin sortu dugu Barnetegi Eguna, ostegunean, abuztuak 23, izango da eta hau izango da programazioa:

 

 

12:00 UMEEN JOLASAK
14:30 BAZKARIA (Gonbidatu zuen berbalagunak!!!!!!!!!!)
16:00 BARNETEGIKO ISTORIOAK (Euskaltegi eta barnetegietan bizitako istorio zelebreak kontatzea)
17:30 GARAGARDO DASTAKETA LEHIAKETA (Asmatuko duzu 10 garagardoetatik baten bat?)
20:00 BARNETEGI ETA BERBALAGUNEN TXANDA
23:00 ERROMERIA

Hau Pittu Hauren 25. urteurreneko bideoa ikusgai!

Txori Barrote eta Kaskagorri: “Gu desagerraraztea zen helburua, baina kontrako efektua lortu dute”

Iturria: Bilboko Branka

Konpartsa biak deserrian galtzea espero zuen alkatetzak baina aurkako efektua eragin du, bi urte hauek egitasmoak indartzeko eta biderkatzeko akuilua izan baitira haientzat. Bilboko Branka Irati Ugalde eta Haize Goikoetxea Kaskagorri eta Txori Barroteko kideekin izan da epaiaz egiten duten irakurketa ezagutzeko eta aurtengo jaietarako dituzten aurreikuspenei buruz jarduteko.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Azkunak 2009an Kaskagorriri eta Txori Barroteri jarritako zigorra -txosna jartzeko bi urteko debekua- balio gabe utzi du. Nola hartu duzue albistea?

Haize Goikoetxea – Pozik, alde batetik, arrazoia eman digutelako, eta haserre bestetik, bi urteak bete ditugulako. Azkenean, arrazoia izan ala ez bi urteak bete ditugu. Epaia ondo dago, baina berandu dator.

Irati Ugalde – Bai, inpotentzia eta haserrea sentitzen dugu.

Zelako ondorioak izan ditu, maila guztietan, azken bi urteotan txosnarik jarri ez izana?

I – Galera ekonomikoaz gain, argi gelditu da ere egoerari buelta emateko gai izan garela, haserre horri buelta eman eta indartsuago atera gara. Bi urte hauetan txosnarik izan ez arren, jo eta ke ibili gara konpartsek antolatutako ekimen guztietan parte hartzen.

Esan daiteke neurri batean zuek desagerraraztea zela helburua?

I – Hori da, eta horrekin aurkako efektua lortu dute. Aste Nagusi honetara inoiz baino indartsuago heldu baikara.

H – Txosna azken finean konpartsaren etxea da, hamar egun hauetarako etxea, eta ez jartzeak inpotentziaz, amorruz eta haserre geratzea eragin zezakeen, baina aurkakoa gertatu da. Azkunak nahi zuen suntsiketatik zerbait eraikitzea lortu dugu.

I – Alkatearen helburua ez da bete. Txosna kendu digu, bai, baina hemen gaude.

H – Azkunak ez du ulertzen konpartsa bat txosna bat baino askoz gehiago dela, eta hori da guk erakutsi dioguna, eta Bilboko Konpartsak ez dela hemen 26 edo 27 “txiringito” jartzea, askoz gehiago da.

Azken bi urteotako planto egunetan agerian geratu zen jendeak ez zuela ulertzen ezarritako zigorra. Nola baloratzen duzue jasotako babesa?

H – Alkatetzak hartutakoa oso erabaki gogorra izan zen, aurrekaririk gabekoa, baina tamainako erantzuna eman zaio Aste Nagusia defendatzearen aldeko testuinguruaren barruan. Jendeak ulertu egin du egoera, ondo azaldu zaio.

Azken finean hau (jai eredu herrikoi eta parte hartzailea) herriarena da, nahiz eta konpartsa batzuk egon, herriarena da, eta herriak bat egin du konpartsekin.

Presoen argazkien harira Kaskagorriko eta Txori Barroteko hainbat kide Auzitegi Nazionalera deklaratzera deituak izan zarete, behin baino gehiagotan gainera.

