Suak datorren urterarte agurtu du Marijaia

Iturria: Bilboko Branka

Oso Aste Nagusi parte hartzailea izan da aurtengoa eta Azkunak Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei ezarritako bi urteko zigorraren ostean jaia normaltasunera itzuli da. Gaixorik dauden presoen aldeko keinuak ugariak izan dira aurtengo jaietan.

Marijaiaren erreketarekin amaitu egin zen atzo 2012ko asterik luzeena. Ibaizabalen behera eginiko jaitsierarekin 500 ekitaldi baino gehiago izan dituzten jaiei agur esan zieten Areatzako eta Udaletxeko zubien inguruetan bildutako milaka lagunek.

Zuriz jantzitako 28 arraunlarik, Deustuko arraunlari taldekoak, eraman zuten bi trainerutan, Aste Nagusiko pertsonaiarik ospetsuena “Agur Marijaia” kantaren doinuek lagunduta.

Virginia Berasategi pregoilaria eta Nerea Orizaola txupinera Marijaia lagundu zuten ibaian behera eta erreketa pizteaz arduratu ziren. Berasategik olerki bat eskaini zion eta ezin izan zion emozioari eutsi irakurri zuenean.

Konpartsa guztiak

Aurtengo jaietan konpartsa guztien presentzia normalizatua bermatu da behingoz, Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsek txosna jarri ahal izan baitute berriro Udalak ezarri zien bi urteko debekua bete ondoren.

Euskal presoak ere, eta larri gaixo daudenak batez ere, oso presente egon dira jaietan, Auzitegi Nazionalak Herrira mugimenduak ostiralerako deitua zuen Marea Urdina, larri gaixo dauden presoen eskubideen aldeko manifestazioa, debekatu bazuen ere.

Egunero elkarretaratzea egin izan dute mugimenduko kideek eta jai eremuan ere ugariak izan dira minbiziak jota oso larri dagoen Iosu Uribetxeberria preso arrasatearraren aldeko keinuak eta ekintzak. Besteak beste, 18 lagunek 48 orduko baraualdia egin dute Uribetxeberriaren askatasuna galdegiteko.

Leave a Reply

*