Berbalagunen mintza-poteoa Plaza Barritik hasita

Euskara ikasteko helburuarekin astean behin biltzen diren berbalagunek hitzordu berezia izango dute otsailaren 13an, asteazkena, izan ere, leku itxi batean bildu baino, “mintza-poteoa” egingo baitute Plaza Barritik hasita, Bilboko Branka agerkari digitalak zabaldu duenez.

Zazpikaletarrok taldeak mintzalagunei kalera ateratzeko gonbitea luzatu die elkar ezagutzeko asmoz. Orain arte leku itxietan zein talde txikietan batzen ziren eta kalera atera eta “mintza-poteoa” egitearen ideia garatu dute “euskara gehiago egingo” dutelakoan.

Beraz, ekimenaren helburua euskaraz egitea izango da baina lagun arteko giroan. Gauzak horrela, otsailaren 13an, 19:00etan Plaza Barrian batuko dira Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean, eta Arkaitz Estiballes Bizkaiko Bertso Finaleko irabazleak egingo ditu mintzalagunen arteko aurkezpenak eta bere esku egongo da euren arteko elkarrizketak bultzatzea.

Leave a Reply

*