H – Hasteko, esan behar dugu 2009an Ertzaintza txosnetan sartu eta argazkiak kendu zituenean identifikatutako hainbat lagun berriz ere deitu dituztela Auzitegi Nazionalera deklaratzera. Orain dela gutxi heldu zaie salaketaren jakinarazpena eta datozen egunotan berriz joan behar izango dute Madrilera.

Nola bizi duzue egoera hori?

H – Badirudi bide beretik jarraituko dutela, jendea deklaratzera jaitsi arazten. Guk Euskal Herriko kontestuaren barruan bizi dugu. Arraroa ez zaigu egin beste hainbat herritako jai eremuetan ere gauza bera gertatu delako.

Epaiak arrazoia kentzen dio Azkunari eta konpartsei ematen die, baina ez du presoen argazkien inguruan ezer esaten. 2009ko irudia errepikatu daitekeela uste duzue?

H – Badakigu guri begira egongo direla, maila guztietan, bakoitzak zer egiten duen aztertzen egongo dira. Saiatu saiatuko dira, baina guk argi dugu zein den gure lana eta horri ekingo diogu.

Zerbait egin nahi badute, egingo dute, ez dago gure esku. Erabakia politikoa da, eurek ikusiko dute noraino eraman nahi duten auzi hau.

Epaiak kalte-ordaina eskatzeko aukera zabalik uzten du.

H – Ez dugu dirurik eskatuko, hori oso argi daukagu. Guk jarritako helegiteari erantzuten zion epaia atera zenean egin genuen irakurketa eta Bilboko Konpartsek (EAEJANen epaiak konpartsen helegiteari erantzuten dio) bat egiten dute.

Nork ordainduko du kalte-ordaina? Nondik aterako da diru hori? Hori da inportanteena. Herriaren poltsikotik aterako da dirua? Krisi garai honetan alkatetzak txarto hartutako erabaki bat herriari ordain araziko diogu? Ez dauka zentzurik. Helburua ez da dirua lortzea, helburua gaizki jokatu zutela onartzea izan beharko luke.

Aurtengo jaietan zein izango da Kaskagorrin landuko duzuen gaia edo tematika?

I – Nafarroako konkistaren 500. urteurrena izan berri dela aprobetxatuta Bilbon gai hori irudikatu nahi izan dugu. Gaztelako Erreinua nafartarrak menperatzen, isilarazten eta beren lurrak okupatzen saiatu zen bezala, Azkuna bi urte hauetan gurekin gauza bera egiten saiatu da baina guk horri buelta eman diogu. Gure lurrak gureganatu ditugu eta ez dute gu isilaraztea lortu, kalean izan gara inoiz baino gehiago.

Aurten gainera, gure espazio fisikoa berreskuratu dugu. Txosna gaztelu bat izango da, gaztetxe bihurtutako gaztelua. Azken hilabeteotan Bilboko gaztetxeekin gertatutakoa irudikatzen saiatu gara.

Dorrean gainera, paralelismo horri jarraituta, Bilboko gazte guztien omenez altxatutako oroitarria jarriko dugu, Amaiurren dagoenaren antzekoa.

Txori Barroten ere aldaketa batzuk izango dituzue, ezta?

H – Bai, guk gainera berritze prozesu baten baitan gaude eta berritze prozesu hori kaleratzen jarraitu nahi dugu, hortaz, betiko Txori Barrote, betikoa baina berritua, erakutsiko dugu aurten. Horretarako gure nortasunak, diseinu berriak eta egitarauak bat egingo dute gure txosnan. Aurten pisu gehiago eman nahi izan diogu txosnari.

Azken bi urte hauetan jende guztia guri buruz hitz egiten, nahi zuena esaten, ibili eta gero, benetan zer garen erakutsi nahi izan dugu. Helburua gure elkartasun unibertsoa barrutik erakustea da. Horretarako, txandalariak ikusiko dira, txosnaren egitura ikusiko da, jendeak ikus dezan ez dugula ezer ezkutatzen, ez dugula inoiz egin eta ez dugula inoiz ezkutatuko. Aldi berean, egituran beran espazio edo kutxa ezberdinak egongo dira, errepresaliatuen munduarekin zerikusia duten espazioak, pantailak, eszenatokia, eta errepresaliatuekiko elkartasun keinuak adierazteko tokia ere jarriko dugu.

