Epeltasunak epeldu du atxiloaldiaren hotza

Seinale batzuk ezabatzea leporatuta auzipetuak eta zigortuak izan diren Claver eta Ramirez de Aldak ez zuten babes faltarik izan asteburuan. 80 lagun bildu ziren bertso bazkarian eta 300 pasatxo manifestazioan. “Espaloitik” ez direla jaitsiko berresteaz bat, “euskararen alde egotetik, alde egitera” pasatzeko deia egin zieten euskaldunei. Larunbatean ere izan zen ekimenik.

Elkartasunak epeldu du atxiloaldiaren hotza

Sei mila euroz gaindiko isuna ordaindu ostean 48 orduko lokalizazio iraunkorra betetzen ari diren Altsasuko EHEko kideak euskaltzale andanaren elkartasuna eta babesa jasotzen ari dira.

Goizeko lehen ordutik aurrera hainbat izan ziren Altsasuko Gure Etxea eraikinera hurbildu zirenak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriati edota Altsasuko Alkatea tartean. Euskal Herriko beste herri eta auzoetatik bertaratutako EHEko hamarnaka kideez gain, herriko bizilagunek ere auziperatuen alboan egon nahi izan zuten. Zentzu berean, Sakanako Ernaik elkarretaratzea egin du eguerdian.

Horren ostean, Xabier Silveira eta Eneko Lazkoz bertsolarien hitzak eta doinuak lagun, bertso-bazkari umoretsuaz gozatzeko parada izan zuten mahaiaren bueltan ziren 80 bat lagunek.

Berau bukatu eta gutxira, iluntzeko 18:30ak aldera hasi zen “Euskaraz bizitzeari zigorrik ez. Ezabatu eta euskaraz bizi!” lelopean Altsasuko kaleak zeharkatu zituen manifestazio jendetsua. 300 euskaltzale pasatxo bildu zituen mobilizazioak abiapuntu izan zuen lekuan bertan, Foruen Plazan bukatu zuen ibilbidea.  Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda auzipetuak Gure Etxea eraikineko balkoi nagusian ziren manifestarien zain ekimenari txapela jarri zion idazkia irakurtzeko prest.

Zigorrak zigor “espaloitik” ez direla jaitsiko ozen aldarrikatzeaz gain, euskaldunei “euskararen alde egotetik euskara alde egitera” pasatzeko deia egin zieten.

Aldarrikapenaren ondotik iritsi zen berriz ere festarako tenorea. Pintxo-potea bukatuta, gaueko 22:00ak aldera hasi zen Kinada taldearen kontzertua. Karaokearekin eman zitzaion bukaera gaurko eguneko egitarauari.

Hala ere, Altsasuko EHEk aste osorako egitaraua prestatu zuen, eta igandean (azaroak 24) ere izan zen ekimenik. Horien artean azpimarratzekoa izan zen Eneko Garaialdek “Desobedientziatik intsumisiorantz: bide bat” goiburupean eman zuen hitzaldia.

Euskaraz bizitzeagatik zigortuta
Altsasuko EHEko Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda 48 orduko lokalizazio iraunkorrera eta 6.000 euroz gaindiko isuna ordaintzera kondenatu zituzten iaz, trafiko seinale batzuk ezabatzea leporatuta, ekintza konkretu bakar bat ere frogatu ez zen epaiketa baten baitan.

Asteazken gauerditik igande gauerdira bitartean bete zuten zigorra Ramirez de Aldak eta Claverrek. Alta, atxiloaldia euren etxean bete ordez, Altsasuko Gure Etxea eraikinean bete zuten beste hainbat euskaltzalerekin batera. Euren helburua, baina, ez zen “azpiratu nahi gaituztenen zigorra betetzea”, epaiari buelta eman eta 48 orduok euskaraz bizitzearen alde egiteko baliatzea baizik.

Iturria: www.euskalherrianeuskaraz.org

Leave a Reply

*