Wert-en proposamenaren ordez ikasle euskaldunak sortuko duen hezkuntza nahi du Kontseiluak

Argazkian, gaurko agerraldia / © Kontseilua.

Kontseilua osatzen duten hezkuntza sektoreko ordezkariek, idazkari nagusiarekin batera agerraldia egin dute gaur Bilbon, Espainiako Hezkuntza ministroak aurkeztutako proposamena salatzeko. Hauekin batera, Kontseiluko bazkideak eta hezkuntza sektoreko hainbat eragilek hartu dute parte agerraldian. Estatuaren eraso larritzat jo dute Jose Ignacio Wert-en proposamena eta eskolak euskaldundu dezan Kontseiluak egindako proposamena indarrean jartzea eskatu dute. “Lehenik eta behin adierazi nahiko genuke Wert-ek aurkeztutako zirriborroak hari mutur asko badu ere, gurea bezalako hizkuntzei eraso zuzena egiten diela; besteak beste, azken hamarkadotan gure herrian ikasle euskaldunak bermatu dituen hezkuntza-eredua kanpoan utz dezakeelako”, esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Wertek iragarritako legea abian jarriz gero, euskararen normalizazioan egongo liratekeen kalteez hitz egin du Bilbaok: “gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan inflexio-puntua gerta liteke eta urteotan emandako hainbat aurrerapauso baliogabetuko lirateke, eta gure hizkuntzaren etorkizuna bera arriskuan jar lezake. Finean, aski ongi dakigu hezkuntzatik zer nolako ekarpena egin zaion gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesuari, eta iturri hori itxiz gero, ikastetxeetatik sortzen diren euskaldunen kopuruak behera egingo luke nabarmen. Hortaz, Estatuaren erasoa dela zalantzarik ez dugu. Tamalez, bestelako erasoak ere pairatu ditu gure hizkuntza-komunitateak, eta oraindik ditugu gogoan duela hamar urte euskara hutsezko egunkaria itxi zuteneko irudiak, eta beste hainbat gertaera”.

Pasa den otsailean, Kontseiluaren Batzar Nagusian Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena aho batez onartu zirenean horren konstantzia ere bazutela esan du Bilbaok eta orduan egindako hitzak bergogoratu ditu: “hainbatetan ikusi behar izan ditugu herrigintzatik sortutako proiektu bortxaren bidez ixten, gure lana baldintzatzen, bai eta eragozten ere. Estatuek egiturazko galga jartzen diote gure hizkuntzaren, eta ondorioz, gure herriaren normalizazioari. Batzuek erabakitzen dute noiz, norekin eta nora erabil edo ikas dezakegun gure hizkuntza. Batzuek, boterea erabiliz, erabakitzen dute gure herriari nola deitu behar diogun”.

Hartara, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak aurkeztutako proposamena hor kokatu behar delakoan dago Kontseilua.

Euskaraz bizitzeko oztopoa

Duela hamar egun Donostian egindako manifestazioari erreferentzia egin dio Kontseiluko idazkari nagusiak. “Milaka herritar nahi bati lotu zitzaien, lotu gintzaizkion: Euskaraz bizitzeko nahiari hain zuzen ere. Are gehiago, nahi hori benetakoa izan zedin nondik jo behar zen aldarrikatu genuen: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioak euskalduntzea. Argi dago, Werten proposamen honek ezagutzaren unibertsalizazioa oztopatzeko tresna dela”.

Kontseiluak duela urte batzuk aurkeztu zuen ikasle euskaldun eleaniztunak lortzeko zein eredu jarri beharko litzatekeen abian. “Hor ere esan behar dugu, ondoan ditudan eragileek hamarkadotan izan duten eskarmentuari esker lortu genuela proposamena osatzea. Hor jasotzen da gure herria euskaldunez betetzeko, ezagutzaren unibertsalizaziora iristeko hezkuntzatik zein ekarpen dugun beharrezko. Horrexegatik, proposamen hau abian jartzeko unea iritsi dela irizten dugu”, aldarrikatu du Kontseiluko arduradunak.

Kanpo esku-hartzea

Euskal erakunde eta alderdiei eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko eskatu die Kontseiluak, euskal jendarteak garatu duen sistema blindatzeko eta euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredua babesteko. “Ezin egon gaitezke erasoen mende, ezin dugu aurrera egin Damoclesen ezpata behin eta berriro sama gainean jartzen badigute. Duela hilabete batzuk aski garbi esan genuen kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea bermatu behar zaigula, bestela kanpoko esku-hartzeak eta erabakimenek gure proiektuak baliogabetuko dituztela, eta hemen dugu adibide argia. Hartara, euskararen marra gorriei beharrezkoa duten zentralitatea emateko garaia heldu dela uste dugu. Eta zentralitateaz gain, beste behin esan behar dugu babesa behar dela, azken hamarkadotan hezkuntzan eraiki diren proiektu guztiak blindatzeko garaia heldu da”.

“Guk geureari eutsiko diogu, hizkuntza-komunitateari hiztunak ekartzen jarraituko du euskalgintzak, azken hamarkadotan egindako lanari jarraitzeko konpromiso sendoa adierazi nahi dugu, baina horretarako babesa behar da, eta babes hori publikoki eskatu nahiko genuke. Abenduaren 1ean Donostian adierazi bezala, euskalgintzak ilusioz, determinazioz, gogoz eta pasioz lan egiten jarraituko du, eta horri erantzungo dion blindajea beharko dugu, inoiz baino beharrezkoa horrelako erasoei aurre egiteko gizarte eragileen, eragile sindikalen, eragile politikoen eta instituzioen arteko elkarlan trinkoa”, amaitu du Bilbaok.

Leave a Reply

*