Bilboko Konpartsak: “Dena Udalaren nahien arabera egiten bada, jai eredu mistoak ez du zentzurik”

ibai-eta-itziar-bilboko-konpartsak

Iturria: © Bilboko Branka

Itziar Villafañez eta Ibai Etxebarria Bilboko Konpartsen bozeramaileak dira. Azken zortzi urteetan ″alboko kaletik″ desfilatzera behartuta egon eta gero aurten desfile bateratua egiteko erronkari heldu diote. Mundu guztiak inoizko baldintzarik onenak zeudela zioen, haatik Udalaren egoskorkeriak ateak itxi dizkio desfile bakarrari, elkar ulertzera kondenatuta dauden eredu biren arteko talka beste behin irudikatuz.

Bilboko Aratusteak otsailaren 16an, ostegun honetan, hasiko dira. Aurten, lehendabiziko aldiz, ez da konpartsen desfilerik egongo. Halere, Bilboko Konpartsek ekimen ugari antolatu dituzue.

Itziar – Hurtado Amezagako desfilerik ez egon arren, urtero bezala parte hartuko dugu Jai Batzorde Mistoak antolatutako ekimenetan eta guk beti antolatu izan ditugun ekintza osagarrietan. Eta larunbatean bertan nahiz eta desfilerik ez egon, Inauteriak dira eta konpartsak egongo gara, mozorrotuko gara eta espero dugu kriston giroa egotea.

Hasieratik esan izan duzue Azkunak zuzentzen duen Udal gobernuak desfile bateratua galarazteko emandako argudioak aitzakiak baino ez direla. Zein da orokorrean gatazkaz egiten duzuen irakurketa?

Ibai – Kontua da orain arte Udalak argudiatzen zuela ez zegoela baldintza politikorik desfile amankomuna egiteko, duela urte batzuk gertatutako arazoengatik, eta jartzen zuen aitzakia zen oposizioarekin arazoak izan zitzakeela eta ez zuela eztabaidarik izan nahi oposizioarekin.

Iazko Aste Nagusian ikusi genuen Batzorde Mistoan geunden kideok, bai konpartsak eta baita alderdi politikoak ere, hasi ginela beste giro bat bizitzen elkar ulertze giroa, edo gutxienez aspaldiko arazoek sortutako kontu batzuk gainditzen joateko giroa, eta aurten Inauteriei begira gu lan hori egiten egon gara, alderdiekin hitz egiten, jaien inguruan mugitzen diren eragile ezberdinekin hitz egiten, desfile bakarra berreskuratzeari begira. Ez baita desfile amankomuna, desfile bakarra da; Bilboko Inauterietako desfilea da.

Eta gure ezusterako lortu izan dugu eragile guzti horiek gure posizioetara hurbiltzea eta jarrera positiboa erakusten eta aurten bazeuden baldintzak. Udalak orain arte jartzen zituen argudioak pixka bat desmuntatu dira, egoera politikoa ere guztiz aldatu baita Euskal Herrian azken hilabeteetan, gainera, Bilbon ere egoera ezberdina da, ez gaude orain duela bederatzi urteko egoera berean. Oposizioan dauden alderdiek jarrera irekiagoa dute eta ez daude trabak jartzeko egoeran. Horren aurrean Udalak bere aldetik erabakia hartu du. Erabakia ez dago inolako argudiotan oinarrituta. Erabakia da: “ez duzue egingo, hargatik!”.

Eta hori guretzat ezustea izan da, ezustea eta kolpea. Uste baikenuen gutxienez hasiko ginela aurrera egiten eta honekin aurkitu gara.

Itziar – Baldintzak beti egon izan dira gure ustez. Aitzakiarik baino ez dute jarri, baina egia esan aurten jada oposizioaren aldetik eta jendartearen aldetik ere ematen ziren eman beharreko baldintza guztiak eta jende guztiak desfile bakarra egongo zela uste zuenean erantzuna izan da “Ez, porque no!”.

Nola esan zizueten?

Itziar – Batzorde Mistoan (konpartsak eta Udala daude ordezkatuta eta ustez bertan hartzen dira Jaien inguruko erabakiak) bildu ginen eta hitz egiten hasi aurretik esan ziguten “bueno, badakizue ezetz erabaki dugula”.

Jarrera horrek Aste Nagusian ere jarraipenik izan dezakeela uste duzue?

Itziar – Ikusteko dago zein izango den Udalaren jarrera, aldaketa ikusten baikenuen beren aldetik. Zinegotziaren (Itziar Urtasun) aldetik hurbilketa bat egon da, baina baldintza guztiak emanda ere hau topatzen duzuenean inolako arrazoirik gabe, ezin duzu esperantza handirik izan Aste Nagusiari dagokionean. Gainera prentsaurrekoa eman genuenean Azkunak berak ere esan zuen antza Aste Nagusiari begira gure gainean ibiliko direla denbora guztian. Ez dakigu zer topatuko dugun Aste Nagusian.

Behin baino gehiagotan adierazi duzue azken urteotan Udalak hartutako erabakiek Jai Batzorde Mistoa bigarren maila batean uzten duela. Dena den, zuek eredu mistoaren alde egiten jarraitzen duzue.