Txosnari buelta emateak ere esanahi sinbolikoa dauka.

H – Noski, txosna ez da barra soil bat, konpartsak dituen aldarrikapenak adierazi behar dituen gunea da. Gurea berria izango da, berritze prozesu batean murgilduta gaudelako eta handiagoa, indartsuago gatozelako. Gainera, gure erraiak zeintzuk diren agerian utzi nahi izan dugu, horregatik buelta ematearena.

Zer espero duzue aurtengo Aste Nagusirako, zelako jaiak izango dira?

I – Gogotsu gatoz, Kaskagorrira jende berri asko batu zaigu azken bi urteetan eta gazte horiek ez dute txosna beretzat sentitzeko eta bizitzeko aukerarik izan. Txosna izateak espazio propioa garatzeko aukera ematen du eta horrek eragin handia dauka jaiak bizitzeko moduan. Aurtengoa urte berezia da.

H – Gurean ere jende berri asko sartu da, gogotsu datoz. Baina orokorrean jai lasaiak izango direla uste dut, behingoz normaltasunera itzuliko gara, gure lana egiteko aukera izango baitugu berriz.

Bilboko Gau Eskolek jasoko dute aurtengo Euskara Saria

Bideoan, iaz Hamaika Telebistak eskuratu zuen Euskara Saria

Hau Pittu Hau Euskaldunon Konpartsaren 25. urteurrenean Bilboko Gau Eskolek jasoko dute Euskara Saria. Saria abuztuaren 20an emango dugu HPHren txosnaren aurrean, Euskalguneko bazkariaren ostean. Proiektu honen parte zati izan zareten guztiak gonbidatuta zaudete bazkarira eta saria jasotzera. Mila esker zuei eta urte askotarako ez soilik San Frantziskon, Uribarrin eta Errekalden, baizik Bilboko auzo guztietan.

Agian ez dira oso ezagunak, baina urteak dira Bilbon Gau Eskolak berreskuratu zirenetik GITE-IPESen eskutik, San Frantzisko auzoan. Aspaldiko Gau Eskolen moduan, helduei euskara irakastea zuen asmoa, edo gutxienez, lehengo hurbilketa bat erraztea. Filosofia horrekin formatua ere hurbila izan behar zuen, astean bi egunez eta batez ere klaseak dohain izango ziren. San Frantzisko, etorkin auzoa izanda, hori zen jendea erakartzeko erarik hoberena.

Irakasleak ere ez ziren profesionalak izango, borondatez lan eginez ingurutik hatutako euskaldunak baizik, hau da, auzokide euskaldunak, auzokide erdaldunei euskararen mundua erakusteko.

Ideia arrakastatsua izan zen eta berehala lortu zen hiru talde osatzea. Ideia egokia zela ikusita, Uribarriko Tanttaka euskara taldearekin ipini ziren kontaktuan duela 7 bat urte, bigarren Gau Eskola sortuz.

Azkenik Errekaldeko Euskarri euskararen aldeko taldeak ideia bereganatu zuen eta, bere kabuz, Errekaldeko Gau Eskola sortu zuen.

Ehunka ikasle eta irakasle

Bilboko Gau Eskoletatik ehunka ikasle eta irakasle pasatu dira urte hauetan, eta guzti horientzako da aurtengo Hau Pittu Hauren Euskara Saria, euskararen aldeko egindako auzo lanagatik. Bilboko Gau Eskoletan, euskararen aldeko milaka lan ordu egin dira borondatezko lanean oinarriturik, agerian utziz Udalaren politika, euren artean egin dutelako berez instituzioei zegokien lana: Bilboko biztanleriari, Bilboko berezko hizkuntza dohain irakastea.

Euskara Saria

Gure herrian pertsona zein elkarte asko dira euskararen aldeko lana egiten dutenak. Askotan lan horren arrakasta eta oihartzuna ez da behar den moduan aitortzen. Batzuetan lan hori ezezaguna delako edo horren ezaguna denez erabateko normaltasunez ikusten dugulako.

Hau Pittu Hau konpartsak hutsune txiki hori umiltasunez betetzen saiatzeko, Euskara Saria sortu zuen orain dela urte batzuk. Sari honen asmo nagusia Euskararen garapena, normalizazioa eta ofizialtasunaren aldeko lan bikaina egin duen elkarte edo pertsonak saritzea da. Horretarako makila bat oparitzen diogu irabazleari, bere ibilbidean lagun diezaion eta euskararen etsaiei aurre egiteko.

