Barnetegi bereziena

Iturria: Berria

Argazkian, Barnetegi Eguna ospatu genuen atzo, besteak beste bazkalduz.

Hamahiru lagun berri dabiltza egunotan Hau Pittu Hau konpartsan txandak egiten, jarduerak antolatzen eta parrandaz gozatzen. Udako barnetegi berezienetako bateko ikasleak dira. “Konpartsara jende berria erakarri nahi genuen, baina, era berean, konturatu ginen jendeak ez dakiela konpartsetan nola sartu barruan lagunik ez badauka», azaldu du Xabi Erkiagak, Hau Pittu Hauko kideak. Barnetegia martxan jartzea bururatu zitzaien, haien filosofiarekin bat datorrelako, Koldo Rodriguez konpartseroak gaineratu duenez: “Euskaraz bizi nahi dugu, eta euskaraz bizi gara. Eta ikasten dabilen jendeari askotan falta zaio pauso hori, praktikan jartzeakoa. Jaiak euskaraz bizitzeko gune bat eskaini diegu”.

Egitasmoa jakinarazteko, kanpaina txiki bat egin zuten maiatzetik aurrera, “jaietan parte hartu eta txosna barrutik ezagutu nahi zutenentzat”, eta ezustekoa hartu zuten izena hamahiru lagunek eman zutela ikusita. Uztaileko Konpartsero Egunean ezagutu zuten elkar, eta Aste Nagusia hasi bezperan ere bildu ziren. Hortik aurrerakoarekin ezin kontentuago dago Erkiagak: “Denak oso jatorrak dira, parte hartzeko gogoz etorriak; aste osoan ibili dira ekintzetan parte hartzen, laguntzen, txandak egiten, mozkortzen… eta kristoren giroa jarri dute”. “Eta euskaraz bizi daitekeelako zantzuak jaso dituzte”, erantsi du Rodriguezek. Hain zuzen, atzo egin zuten Barnetegi Eguna: bazkaria, Aste Nagusian gertatutako istorioen kontaketa, sagardo dastatzea, erromeria…

25. urteurrenarekin uztartuta

Emaitzarekin, beraz, oso pozik daude. Konpartsa bat mugitzeko pertsona asko behar direla nabarmendu dute, eta kide berriak, antza, jarraitzeko gogoz dabiltza. “Azkenean, konpartsak eraberritu behar dira», esan du Rodriguezek. Berak 17 urte daramatza Hau Pittu Haun; aurten, mende laurdena bete du konpartsak. Xabi Paiak idatzitako eta Luz de Putas eta Fermin Muguruzak musikatutako abestiaz ospatu dute. Astelehenean, Hau Pittu Hau Eguna antolatu zuten, eta konpartsaren sortzaileak gonbidatu zituzten. «Baina urte hauetan ezer gutxi aldatu da; esentziari eusten diogu”.

Leave a Reply

*