Itziar – Gure apustua argia da hasieratik eta nahiz eta trabak topatu guk horren alde borrokatzen jarraitzeko borondatea dugu horretan sinisten dugulako. Berez beti babestu izan dugu eta gainera gu hortik sortu gara, jai herrikoi eta parte hartzaileetatik, alegia. Uste dugu erabakietan herriak parte hartu behar duela zuzenean, antolakuntzan eta ez dugu batere konpartitzen hiri eredu hau, eskaparatezko hiri eredua hau.

Bilboko Konpartsak ez du zentzurik horrela ez bada, eta horrekin jarraituko dugu lanean. Herritarrekin batera haatik instituzioek ere lan egin behar dutela uste dugu, horregatik Batzorde Mistoa sustatzen jarraituko dugu.

Ibai – Hala ere, egia da orain bertan Bilbon kontraesan sakon bat dagoela. Politikariak eta zehazki Udalak, iaz egiten zituzten adierazpenak eta beraiek jai eredua ez dutela inondik inora kolokan jartzen eta jai ereduaren alde daudela, baina klaro, eske jai eredua Bilbok duen jai eredua da eredu mistoa, eta azken finean orain Inauteriekin gertatu dena argi uzten du beraiek ez daudela eredu mistoaren alde. Azken finean, jai eredu mistoa batzorde mistoak kudeatzen du eta batzorde horren erabakiak errespetatu egin behar dira. Baina muga Udalean jartzen baduzu beti, Udalak zer nahi duen eta zer nahi ez duenaren arabera egiten bada dena, hori ez da jai eredu misto bat.

Eta hori da salatzen duguna, orain bertan Azkunaren eta bere Udal gobernuaren partetik dagoen hipokresia.

Egitarauaz hitz eginda, zer prestatu duzue aurtengo Inauterietarako?

Ibai – Ostegun arratsaldean ordu erdiro Alde Zaharretik fanfarre edo txaranga ezberdin bat aterako da. Igandean indaba lehiaketa antolatu dugu. Gogoratu beharra dago iaz Udalak debekatu egin zigula urtero urtero egiten den lehiaketa hau egitea, bereziki urte gogorra izan zen iazkoa.

Gauza pilo bat debekatu zizkiguten, lehiaketak egitea, Alde Zaharreko dekorazioa jartzea,…

Itziar – Indabena orain dela urte asko egiten den lehiaketa da, baina orain bi urte orduko jai zinegotziak arazoak jartzen hasi zen eta egun batetik bestera beste toki batean egin behar zela erabaki zuen.

Horren aurrean guk Santiago plazan egitea eskatu genuen, hemen kalean sukaldatzeko filosofia egon izan baita betidanik, baina Udalak leku itxietara edo erdigunetik oso urrun dauden tokietara eramatea proposatu zigun horren ordez. Aurten ere Alde Zaharrean egitea galarazi digute baina azkenean lehiaketa gastronomikoa egiten den tokira eramatea adostu dugu.

Aurten ere lehen aldiz pontxe eta tostada lehiaketa egin duzue. Nondik sortu da ideia?

Itziar – Azken urteotan eragile ezberdinekin, eta bereziki ostalari eta merkatariekin, lan egiten aritu gara, jaiekin lotura zuzena dutela uste dugulako. Harreman dinamika horren barruan eurek, tabernari eta merkatariek, egindako proposamen batetik irten da pontxe eta tostada lehiaketarena.

Iaz debekatu egin ziguten baina aurten egin ahal izan dugu, eta oso arrakastatsua izan da. Inauteriak berotzen joateko asmoa duela esan dezakegu. Izan ere, Aratusteen hasieran banatuko zaizkie sariak irabazleei plaza Barrian.

Farolin eta Zarambolasen epaiketak emango dio hasiera festari, ezta?

Ibai – Bai, aurten lehendabiziko aldiz ere kalera, plaza Barrira, eramatea lortu dugu, beti egiten baitzen Zabalgune plazako merkatuan, toki itxi batean. Udal bandak jotzen zuen eta tartean, Farolin eta Zarambolasen epaiketa antzezten zuten, baina jendea musika entzutera joaten zen, eta gehienak mozorrorik gabe. Ez zuen lotura handirik Inauteriekin.

Horregatik bereziki garrantzitsua da jendea ekimen honetara joatea orain arte jende nagusia baino ez zelako joaten eta hainbeste kostatu zaigu hiritar guztiei zabaltzea…

Lehen gainera, ostiralean egiten zuten epaiketa, Inauteriak hasi eta egun bat geroago. Inauterien hasierako ekitaldia jaia hasi eta hurrengo egunean egiten zuten. Imajinatzen duzu Aste Nagusian txupina igandean jaurtitzea?

Horrelako lorpenak Batzorde Mistoan egindako lanaren ondorioa dira, baina zelakoa da lan hori, nolakoak dira batzordearen bilerak?

Itziar – Tratua nahiko egokia da. Giroak hobera egin du. Egia da orain gauza gehiago eztabaidatzen dira, baina askotan eztabaida bera erabat baldintzatuta dago hasieratik. Desfilearekin, esaterako, eztabaidatzeko aukera izan genuen, baina erabakia politikoa denean, aurretik hartuta dagoenean, zertaz eztabaidatuko duzu?