Saritua nor den aukeratzeko, konpartsakideok hautagai batzuk aukeratzen ditugu eta haien artean bat hautatzen dugu, urte horretan saria jasoko duena.

Orain arte sarituak hauek izan dira:

2011 Hamaika Telebista
2010 Zazpi Katu Bertso Eskola
2009 Pirritx eta Porrotx pailazoak
2008 Berria
2007 Korrika
2006 Koldo Rodriguez
2005 Demoak
2004 Gernikako EHE taldea
2003 Gabi Basañez

Eguneko egitaraua

Baina Euskara Saria banatzeaz gain, abuztuaren 20an, astelehenarekin, Hau Pittu Hau konpartsaren 25. urteurrena ospatzen jarraituko dugu.

12:00  Irrien Lagunak Euskalgunean (Bilboko Konpartsak). Egunean zehar: konpartsaren argazki erakusketa.
14:30 Bazkaria Euskalgunean.
16:30 Euskara Saria eta 25 txupin.
17:00 Argazki erraldoia txosna aurrean
19:00 Bertso-triki kalejira.
23:00 Erromeria.

Eskura ezazu Bilboko konpartsen egitaraua

Iturria: Bilboko Branka

Bost egun besterik ez dira falta 2012ko Aste Nagusiari hasiera emateko eta Bilboko konpartsek haien egitaraua ezagutzera eman dute. Urtero legez ekintza ezberdinak antolatu dituzte eta momentu oro jai giroa nagusituko da Areatzako kaian eta inguruetan.

[2012ko egitaraua ]

Kontzertuak, poteoak, umeentzako ekimenak, bazkariak, txapelketak, jokoak, tailerrak edota ekintza kulturalak prestatu dituzte Bilboko konpartsek, beste hainbat egitasmorekin batera, aurtengo Aste Nagusirako.

Areatzako kaian eta inguruetan gune ezberdinak egongo dira eta guztietan zer egina egongo da momentu oro. Horregatik, egitaraua eskuratzeko aukera zabaltzen dizuegu, larunbatetik aurrera konpartsek prestatu dituzten ekintza guztietan parte hartu ahal izateko.

Guneak

  • Euskalgune: Txori Barrote – Eguzkizaleak – Hau Pittu Hau – Abante
  • Kulturgune: Altxaporrue – Txinbotarrak – Satorrak
  • Triangune: Mekauen – Bizizaleak – SinKuartel
  • Karpagunea: Askapeña – Pa..Ya
  • Arriagaren atzekaldea: Kaskagorri – Kaixo – Kobeta Mendi
  • Piratagune: Komantxe – Zaratas

Juan Carlos Eguillorren diseinu batek hornituko du Aste Nagusiko zapia

Iturria: Bilboko Branka

Jaietako zapiez gain, pinak eta buruhandi berria aurkeztu dituzte gaur goizean Bilboko konpartsek. Juan Carlos Eguillorri omenaldi berri bat egitea erabaki dute eta berak diseinatutako aste nagusiko lehenengo zapiaren irudia berreskuratu dute. Aldaketa gutxi batzuk egin badizkiote ere, buruhandian, zapietan eta pinetan ikusgai egongo da diseinua.

Aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten 14.000 zapi egongo dira eta txosnetan dohainik banatuko dituzte. Pinak aldiz, euro bat balioko dute eta txosnetaz gain, Alde Zaharreko zenbait tabernatan ere lortu ahalko dira.

Gaurko egunean, Itziar Villafanez Bilboko konpartsetako bozeramaileak lehenego zapia eman dio Sebe Callejari, Eguillorren familiaren lagun minari eta senideen izenean, marrazkilaria gogoan euki izana eskertu du.

Baina horiek ez dira gaurko aurkezpen bakarrak izan, Eguillorrek egindako irudiaren buruhandi bat ere sortu baitute aurtengo jaietarako eta Villafañezek Bilboko Udalaren erraldoi eta buruandien konpartsari eman die “beste buruandiekin batera Bilboko kaleetan egoteko eta euren emanaldietan erabili ahal izateko”. Itziar Urtazun izan da oparia jasotzeaz arduratu dena.

Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute Bilboko Konpartsek

Dakizuenez Aste Nagusia munduko jairik zoragarriena da eta berez Euskal Herriko jairik izugarriena, ekimen gehien dituen jaia da: 300 baino gehiago eta guzti guztiak dohainik parte hartzea bultzatzeko asmoz!

Gaur ibilbide txiki bat egingo dizuegu aurtengo mundu mundialeko 9 eguneko Aste Nagusi berezi eta bakar honetan guztion gozamenerako antolatuta ditugun ekimen guztietan zehar.

Hasteko, betiko ekimenak, pixkanaka Aste Nagusiaren klasiko bat bihurtu diren horiek:

  • Txalaparta jaia eta txapelketa – domekan
  • Xake txapelketa – astelehen, astearte, asteazken, ostegun, ostiral eta zapatuan.
  • Igela txapelketa – astelehen eta asteartean.
  • Aerobithona – astelehenean.
  • Bertso-triki-kalejira – astelehenean.
  • Mus txapelketa – asteartean.
  • Bilbo kantari – astearte, ostegun eta zapatuan.
  • Bertso bazkaria – asteazkenean.
  • Tira goma txapelketa – ostegunean.
  • Kukaña – ostegunean.
  • Ikurriñari omenaldia – ostegunean.
  • Jubilatuentzako bazkaria – ostegunean.
  • Ur jokoak – ostiralean.
  • Ardo dastaketa – zapatuan.
  • Konpartsen arteko bazkari eta herri kirolak – zapatuan.

 Badira urte batzuk esfortzu garrantzitsu bat egiten ari garela eguneko ekimenak eta umeentzako ekimenak bultzatzeko, honela Aste Nagusian ohikoak diren tailerrak, umeentzako ikuskizunak, puzgarriak etabar luzea izango ditugu aurten ere, txikienak eta familiak 9 egun hauetan, jai esparruan dagoen giroaz goza dezaten. Baditugu ere ezarrita dauden hainbat ekimen: lorezaintza ekologikoa, habaila tailerra eta txapelketa, asteleheneko umeentzako gastronomikoa … baina aurtengo berritasun garrantzitsua; Irrien Lagunak Kluba (ILK) astelehenetik ostegunera jai esparruan zehar, ekimen, tailer eta sorpresa pilo batekin gurekin egongo direla izango da.

Eta urtero bezala, 2012 urte hau ez zen gutxiago izango, berrikuntzak ere baditugu bisitari zein villako lagunentzako, aurreko edizioan hain arrakastatsuak izan diren hainbat ekimen mantendu eta zabalduz aparte: adibidez; domekako skate tailerra eta txapelketa, bigarren domekara pasako den warhamer lehiaketa, eta lehen domekan izango den Magik, publiko guztietara zabalduko direnak.

Hauekin batera, gure ekimen kuttunetako bat; Bilbo Kantari, aurtengo kurtsoan zehar egin izan duguna ere bai, hilabete bakoitzeko bigarren zapatuetan lagun pila bat batzen. Hain arrakastatsua izan da zein hasierako 1.000 txapela-liburuxka agortu egin ditugula, eta Aste Nagusirako formato berri batekin argitaratu egin behar izan dugula.

Ekitaldi berri hauen artean, alde batetik, frontainerra dugu, hiritar guztientzako Ripan jarriko dugun frontoi txiki bat. Bertan egun bakoitzean euskal pilotak dituen modalitate ezberdinetaz gozatu eta ikasi ahal izango dugu; zesta puntatik laxoaraino, ekimen ezberdinekin eta Mikel Goñiren bisitarekin, abuztuaren 20an, maisu-eskola bat eskeiniko digula.

Azpimarratu nahi dugu ere bai Athletic Fundazioarekin batera egingo dugun ume zein gazteentzako 3×3 futbol txapelketa, astearte eta asteazkenean Ripan jarriko den “bombonera”n ospatuko dena.

Aurtengo beste nobedadeetako bat Bloodbowl Aste Nagusiko Lehiaketa izango da, lehen Domekan Ripako karpan ospatuko dena.

