Ertzaintzak Kukutzaren alde bildu garenon aurka kargatu du berriro goizean

kukutza-protesta-zauritua

Argazkian, gaur zauritutako laguna / © Kukutza.

Ertzaintzak gaur ere Kukutza gaztetxearen alde bildu garenon aurka kargatu du. Ehunka lagun elkartu gara gaur 12:30ean Barroeta Aldamar kalean, Bilboko epaitegiaren aurrean, atzoko kargak salatuz. “¡Hoy tó morao y no me he tomado ná!” irakur zitekeen pankarta atzean, asko bendak jarrita eta pailazoek erabiltzen dituzten sudun gorriekin joan dira. Kukutzaren aldeko oihuak egin ditugu, eta Rodolfo Ares Barne sailburuaren dimisioa eskatu dugu. Ertzaintzak, ordea, Albia lorategietara mugiarazi gaitu, eta han salatu dugu atzo Errekalde auzoan izan zen indarkeria bakarra Ertzaintzarena izan zela. Kontzentrazioa amaituta manifestazioan abiatu gara Kale Nagusian barrena. Handik gutxira bortizki oldartu zaigu Ertzaintza, Berria.info agerkariak zabaldu bezala. Gutxienez zauritu eta atxilotu bana egon dira. Arratsaldean, berriz, manifestazioa egin dute milaka lagunek.

Biharko deialdiak: 

08:30 Errekaldera Kukutzaren eraustearen epaiaren zain. Kukutzak zutik dirau!

11:45 Euskal Sortzaileek prentsaurrekoa deitu dute Errekaldeko plazan. Hainbat euskal kulturgile izango dira: bertsolariak, idazleak, eta abar. Zuen zain gaude.

20:00 Kukutzaren aldeko nazioarteko manifestazioa Errekalden.