Euskaraz lan egin nahi dutela aldarrikatu dute

Eremu sozioekonomikoan euskaraz bizi nahi duten hainbat herritarrek agerraldia egin dute Donostian. Lan munduaren euskalduntzean lan egiten duten profesionalek eta hainbat herritarrek arlo honetan ere euskaraz bizi ahal izateko eurek egiten duten ahalegina aitor diezaieten eskatu diote Administrazioari eta horretarako beharrezkoak diren neurriak har ditzan. Euskaraz bizitzeko nahia abenduaren 1ean euskaraz bizi nahi dugu lelopean egingo den manifestazioan aldarrikatuko dutela esan dute eta bertan parte hartzeko deia ere egin diete herritarrei.

Azken aste hauetan Kontseilua aurkezten ari den beste kasu baten berri eman du prentsaurrekoan Saioa Rodriguez Kontseiluko komunikazio buruak eta bideo laburra erakutsi dute horretarako. “Lekarotzeko Nekane Mitxelena da entzun eta ikusi ahal izan duguna. Lanbide heziketako ikasle zeneko garaian bizi izan zituenak eta gaur egun lan munduan bizi dituenak konpartitu ditu gurekin”, esan du.

“Berak kontatzen duena ikusi dugunean, zoritxarrez, gutako askok gure burua identifikatua sentitu dugu eta ez garela bakarrak ere esan dezakegu. Izan ere, horrelako egoerak ohikoak dira Euskal Herrian. Nekanek esan duen bezala, gutxiagotua izatea, arraro sentitzea, arraro sentiarazten gaituztelako gure herrian bertan… euskaldunak sufritu behar izaten dituen ohiko egoerak dira. Amorrua ere aipatzen du Nekanek, euskaraz ezin ikasi ahal izateagatik. Sentimendu asko dira horrelako egoerek biziarazten dizkigutenak, bai horixe”, esan du Rodriguezek.

Egunerokoan egin behar izaten ditugun egitekotan maiz euskalduna bigarren mailako herritar gisa tratatua izaten da eta ezin izaten dugu gure jarduna bere osoan euskaraz egin, baina aitzitik, euskaraz bizi nahi dugun herritarrak asko garela esan du Kontseiluko kideak. “Gero eta gehiago dira, determinazioa erakutsiz aurrera egiten dutenak, Nekaneren kasuan ikusi dugun bezala. Biziarazi dizkioten egoerak edozein izanda ere, oztopoak bizi izanagatik ere aurrera egin duela aipatu du eta aurrerantzean ere horrela egingo duela berretsi. Gainera, Nekane ez dago bere bide horretan bakarrik, euskaraz bizi nahi dugunak ez gaude bakarrik, komunitate bat osatzen baitugu”.

Heziketa prozesu eta lan munduaz aritu da gaur Kontseiluko ordezkaria, baina lehen esan bezala, gure egunerokoan beste hainbat eremutan ere gisa honetako egoerak bizi ditugu. Hori horrela, abenduaren 1eko manifestaziora bitarte, astero, asteazkenero kasu berri bat aurkeztu du Kontseiluak. Gaurkoaren aurretik, osasun alorra eta helduen euskalduntze alfabetatzea landu dira.

“Lan munduaz ari gara gaur, hain zuzen ere, pertsonon egunerokoan ardatza delako. Nakaneren kasua aipatu dugu orain arte, baina gaur hemen bildu garenok, lan munduaren euskalduntzean indar egin nahi dugu, horretan egiten dugu lan”, adierazi du Saioa Rodriguezek.

Euskara-planen mapa eta Bai Euskarari Ziurtagirien ebaluazioa aztertuta, egoera zailenean ere enpresa askok beren burua euskalduntzeko eta euskaraz jarduteko ahaleginari eutsi diotela esan daiteke. Urtez urte gainera, enpresa berriak gehitzen joan dira bide horretan. ”Duela 20 urte pasatxo zenbait enpresak konpromiso honi heldu zionetik, gero eta enpresa gehiago ohartu da, bezero euskaldunengana heltzeko, gizarte erantzukizunez jokatzeko, euren langileak motibatzeko eta inguruneari balio erantsi bat eskaintzeko, euskaraz lan egiteko urratsak emateak euren negozioak aberasten dituela. Are gehiago, asko dira ohartu direnak produktu eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeak euren negozio-aukerak handitzen dituela. Izan ere, bezeroarengandik hurbil jartzen ditu euskarak, eta, horrenbestez, bezeroak fidelizatzeko nahiz berriak lortzeko tresna izan daiteke. Gainera, lehiakideengandik bereizten eta lehiakorrago izaten laguntzen die euskarak”.

Dena den, hori ez dela nahikoa esan du Kontseiluko komunikazio buruak eta urrats berriak behar ditugula gaineratu du. “Gaur egungo bidetik, ezin zaio herritarren eta langileen nahiari epe onargarri batean erantzun, horrela ezin dira herritarren hizkuntza-eskubideak epe labur-ertain batean bermatu. Lan-munduaren euskalduntzean zeresana duten eragile desberdinek urratsak eman behar dituzte”.

Urte hauetan guztietan ez da nahikoa oinarri eraiki lan-mundua osoki euskalduntzeko eta boluntarismoan oinarritutako politikek eta arlo honetan eginiko sustapenak emaitzak eman baditu ere, emaitza horiek mugatuak izan dira, hortaz, arlo horretan euskararen erabilera normalizatuko bada, bestelako oinarri batzuk ezartzen hasi beharra dugula.

Horregatik guztiagatik, abenduaren 1eko manifestaziorako deialdia egin dute agerraldia amaitzeko. “Arrazoi ugari ditugu egun horretan euskaraz bizi nahi dugunok gure aldarria kalean egiteko. Euskaraz lan egin nahi dugulako, euskaraz bizi nahi dugulako egongo gara Donostian abenduaren 1ean. Beharrezkoa dugulako esparru guztien euskalduntzea eta herritar guztien euskalduntzea bermatzea”.

Leave a Reply

*