Hamar urte dira “Euskaldunon Egunkaria” itxi zutenetik

“Behar zaituztegu oraindik” esan du Joan Mari Torrealdaik Martin Ugalde Kultur Parkean “Euskaldunon Egunkaria”-ren itxieraren 10. urteurren egunean. Andoainen egindako ekitaldian Egunkariaren zauriari odola dariola oraindik esan du eta hori itxi beharra aldarrikatu. Bertan izan dira “Egunkaria auziko” auzipetuak, langile ohiak, baita hainbat arlotako eragile eta ordezkariak ere, baita Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao ere. Juan Mari Torrealdaik gogorarazi du oraindik auzi ekonomikoa zabalik dagoela, eta guztion babesa eskatu du, auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte. Zortzi auzipetu daude Euskaldunon Egunkariko auzi ekonomikoan: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena. “Berria” kazetak webgune berezia egin du Euskaldunon Egunkaria auziaz. Horretaz gain, #Egunkaria10Urte etiketarekin ari dira itxiera gogoratzen Twitterren.

Gaur bete dira 10 urte, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuenetik. Xabier Oleaga Erandioko semea, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai epaitu zituen Auzitegi Nazionalak, 2009ko abenduan hasi eta 2010eko otsailaren 1ean amaituta. Fiskalak nahiz defentsak absoluzioa eskatu zuten auzipetuentzat, “Egunkaria”k ETArekin loturarik izan ez zuela-eta, eta Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek, berriz, 12 eta 14 urte arteko espetxe zigorrak. Bada, 2010eko apirilean emandako ebazpenean Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen: hala ere, auzi ekonomikoa zabalik dago oraindik. Baina, hori ez da Auzitegi Nazionalean epaituko, Gipuzkoan baizik. Jose Maria Vazquez Honrubia epaileak gaur kaleratutako autoan “Egun Karia” (sic) itxi zuteneko auzi nagusian absoluzio epaian “delitu terroristaren” zantzurik agertu ez zenez, auzi ekonomikoa epaitzeko eskuduntzarik ez zuela deliberatu zuen. Hori dela eta, 2003tik izan zuen espedientea Donostiako Epaitegi Dekanotzara eskualdatu zuen, Gipuzkoan dagokion epaitegiari banatu ziezaioten. Bere aldetik, Dignidad y Justicia herri akusazio bakarra Egunkariaren auzi ekonomikotik kanpo utzi zuen behin betiko 2011ko abenduan Donostiako Auzitegiak. Epaitegiak adierazi zuen talde ultraeskuindarrak ez duela zilegitasunik Egunkariaren auzi ekonomikoan herri-akusazio izateko, bertan ez delako terrorismo deliturik epaitzen.

Leave a Reply

*