Inauterietan ere, euskaraz bizi!

Urtero bezala, aurten ere Hau Pittu Hau konpartsako kideok Inauterietako ekitaldietan parte hartuko dugu. Egitaraua planez gainezka dator eta aspertzeko astirik ez dugu izango datozen egunotan.

Inauteriei hasiera emateko, ostegunean Farolin eta Zaranbolas-en epaiketa eta Trapu Zaharren kalejira izango dugu Zazpi Kaleetatik. Ostiralean, berriz, Bilbo Kantarin parte hartuko dugu; izan ere, hilabete honetan data aldatu egin da, Inauterietako egitarauaren barruan sartzeko.

Baina Inauterietako ekitaldirik ezagunena, desfilea dugu. Larunbatean izango da eta, aurten, berezia izango da.  Hamar urteren ostean, azkenean Bilbokoargazk Konpartsok Inauterietako desfilerako dagokigun lekua, Kale Nagusia, berreskuratu dugu.  Inauterietako desfile herrikoi eta parte hartzailea, bilbotar guztiona, herritarrok osatutako 50 taldeko baino gehiagok parte hartzen duen desfilea, azkenean Kale Nagusira bueltatzea lortu dugu.

Igandean, indaba lehiaketa eta Zuberoako maskarada izango ditugu Zazpi Kaleetan, eta Inauteriak amaitzeko, sardinaren erreketa izango da asteartean.

Konpartsakideok bagabiltza, azken asteotan, Inauterietako mozorroak  prestatzen, desfilerako koreografia entsaiatzen, prestaketetan murgilduta, giro onean eta, noski, euskaraz biziz. Jaietan, Inauterietan, zein urte osoan zehar, gu euskaraz bizi gara.

Eta zeuk ere euskaraz bizi nahi baduzu, geure konpartsa zeurea ere bada!  Inauterietan, jaietan, zein urteko sasoi guztietan ere, bizi euskaraz!

 

Leave a Reply

*