Euskalgintzan aro berri bat ireki eta gizarte mugimendua indartzeko apustua Topagunearen II. Kongresuan

Topaguneak eta Euskaldunon Elkarteen mugimendua osatzen duten 96 elkarteek, hiru urteko hausnarketei amaiera eman zioten larunbatean Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu zuten bigarren Kongresuan, “Federaziotik Mugimendura” lelopean. Hausnarketa prozesua 2010. urtean hasi zen eta azken hilabeteetan mugimenduaren antolakuntza, finantzazioa, barne komunikazioa eta jardunari lotutako gaiak landu dituzte Euskal Herri osoko hainbat elkartek. Herenegun bukatutzat eman zen prozesua Zuzendaritzak proposatutako ponentzia eta ondorioei Kongresura bertaratuek egindako bozketarekin.

Bozketaren ondoren, ekitaldi publikoa egin zuen Topaguneak, euskalgintzako zein erakunde publikoetako hainbat ordezkariren presentziaz. Topagunearen presidente Mikel Irizarrek azaldu zuenez, hausnarketa prozesuak gertu utzi du Topagunea euskalgintzaren aro berri bati ekiteko. Bide batez, Topaguneak gonbidapena luzatu zien euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei ziklo berri horren oinarriak elkarrekin jartzeko.

30 urteko ziklo bat amaitu eta beste bati ekin

Irizarrek azaldu zuenez, 30 urteko ziklo bat amaitu berri da euskalgintzan, eta lorpen handiekin batera, goia jo izanaren sentsazioa ere utzi du mugarri horrek. Ikusi besterik ez dago berrikuntza eta hausnarketa beharra nola dabilen euskalgintzako eragileen artean han-hemenka.

Horrek, eta jarduera askoren biziraupena bera kolokan jarri duen krisi ekonomikoak, ziklo berri bati indartsu ekiteko beharra ekarri du. Ziklo berri horretan eragin handia izango du aro politiko berriak, lankidetzarako aukera handiak zabaltzen baititu herri erakunde eta gizarte eragileen artean, iraganeko botere-kontrabotere dialektika gaindituta.

Ziklo berri horren hezurdura plangintza potente bat izatea proposatzen du Topaguneak, eta giharra berriz euskalgintza berri bat, gizartean eta erakundeetan ondo txertatua eta bi esparruen arteko lankidetza sustatuko duena. Bihotzean, azkenik, euskal hiztuna kokatu du Topaguneak, ahalmendua, jantzia, antolatua eta ekintzailea, euskara bizipozez biziko duena agoniatik urrun.

Topagunea, ekiteko prest

Hiru urteko ibilbidearen ondoren, Topagunea ziklo berri horri ekiteko gertu eta gogotsu dagoela adierazi zuen Mikel Irizarrek, eta euskaltzaleak, gizarte eragileak zein erakundeak animatu ditu elkarlanean jarduteko, ziklo horren oinarriak zehazte aldera. “Ekitaldian omendu dugun Txepetxek etorkizuna eskatzen zuen gure iraganarentzat, eta Topagunetik azpimarratu nahi dugu indarrak batzea eta elkarlana gakoak direla euskarari etorkizun hori emateko”.

Ekitaldiari eta hausnarketa prozesuari amaiera emateko, Topaguneko kideek bazkaria egin zuten Bilboko Kafe Antzokian.