Olentzero

Uribarrin goizeko 11:15ean hasiko dute Olentzeroren eguneko jaia. Gozaldi Skout taldea Traukoko errotondatik abiatuko da Olentzerori abesten eta 17:30ean, Olentzeroari ongi etorria eman eta txokolate beroa banatuko dute. 19:00etan, Morazatik Uribarrira igoko dira Olentzerorekin eta 19:30ean, Uribarri kalearen amaieran gaztainak jateko aukera egongo da.

Txurdinagako Olentzeroa goizeko 11:00etan, Bake Toki elizatik kalejiran aterako da trikitilari eta txistulariez lagunduta. Ondoren, Fernando Jimenez kaleko zaharren egoitzara abiatuko da eta bertatik, Julian Gaiarre kalean gora egingo du Ondarroako pazara heldu arte. Gero Garaizar aldera joango da kalejiran, 12:30ak aldera Arbidea plazara heltzeko. Han, umeek euren eskutitzak helarazi ahalko dizkiote eta txokolatea jan ondoren, puzgarriak eta tailerrak jarriko dituzte.

Egun berean, Deustuko Done Petri plazan umeentzako tailerrak egingo dituzte 12:00etatik aurrera; 17:30ean kalejira abiatuko da auzoan zehar Olentzero eta Mari Domingirekin eta bukatzean, txokolatea banatuko dute bertaratzen diren lagunen artean. Jai Batzordeak, beste hainbat auzotan bezala baserritarrez jansteko deia luzatu du.

Zurbaranen, Olentzero arratsaldeko 18:00etan agertuko da Larrazabal baserriko plazan. Auzoan zehar kalejira egin eta gero JK Tabernak eskainiko duen gastronomia-dastaketara hurbilduko da 19:00ak aldera; eta ordu berean, umeek Olentzeroren txapa tailerrean parte hartu ahalko dute.

Santutxun ere, Mari Domingik hartuko du parte abenduaren 24ko jai egunean Olentzerorekin batera. 17:00etan, Basarratetik abiatuko dira biak kalejira musikatuan auzokideekin batera. Ondoren, Karmelo plazan hitza hartuko dute eta umeek dantzatu eta abestu ondoren, euren gutunak emateko aukera izango dute.

Leave a Reply

*