Hainbat ekimen antolatu dituzte Bilbon Euskararen nazioarteko egunaren harira

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak manifestazioa deitu du datorren abenduaren 1erako, Donostian, eta herritarrak gonbidatu ditu “euskaraz bizitzeko nahia kalean aldarrikatzera”.

Izan ere, euskararen alorrean administrazioaren aldetik “azken 30-40 urtetan aurrerapausoak eman badira ere, batez ere herri mugimenduak egindako lanari esker, ez dira nahikoak izan euskara normalizatzeko eta beharrezkoa da hizkuntza-politiketan jauzia emateko”, uste du Kontseiluak.

Horregatik, eta orain dela bi urte abiatu zuen “euskaraz bizi nahi dut” dinamikari jarraipena emanez, “euskaraz bizi nahi dugun” herritarren eskubideak bermatze aldera egungo “abagune ezin aproposagoa” baliatzeko eskatuko diete arduradun politikoei Donostiako kaleetan.

Baina Euskararen nazioarteko egunaren bezpera izanik, hizkuntzaren aldeko ekimenak Donostian ez ezik beste hainbat herritan ere izango dute islada. Bilbon, esaterako, egitarau txukuna prestatu dute Bilboko euskaltzaleek eta Euskal Herrian Euskarazek. Azaroaren 29an, esaterako, Atx Teatroa antzerki taldeak “Gabriel eta Gabrielle” euskarazko antzezlana eskainiko du Alde Zaharreko 7 Katu Gaztetxean. Azaroaren 30ean, berriz, Alde Zaharreko Euskararen Eguna ospatuko dute. 19:00etan kalejira egingo dute eta 21:00etan bertso afaria Gorka Ostolaza eta Aitor Arrutia bertsolariekin.

Zorrotzan ere Euskararen nazioarteko eguna dela eta Euskal Txokoak eta AEK-k Bertso Afaria antolatu dute azaroaren 30erako Eneko Abasolo Abarkas eta Gorka Lazkano bertsolariekin. Parte hartzeko, auzoko euskaltegian eman behar da izena.

Autobusak

Hurrengo egunean, larunbata, manifestazioa egingo dute Donostian “Euskaraz bizi nahi dugu” lelopean, 17:00etan Anoetako estadiotik abiatuta. Bilbotik hainbat autobus irtengo dira Donostiarantz. AEK-k esaterako, hilaren 28ra arte Kalderapeko kulturgunean (Txakur kalea 1) izango ditu salgai autobus txartelak, 10 eurotan. Halere, hainbat hezkuntza zentrotan ere autobusak antolatu dituzte.

Badator Euskararen Eguna!

euskararen-eguna-2011-kartela