Eta urtero bezala, Basurtuko ospitalean dauden umeei egiten zaien bisita, aurten Euskotrenen laguntzarekin, jai gunetik konpartsok, pregoilari eta txupinerarekin egun horretarako tranbia berezi batean hurbildu izango gara.

Eta ezin ahaztu gure altxorrik preziatuenak, ekimenik potenteenak eta parte hartze gehien dituztenak: Hiri Krosa eta Gastronomiko txapelketa, oraintxe zehaztasun gehiagorekin Kepa eta Pedrok azalduko dituztenak.

Eta zelan ez, ibilbide honetan ezin dira falta konpartsok gure gune eta txosnetan eukiko ditugun kontzertu, bazkari, kalejira, txapelketa eta abar luze bat. Aipatzeko 50 kontzertu baino gehiago izango ditugula, Anje Duhalde, Ze Esatek!, Vendetta, Itziarren Semeak taldeekin beste batzuen artean, eta umeentzako egongo diren 60 jarduera baino gehiago ere bai, guzti hauek gure web orrialdean kontsultatu ahal izango dituzuenak eta abuztuaren 15etik aurrera eta Aste Nagusia osoan zehar, Bilboko Konpartsakek banatuko dituen 15.000 eskuko egitarauetan ere bai.

Eta 2012. urteko Aste Nagusirako bisita gidatu azkar honekin amaitzeko gogoratu nahi dugu aurten ere aurreko urteetan hain arrakastatsua izan den edalontzi berrerabiliak izango ditugula berriz txosna guztietan eta gainera aurten kubata edalontziak ere izango ditugu ezarpenarekin jarraitzeko.

Gora Marijaia!

Gora Bilboko Konpartsak!

Justizia Auzitegi Nagusiak balio gabe utzi du Azkunak Txori Barroteri eta Kaskagorriri ezarritako zigorra

Iturria: Bilboko Branka

Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegiko (EAEJAN) Administrazioarekiko Auzietako Salak bertan behera utzi du Iñaki Azkunaren Udal Gobernuak 2009an Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsak bi urtez Aste Nagusitik kanpo uzteko onartu zuen ebazpena.

Epaiak aintzat hartu du Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiaren 2. Salaren aurka Bilboko Konpartsek jarritako helegitea, epaitegiak kaleratutako epaia baliogabetu eta, Iñaki Azkuna buru, EAJ eta EB osatzen zuten Udal Gobernuak hartutako erabakia bertan behera utzi du.

Erabakia hartzeko Ertzaintzak egindako txosten batean oinarritu zen Azkuna; bi konpartsa horiek euskal presoen argazkiak eta kartelak erakusten zituztela zioen Poliziaren txostena. Ondorioz, Txori Barrote eta Kaskagorriri bi urteko gaitasungabetzea ezarri eta epe horretan txosna jartzeko baimena kendu zien.

Auziari lotutako iturriek Gara egunkariari jakinarazi diotenez, ebazpenak ez du berehalako ondoriorik, gaitasungabetze epea igaro egin baita dagoeneko, baina garrantzia handia du  konpartsentzat “agerian uzten baitu Udalak ezin zuela zigorrik ezarri”. Azpimarratzekoa da bi urte horietan txosnarik izan ez arren Txori Barroteren zein Kaskagorriren presentzia nabarmentzekoa izan dela, beste konpartsek erakutsitako elkartasunari esker batez ere.

Bi urteko ibilbide judizialak argi utzi du, epaitegiek adierazi dutenez, euskal preso politikoen irudiak erakustea ez dela ETAren biktimeekiko iraingarria. Orain, gainera, EAEJANen epaiak Udala zigortzen du -prozesuaren kostuak ordaindu beharko ditu- eta forma defektu batean erori zela esaten du, zigortutako jarduerak arau-hauste bezala tipifikatzea bideratzen zuen araudirik ez zuelako.

Era berean, araudirik gabe zigorra ezartzeak konpartsei defendatzeko aukerarik ere ematen ez ziela dio ebazpenak.

Horrenbestez, EAEJANen erabaki irmoak etorkizunean Txori Barroteren eta Kaskagorriren aurka hartutako neurriak berriz hartzea galaraztean dio Udalari.