Inauterietan desfile bateratua egiteari ezetz esan dio Azkunak

Desfile61

Testua: © Bilboko Branka / Argazkia: © Bilboko Konpartsak

Beste urte batez, otsailaren 16tik 21era ospatuko diren Bilboko inauterietan bi desfile nagusituko dira, Udaletxeak antolatutakoa eta Bilboko konpartsak burutzen duena. EAJren gobernu taldeak hartu du erabakia eta Bilboko Konpartsetako kideek ez dute bat egin deliberamenduarekin.

Hainbat ahotsek aldarrikatu duten desfile bateratuak ez du lekurik izango aurtengo Bilboko aratusteetan. Atzo arratsaldean Jai Batzordeak burututako bilera eta gero Itziar Villafañezek, konpartsak batzen dituen batzordearen ordezkariak adierazi zuen, ″desengainu handia″ hartu dutela EAJren udal taldeak ″inposatutako″ erabakiagatik. Bere aburuz, ″aurten baldintza guztiak″ ematen zirelako kalejira bakarra burutu ahal izateko.

Bilboko inauteriak 1979.urtean ospatu ziren lehenengoz, Bilboko Konpartsak inauterien bidez jai herrikoiei bultzada emateko nahia agertu zuenean. Urteak aurrera egin ahala Udaletxearekin elkarlanean hasi ziren eta Aste Nagusiarekin batera inauteriak ere era mistoan landu zituzten. Lehenengo desfilea Erriberatik egin bazen ere, gerora Kale Nagusia izan zen hitzordu horretarako gunea. Azken kalejira mistoa 2004. urtean izan zen, Udaletxeak Konpartsekin batera egiten zen lan amankomuna etetea erabaki zuenean gatazka politikoa zela medio. Urte horretan desfilea bertan behera geratu zen konpartsak euskal preso politikoen argazkiak karrozetatik kentzeari ezezkoa eman ziotenean, eta geroztik bi desfile egin dituzte.

Villafañezen aburuz, ″pena bat da udal taldeak aurrera pausorik ez ematea eta iraganari begira jarraitzea″. Era berean, Itziar Urtasun jai alorreko zinegotziaren jarrera ″ulertezina″ dela azalarazi zuen eta ″argudio hutsak″ erabili izana leporatu zion.

Alderdi politikoen erreakzioak

Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak ere antzeko tonua erabili zuen gaiaren inguruan mintzatu zenean. Adierazi zuenez, ″EAJren arrabola beste behin ere gehiengoaren borondatearen gainetik pasatu da″ eta Alde Zaharreko dendarien eta tabernarian prentsaurrekoa gogora ekarri zuen. Hauek ere lan amankomun baten alde agertu baitziren aurreko astean egin zuten agerraldian. Udaletxeak ″ilusioarekin bukatu″ duela azaldu zuen Ibaibarriagak eta azpimarratu zuen, ″zazpi urte eta gero egoera aldatuko zela″ uste zutela. Hala ere, ″koalizioak inauteri bateratuen alde lanean jarraituko duela″ argitu zuen.

Alfonso Gil PSEko ordezkaria ere inauterietako desfile bateratuaren alde agertu zen baina ″alderdi guztiak ados egon behar dutela″ adierazi zuen. Era berean, ″etorkizunari begira desfile bateratua″ ospatuko dela iragarri zuen.

PP izan zen EAJren jarrera babestu zuen alderdi bakarra. Hauen aburuz, momentu hauetan ″goizegi da desfile bateratua aurrera eramateko eta ez dira baldintza egokiak ematen″. Itziar Urtasun izan zen adierazpenak egin ez zituen zinegotzi bakarra.

Epaile batek baliogabetu egin du Azkunak Txori Barroteri ezarritako zigorra

ertzaintza-kaskagorri

Iñaki Azkunak Bilboko alkateak bi urtetako zigorra ezarri zion 2010eko urtarrilean Txori Barrote konpartsari: bi urtez Bilboko Aste Nagusitik kanporatu du presoen argazkiak erakusteagatik. Orain, ordea, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko epaile batek konpartsaren errekurtsoa haintzat hartu eta Azkunaren zigorra baliogabetu du.

Epai hau paraleloki doa Madrilen egiten ari diren epaiketarekin. Gogoratu, Txori Barrote eta Kaskagorriko kideak ari direla epaitzen Madrilen, presoen argazkiak erakustea egotzita.

Epaia eman duen epailearen iritziz, oso zaila da jakitea argazkitan agertzen diren guztiak ETAko presoak ote diren. Hau izan da zigorra baliogabetzeko arrazoi nagusia. Argazkiak erakustea biktimen aurkako ekintza ez dela ere gaineratzen du epaileak, presoen argazkiak erakutsiz hauen gerturatzea soilik aldarrikatzen dutela uste baitu.

Epailearen erabakia helegitea jar diezaioke Udalak, 15 eguneko epean.

Eta Kaskagorri?

Txori Barroteren abokatuak errekurtsoa jarri zion Azkunak ezarritako zigorrari; ez, ordea, Kaskagorrik. Bilboko Konpartsek jarri zuten bigarren helegitea, baina hura ez dute tramitera eraman epaileek. Kaskagorriren aurkako zigorrak, hortaz, indarrean jarraitzen du.

Informazio gehiago: Bilboko Branka