Udal langileen erdia baino ez da gai euskaraz erantzuteko

Iturria: Bilboko Branka

Bilbo da euskararen normalizazioan Bizkaiak duen oztoporik handiena, Soziolinguistika klusterrak ezagutzera eman berri dituen datuen arabera. Euskararen erabilpena Bizkaiko hiriburuan geldiune batean sartuta dago azken bi hamarkadetatik hona.

Geldialdi horren adibide da Bilboko Udala. Udal langileetatik erdia baino ez da gai herritarrei euskaraz erantzuteko, Sabin Anuzita Euskara, Gazteria eta Kirol zinegotziak jakitera emandako datuek agerian uzten dutenez.

Udal Gobernuaren ordezkariak dioenez, “hizkuntza politika bizia behar dugu erabilera sustatzeko eta erabiltzeko aukerak sortzeko, bere erabilera bermatuz eta bultzatuz”.

Udalak kontrakoa dioen arren, euskaraz artatuak izan nahi duten herritarrek zailtasun ugari aurkitzen dituzte beren tramiteak egiterakoan. Legea ere aurka dute euskaldunek, euskara menperatzen duten langile publikoen bataz bestekoa %28 mugatzen baitu udalen kasuan.

Udal langileen %40ak baino ezin du egiaztatu legeak behartzen duen euskara maila. Beste %10 euskaraz aritzeko eta ulertzeko gai da, zinegotziak dioenez. “Euskal hiztunek edozein leihatilatan euskaraz aritu daitezkeela bermatzea euskara serio hartzen dugunaren sintoma da, bai udal mailan, funtzionarioen bitartez, baita maila sozialean ere”, dio Anuzitak.

“Euskara gure herriaren elkarbizitzan apustu argia izan behar du. Administrazio garen heinean euskararen sustatzaile izan behar dugu, ez begirale soil”, uste du zinegotziak.

Halere, EAJren hautetsia unibertso paralelo batean bizi dela dirudi, egindako adierazpenak eta euskararen erabileraren egoera hiriburuan kontrako norabidean baitoaz. Soziolinguistika klusterrak joan den hilean argitara emandako datuei erreparatuta, Bilbok eragiten du Bizkaiko euskaldunen bataz bestekoak behera egitea.

Datuek agintzen dutenez, 1991tik euskara erabiltzen dutenen portzentajeak gora egin du Bizkaian eta erdaraz besterik ez dakitenen kopurua aldiz, ia hamar puntu jaitsi da. Baina Bilboko datuak okerragoak dira: %3,1 dira gehienbat euskaraz egiten dutenak eta %83,6 erdaraz bizi direnak.

Leave a Reply

*